2020/10/19

Ez da kasualitatea

‘Neskak eta emakumeak garapen teknologikotik at daudela erakusteko ez dago distopiarik asmatzeko beharrik. Nahikoa da egungo espazio sozial arrunt baten paisaia ezagunari begiratu bat ematea’ dio Larrinagak[1]eta hala egin dut nik ere nire inguru gertukoarekin ikerketa-paisaia.

Nire gertuko ingurua aztertzeko neskez osaturiko WhatsApp talde bat hartu dut eredu (teknologiaren haria jarraiki). 11 emakumez osatutako taldea da hau, nolabaiteko ‘Kuadrila’ kontzeptua jarri zaiona eta nire lagina bihurtu dena hausnarketa honetarako.

11 horietatik bik baino ez dute tekno-zientziekin loturiko ikasketak egin, ingeneritza industriala eta ingeneritza informatikoa. Beste batek, arkitekturako ikasketak egin ditu. Gainerakoan, imajinatu dezakezue, ezta? Alor femeninizatuetako ikasketak burutu ditugu. Ez da kasualitatea. Baina badirudi, ikasketak generoaren arabera egiten direla hausnartzea ez dela kontu berria (naiz eta aldaketa oraindik ere txikiak izan). Zer gertatzen da, ordea, sare sozialekin?

Sare sozialei dagokionez ere, ez da kasualitatea honako hau: nire lagineko emakumeen sare sozialeko jardun gehiena Instagram aplikazioan egiten da. 11 emakume horietatik ia guztiek (batek soilik ez du aplikazio hau eta ingeneritza industrialeko ikasketadun berbera da) dute Instagram kontua. Honetan egiten duten erabilera ez da berdina denena, batzuek gehiago eta beste batzuek gutxiago. Baina finean, guztiek gustuko dute (dut) euren argazkiak erakutsi, atsegin ikurrak jaso eta egin ari garen horri buruzko iritziak biltzea. Bakar batek ere ez du ordea, iritziak partekatzeko Blog bat. Bik soilik dute Twitter kontua (horietako bat ni naiz) eta esango nuke ez dutela (dudala) gauza askorik idazten.

Ez da ezer kasualitatea, baino, oraindik ere zurrunbiloan gabiltza. Oraindik ere garrantzia handiagoa ematen digu itxurari eta onarpen sozialari (Instagram) eta zer pentsatua ematen digu besteek usteko dutena (Blog/ Twitter). Zentzu honetan, sareei buruz hitz egitean Gabilondok[2] aipatzen duen harremanen gakoa garrantzitsua iruditzen bazait eta, nik parte-hartzean jarri nahi nuke fokua. Sare sozialetako parte-hartze kuantitatibo eta kualitatiboan emakumeen eta gizonen parte hartzea berdindu dadin.

Horretarako zer egin? Ba neuregandik hasi beharko dut agian, txiokatu nahi dudanetan, egin nahi dudan hori mila aldiz pentsatu gabe egiten.

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina