2017/10/14

IKUSI MAKUSI, ZER IKUSI?



Gizartearen ohiturak, sinesmenak, rolak zein ideologiak islatzen dituzten irudiez inguratuta bizi garela argi dago, eta hauek gure identitatean eragiten dutela baita ere. Alegia, gure gizartean geroz eta eremu zabalagoa hartzen duten irudi hauek eskaintzen diguten esperientzia, ezin dugu esperientzia emozional edo estetiko batera mugatu; irudiak, kontzienteki edo ez, kontsumitzen dituzten pertsonen identitatearen garapenean ere eragiten baitute; hala, esan genezake sare sozialek ere pisu handia dutela gertaera guzti honetan. Izan ere, urteak daramatzat sare sozialen munduan murgilduta eta ezinbestekoa iruditzen zait jasotzen dugun informazio bonbardeaketa horren aurrean hausnartzen ikastea eta ikuspegi kritikoa eraldatzailea sustatzea.

Gaur egungo eskolaren deskribapena egingo bagenu, litekeena da orain dela urte batzuetako berbera egitea. Azken batean, salbuespenak salbuespen, nire esperientziaren arabera eskola batzuek antzera jarraitzen dute. IKTak baita sare-sozialak gure eskoletan txertatu behar ditugu, batetik, ikasleak aktiboago egoteko aukera ematen dutelako. Bestetik, teknologia esanguratsuki baliatzea garrantzitsua da ikasleen talde lana sakontzeko; ildo beretik, diziplinartekotasuna bultzatzeko eta, horrenbestez, ikasleek gai ezberdinak lotzeko. Are gehiago, beste arrazoi bat da eskolaz kanpoko errealitatearekin bat egiteko modua ematen digutela; hau da, gelatik at erabiltzen dituzten tresnak naturalagoak direlako eta kanpoko errealitatea gela barrura ekartzeko egokiak direlako.

Beraz, sare sozialek harremantzeko espazio berriak irekitzen dituen tresna dela esan genezake, besteak beste; sozializatzeko, elkarbanatzeko, baita jakintza aberasteko ere. Belaunaldi desberdinek baliabide honen erabilpena egin arren, egia da heldu ugari arduratuta ageri direla euren gazte zein nerabeek egiten duten erabilpenarekiko. Bada IKT-etan presentzia fisikoa alde batera gelditzen da eta ondorioz identitate baten elementu identifikagarriak baita ere; honek kutsu erakargarria izan ohi du nerabeengan, izan ere, bakoitzak azalaratzen duen identitatea kontrolatzeko eta aldatzeko aukera ematen du; guzti honek eragin zuzena du genero rol-en eraikuntzan eta esteriopatzean.

Hori dela eta, geure geletan ere gaia mahai gainean jarri eta genero eta sexu diskurtso tradizionalak zalantzan jartzeko espazioak bilatu behar dira, identitate eta sexualitate desberdinen inguruan hausnartzeko. Aipatutako guztia dela eta, ikasgai desberdinetan transbertsalki hezkuntza afektibo-sexualaren esparruko gaiak lantzearen garrantzia azpimarratu nahi da, sare sozialeetan zein geletan sarri gertatzen diren diskriminazioak (sexismoa, homofobia, lesbofobia eta transfobia, esaterako) sahiesten laguntzeko. Saio mota hauen bidez gazteen diskurtsoa alda daitekeela sinestu nahi da, errespetuzko jarrerak sustatzeko eta, era berean, gizabanakoaren erabakitzeko askatasuna praktikara eramateko. Horregatik, ziberaktibismo hezkidetzaileak berebiziko garrantzia du geure gizartean, izan ere, lurralde desberdinetako proiektu, baliabide edota egoerak aztetzeko, ulertzeko eta lantzeko aukera ematen baitute.








iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina