2017/11/07

Feminismoa: ona ala txarra?

Mugimendu sozial honek jarraitzaile beste etsai dituela esan daiteke. Naiz egunkarian argitaraturiko “Feminismoa txarra da” artikuluak adierazten duen bezala, hiztegiek ere kontraesan nabariak izaten dituzte hitz honen definizioa aurkezterakoan. RAE-k adibidez, “Emakumeentzako gizonek dituzten eskubide berak exijitzen dituen mugimendua” dela dio. Bertan antzematen da, gizonek gizon jaiotze hutsagatik eskubide batzuk dituztela, eta emakumeek aldiz irabazi edo eskuratu egin behar dituztela. Ba hala izan da. Historikoki, emakumeen borrokari esker, hainbeste lorpen egon dira. Besteak beste, hezkuntza eskubidea, boto eskubidea, abortu eskubidea, lan munduko parte izateko eskubidea eta ondarearen jabe izateko eskubidea. Hala ere, ezin da esan bide osoa egina dela. Pausu handi eta garrantzitsuak eman diren arren, bideari ekin behar diogu benetako berdintasuna lortu arte, hutsune nabariak baitaude gaur eguneko gizartean ere.   



Hezitzaile bezala landu beharreko gaiei dagokienez, mikromatxismoak eta ziberfeminismoa jorratzea ezinbestekoak direla deritzot. Hasieratik argi ikusi ditut arlo hauen beharrizanak ingurune hurbilean, eta Maitek bere iazko postean proposaturiko erronkak irakurritakoan, berdin pentsatzen dugula konturatu naiz.

Mikromatxismoak gizartean oso barneratuta dauden eta emakumeak zapaltzen dituzten ekintza ikusezinak dira. Jendartean normalizatuta dauden egoerak direnez, egiten dituen gizona ez da eragindako kalteaz ohartzen. Are gehiago, batzuetan, hain daude sartuta gure egunerokotasunean, jasaten dituen emakumeak ere arrunt bezala ikusten dituela. Horregatik, sistema hori desikasi behar dugu, denonganako errespetuan oinarritutako berria eraikiz.

Ziberfeminismoa, aldiz, sare sozialekin oso harremanduta dago. Sareak ere egunero erabiltzen ditugun tresnak dira eta lanerako, denbora-pasarako zein harremanetarako dira baliagarriak. Hori hala dela, emakumeok, askatasunez gure iritzia eta ikuspegia zabaltzeko bidea bihurtu behar da.

                          Solasean Ziberfeminismoa eta sare sozialak  

Aurreko bideoan agertzen den June Fernandez aukeratuko dut gaurkoan Emakume Feminista eredugarria dela uste dudalarik. Pikara Magazine aldizkari digital feministaren abiarazle eta zuzendaria da, eta kazetaritza ikuspegi feminista batetik lantzen duelako dut gustuko.

Argitaratu berri duen “10 ingobernables” liburuan, zapalkuntza matxistaren biktima batzuek jasandako erasoetatik irten eta bizitza berreraikitzeko izan duten ausardia eta kemena kontatzen du. Zentzugabeko sistemari aurre egin eta haien bizitza konplikatu arren, askatasuna lortzeko borrokatzen duten hamar pertsonen istorioak dira. 



Dena dela, EMAKUME FEMINISTA EREDUGARRIEN zerrenda amaiezina egin daitekeela esango nuke, batzuk kalean borrokatu eta gaur egun goraipatzen ditugunak; eta beste hainbeste, etxeetan ezkutuan, beldurrez bizitzako une latzei aurre egin diotenak. 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina