2020/10/31

HALA BAZAN TA EZPAZAN....


Horrelaxe amaitzen ziren amonak kontatzen zizkidan ipuinak. Kalabaza batean sartuta eta Andoaingo plazan. Hamaika istorio, beste horrenbeste pertsonaia eta milaka kontakizun amaiera berdinarekin borobilduak izaten ziren haren etxeko sukaldean. Galdera bat geratzen zitzaidan niri erantzunik gabe: eta gero, zer? Amona, zer pasatzen da gero? Zer gertatzen zaio Errauskiñeri? Eta Errekamariri? Edurnezurik eduki al zuen, noizbait bederen, etxeko garbiketarik egin gabe arratsalde batean bere lagunekin kafea hartzera joateko denborarik?

Kulturen transmisioan eta jarreren moldaketan tresna erabilgarriak  dira ipuinak. Ana Couñago (2020) psikologoak esanten duen moduan:

"Durante años, los cuentos clásicos han ayudado a perpetuar los estereotipos de género, transmitiendo unos mensajes totalmente sexistas pues, en ellos, el hombre es presentado como el aventurero, el valiente, el héroe de la historia, mientras la mujer es representada como un personaje pasivo, que espera que le salven de la malvada madrastra o de algún otro peligro."

Badakigu, sexu-genero sistema transmititzeko eta bidegabekeriak normalizatzeko mendeetan zehar oso erabiliak izan dira. Hiru senarren ipuina entzun eta hausnarketan ibili ondoren, nire pentsamenduan zuekin elkarbanatu nahiko nituzke. Gaurkoan, blogera Errekamariren ipuina eta Errauskiñerena ekarri nahiko nituzke (ezagutzen ez duzuenontzat hemen duzue bideoa, eskolan kontatu zizkidatenetik gehien gogoratzen dudana da).

Errekamari, Agus eta Kattalin atsoek, inbidia zela medio, bera bizi zen ibaitik bota zutela kontatu ziguten. Martin artzainaren laguntasuna hark lortu zuenez eta herria lamia “gaiztorik” gabe mantentzeko helburuarekin, bere bizitokia zaramaz kutsatu zutela esan ziguten.

Egun, badakigu ingurumena kutsatzen dutenak, ez direla emakume inbidioso gaiztoak; are gutxiago, gizon baten maitasuna lortzeko helburuarekin egiten dutenak. Sexismoa eta emakumeen aurkako borroka sustatzeaz gain, multinazional eta enpresa kutsatzaileak zuritzeko helbururekin kontatuko al ziguten?

Baina dudarik gabe, zur eta lur uzten nauen kontakizuna, Errauskiñerena da. Nola da posible, bi orduz emakume batekin dantzan ibili ondoren, bere aurpegiaz ez gogoratu eta aurkitzeko modu bakarra zapata bat jartzea izatea? Alde batetik, denok dakigu hanka tamaina berdineko emakume asko gaudela munduan. Bestetik, ez litzaidake burutik ere pasako, ez niri ez aske den inori, nire aurpegiaz gogoratzen ez den pertsona batekin ezkontzea, ezagutu eta gutxira. Zein da hezurretaraino sartu diguten maitasun erromantikoaren mezuaren eragina?

Hala bazan ta ezpazanek beti ematen du zer pentsa. Alde batetik, haurrei gustatzen zaien misterio puntu zirraragarriarekin jolasten du. Bestetik, egia edo gezurra den jakin gabe balizko egiten du estereotipoz jositako kontakizuna. Gainera, kontakizunaren ondoren geratzen dena kuia batean ederki gordeta uzten du, garrantzitsua ez balitz bezala. Mendeetan zehar, makina bat bortizkeria gorde dituzte ipuinetako istorioek. Hemendik, dei bat egiten dizuet: lehertu ditzagun denak. Ireki, puskatu, ebaki, birrindu ditzagun plazetako kalabazak eta amaiera askatzaileagoak elkarrekin sortu. Esango nuke, Errekamari eta Errauskiñe ikusi berri ditudala, erraustegira kateatuta, muxukatuz eta pankartaz josirik, Oria ibaia babesten. Zuek ez, hala?


Hamaika bidegabekeri justifikatu izan dira eta naturalizatu izan dira sexu-genero eraikuntza dela eta. Munduko eta makina bat disziplinetako aditu (gizonezkoek) ere justifikatu eta sostengatu dute, sistema hori erabiliz, patriarkatuaren sarea. Bortizkeri, Itxi, Mugatu, Gartzela den eta Estereotipoz jositako Sistema Injustua; Eraldatu, Iraulu eta Birsortu dezagun!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina