Sare sozial digitalen kontuan, dena hasi zen joko baten moduan. “Begira zein erraza den txikitan kanpaleku hartan ezagutu nuen pertsonarekin harremanetan jartzea 25 urte beranduago! Begira non egon den zure lankidea asteburuan! Begira zein erraza den familiakide bati azken momentuko abisua ematea dena delako hori egiteko!”, etab, etab. Izan ere, garapen teknologikoek duela gutxira arte ezezaguna zen aukera-mundu bat jarri zigun muturrean, eta guk ontzat eman genuen hori guztia pagotxa zelakoan (ezagutzaren demokratizazioa, ondo pasatzeko modua…). Are gehiago, amua irentsi genuen. Eta gero eta gehiago erabiltzen hasi ginen, harik eta gutako asko sare sozialen dependiente izan arte.
Baina beti daude (zorionez!) ahots kritikoak. Eta horiek jakinarazi ziguten sare sozialetan dena ez zela ematen zuena. Gainera, sare sozialek erpin ugari dituztela azaleratu ziguten: postureoa, extimitatea (artikuluak irakurrita ikasi dudan hitza!), ziberjazarpena, identitatea lapurtzea, informazioaren salerosketa, fakwnewsak, gaininformazioa… Era berean, ikusi genuen ezer ez dela kasualitatea eta haiek sortutako ezkutuko algoritmo batzuek erabakitzen dutela guk zer informazio jasotzen dugun (ikus The Social Dilemma). Eta “haiek” esaten dudanean, esan nahi dut sistema patriarkal, matxista eta sexista betikotzen dutenek jartzen dituztela algoritmo horiek. Ondorioz, jasotzen dugun informazioa haien parametroen araberakoa da; ez-osoa. Horrexegatik da garrantzitsua sarea hezkidetzaz betetzea; dela Wikipedia moldatuz, dela emakumeak balioetsiz, dela tratu onen kultura barreiatuz… Hezkidetza zenbat eta gehiago barreiatu, orduan eta zailagoa egingo zaie ezkutatzea.
Esan ohi da sare sozialak errealitatearen isla direla. Bada, egin dezagun “gure” errealitatearen isla izan daitezela; izan ere, “gure” errealitatea ere egon badago eta gero eta indartsuagoa izan behar da. Praktika dezagun ziberaktibismo hezkidetzailea konplexurik gabe inork ez dezan geldi gure mezua.
Azkenik, ama eta irakaslea naizen aldetik, etorkizuneko erronka zein den argi daukat: gazteei (eta nire umeei) erakutsi behar diegu sare sozialak modu kontzientean erabiltzen (betiere, neurriz). Baina horrekin batera irakatsi beharko diegu kritikoak izaten, gorago aipatutako erpinak antzematen eta sare sozial digitalak erabilera ludikotik haratago eramaten Horretarako, ezinbestekoa da guk geuk (guraso eta irakasleok) honen guztiaren berri izatea eta, jakina eredu izatea.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina