2017/03/07

Gatazkak hezkidetzaren ikuspegitik hausnartzen

Hausnarketa

Gaiarekin hasi aurretik, gatazkak interpretatu, analizatu eta gestionatzeko orduan genero ikuspegirik aplikatu behar zenik pentsatu ere ez dut egin. Nahikoa konplexua iruditzen zitzaidan gaia berez, gatazken ebazpenean genero estereotipoek izan zitzaketen garrantzian erreparatu ere ez dudala egin (zoritxarrez).

Egindako ibilbidearen ondorioz konturatu naiz, genero ikuspegiak ekarpen handia egiten duela arlo honetan ere, gainontzeko guztietan bezala.

Gai honen garrantzia zehaztu beharko banu, gatazken trataeran generoikuspegia kontuan izatearen ezinbestekotasuna azpimarratuko nuke:

1. Enpirikoki, gatazken zergatiak eta ondorioak ezagutzeko. 
2. Kontzeptualki, sakonean ulertzeko. 
3. Etikoki, pertsonengan eta gizartean duten benetako eragina agerian uzteko eta bere trataera desegokiak duen ondorio kaltegarriekin bukatzeko.





Iazko ikastarokideek egindako postetatik Aida eta Itsasok idatzi zuten Gatazkak hezkidetzaren ikuspuntutik hausnartzen da gehien gustatu zaidana. Oso positiboki baloratzen dut zaintzaren etika aipatu izana. Bestetik, Jule Goikoetxearen Bakea ez da existitzen, feminismoa bai (II) ponentzia oso interesgarria egin zait.




Gai honen garrantziaz jabetu eta ikasleekin lantzeko, baliabide interesgarri pila bat daude sarean. Dena dela, euskarazko baliabideak urriagoak dira, eta hauek sortzeko beharra handia da ondorioz. Hala ere, beti dago hitzezko hizkuntza erabili gabe gaia lantzeko aukera. Horregatik, gatazken inguruko eztabaida bideratzeko erabilgarriak izan daitezkeen eta hitzik erabiltzen ez dituzten bideo bi proposatzen dizkizuet ikasleekin ikusteko:






Eremu hezitzaileetara itzulita, erronka ugari ditugu lantzeko. Horietako batzuk aurreko ataletan landutako erronkekin oso lotuta dauden arren, berriz errepikatzeak pena merezi duela uste dut:


  • Kontzientzia hartzea: datuak batu, prestakuntza jaso eta ikastetxeko diagnosia egin, besteak beste.
  • Parte hartze aktiboa sustatzea, guneak prestatu eta komunikazioari dagokion garrantzia emanez.
  • Antolakuntzari erreparatzea; arauak, espazioak etab. landu eta genero estereotipoetatik kanpoko antolakuntza bermatzea.
  • Gatazkak konpontzeko tresna ezberdinak ikasgelako egunerokotasunean txertatzea, suertatzen diren gatazka txiki zein handietan aplikatuz.
  • Ikasle guztien iritzi, pentsamendu eta balorazioak errespetatzea.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina