2017/11/06

IZEBERGA AZALERATUZ

Emakumeen aurkako indarkeria giza eskubide urraketarik ohikoena da eta pertsona gehien ukitzen dituen arazoa da. Guztion arazoa baita. Eta bai, emakumeen aurkako indarkeria esan dut, patriarkatuaren lege dikotomikoek ahalbidetzen duten indarkeriaren biktima emakumeak izan ohi direlako. Emakumeek emakume izateagatik jasaten dugun diskriminazio unibertsala da genero indarkeria. Eragin egiten da, ikasitako zerbait da, eta ez berez sortzen dena.


Patriarkatuak, bi kutxatan sailkatzen gaitu emakume ala gizon izan behar gara eta bakoitzak honen araberako heziketa jasoko du. Nolakoa izan, norekin egon, zer egin, zer jantzi, zer esan, zer ez esan, noiz isildu, noiz erantzi... irakasten digute. Mutilen kaxan, kontrola, boterea, izaera publikoa.. bezalako hitzak daude. Emakumeenean, aldiz, menpeko izatea, intimitatea, zaintza...Baina nork betetzen ditu gure kaxak?


Aurreko astean ikasi eta Bilgune Feministaren txostenean jasotzen den moduan: “bai generoa baita sexua ere, eraikuntza soziokulturala direla baiezta genezake. Egungo jendartea, eredu dikotomiko honen gainean eraikia da, eta jendartearen instituzio ezberdinek (zientzia, komunikabideak, hezkuntzak…) eredu dikotomiko hau erreproduzitzen dute diskurtso ezberdinen bitartez.(...) eredu bitar eta hierarkiko honen gainean eraikita dago, sistema patriarkalari erantzuten dion sexualitate eredua, emakumeen gorputzen kontrola eta menpekotasuna mantentzea helburu duena”.  Azalpen hauek ongi laburbiltzen dute aste honetan landutakoa. Emakumeen aurkako indarkeria ikasten dugun zerbait da eta hau borobiltzeko asko gustatu zaizkit Josebe Iturriozen hitzak: “Hipokresia handia dago; izan ere gizarteak berak ekoizten du banaketa hori eta gero salatu egiten du gizarteak ekoiztutako hori, bortxaketak edo erailketak, beste batzuen artean. Gizarteak erakusten die gizonei indarkeria erabiltzen ez naturak”


Nire sarrera hau osatzeko iazko ikasturtean Alasneren sarrerako piramidea hautatu dut,izeberg baten itxura emango nioke nik hedabideek erakusten digutena puntatxoa bakarrik baita. Zuetako askok aipatu duzuen moduan, pixkanaka hobetzen goaz baina oraindik beheko geruzak azaleratzeko eta izeberga lehertzeko egin beharreko bidea luzea da eta argi esan behar da, oraindik ere eraso matxistak egunero jasaten ditugula. Hona hemen mikromatxismoei buruzko bideo labur bat. Askotan ikusi nahi ez ditugun horiek ikusten hasi gaitezen.
 


Eta nire inguruan? Non ikusi dut ikasitako genero edo emakumeen aurkako indarkeria hori? Musikaren eremua behatu dut aste honetan. Asteburuan izan dugun kontzertua, taldekideekin batera iritsi nintzen jo behar genuen lekura eta betiko moduan, furgonetako materiala eszenatokira eramaten ari nintzen taldekide batekin. Hala esan dio nire lagunari salako arduradunak: Jo, holako neska lagunarekin ez zara kexatuko! Emakume naizelako ez ote naiz musikari? Eszenatokiko neska bakarrak musikarien neska lagunak ote dira? Ez da lehen aldia eta zoritxarrez ezta azkena ere. Asko eztabaidatu izan dugu gure inguruan erasoa ote? Nire erantzuna argia da, bai.  Zuzeneko musikaren munduan ibiltzen garen emakumeok halakoak eta agerikoagoak diren jasan ditugu eta jasotzen ditugu.  Gehiago luzatu gabe, emakume musikari baten gutuna eta  ondorengo bideo hau uzten dizkizuet, eszenatokian eta honen atzean bizi izan dudana primeran azaltzen baitute lagun hauek:



Gaian interesa baduzue, Ines Osinagaren  oholtza propio bat eta Leire Palaciones denoi gertatu zaigu iritzi artikuluek ederki astintzen dute gaia,  baita la segunda voz bideoak ere.

Hezkuntzara etorriz, aipatu dugun moduan, pixkanaka aurreraka bagoaz ere oraindik bide luzea dugu aurretik. Nire iritziz hezkuntzan askotan, Azaroaren 25aren bueltan soilik lantzen dugu indarkeria matxistaren gai hau eta egunerokoan zehar lerro gisa landu behar genuke. Bestetik, izeberga aipatzen nuen eta ikastetxeetan ere, ikasleei identifikatzen erakusten zaien indarkeria askotan punta puntakoa soilik da, hau da, hilketez hitz egiten zaie, bortxaketez.. hori ongi dago baina, askori egunerokotik oso urrun gelditzen zaie eta garrantzitsua iruditzen zait euren errealitatean ematen diren egoerak aztertu eta erasoak detektatzea. Ikustea zailagoak diren mikromatxismo horien inguruan aritzea, genero indarkeria sinbolikoa  ikusiaraztea …izango lirateke hurrengo erronkak.  Irantzu Varelak bideo honetan dion moduan, “mikro” ez baita txikiak direlako ikusezin bilakatu direlako baizik.




ATERA DEZAGUN IZEBERGA UR AZALERA ETA URTU PATRIARKATUAREN IZOTZAK!


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina