2020/10/18

ZIBER ESPAZIOA EMAKUMEONA ERE BADA!

Aurrez ezagunak nituen zenbait datu argudiatuta irakurtzeak duten pisuaz jabetzera eraman naute. 
Sare sozialetan gizonezkoen presentzia nabarmenagoa zela banekien baina ez nintzen inoiz jarri pentsatzen honek duen eraginaz. 
Kristalezko zoruaren kontzeptua dago berriz ere hemen. Emakumeak unibertsitateko ikasketak egitera iritsi gara, presentzia handia lortu dugu hor baina ez espazio guztietan berdin. Rolen banaketa hezurmuineraino nola sartua dugun ikusteko beste ispilu bat da hau.
Honekin lotuta “STEAM” etan emakumeek duten presentzia txikia bazela banekien, Hezkuntza Sailetik ere azken denbora honetan horrekiko egiten ari diren apustuaz ere ezagutza banuen baina gaurko irakurgaiei esker hau guztiaren beharra ulertu dudala uste dut.
 Bestalde Sare sozialak espazio publiko direla eta harremanetarako sare badirela ulertu dut.
 Errealitatearen parte direla.
 Honek dituen arrisku guztiak kontutan izan behar ditugu uneoro bai, baina alde onak ere badituela ikusi behar dugu irakasleok eta tratu onen heziketarako bidea egiten hasi.  
Curriculum ezkutuaren kontzeptua ez zait arrotza ez , baina agian ez dut ariketa sakonik egin nagoen errealitateko curriculum ezkutua ezagutzeko.
 Irakasleon heziketa eta begirada hezkidetzailearen beharra nabarmen ikusi dut irakurgai hauen ondorioz eta pozten naiz horretarako bidean jarri naizelako. 
Begiradatik pausu bat haratago dago ekintza eta hor kokatzen dut Ziberfeminismoaren garrantzia. Niretzako kontzeptu berria izan da hau eta logika guztia duela iruditu zait egungo egoeran.
Behar berriei ekintza berriekin erantzun behar zaio eta!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina