2017/10/13

Zenbat aukera, hainbat arrisku

Irakaslea naiz ikasle izan nintzen ikastola berean. Hamar minutuko atsedena dutela esan berri diet ikasleei. Irakaslearen aulkian jesarri eta nire garaiekin amesten hasi naiz. Aurrez aurre dauden aulki horietan ikusten dut nire burua, gazte, nerabezaroan murgildurik, lagunartean muserako ordagoa nola egin behar den ikasten edo larunbateko anekdota ikaskideei kontatzen. Zurrunbiloa dago eta barre algarak entzuten dira taldetxoetan banatutako gelan. Bat-batean, gaur egunera bueltatu naiz. Gelako isiltasunak harritu nau. Ikasle bakoitzak bere mahaian jarraitzen du, kaskoak jantzi eta IPADari begira ari dira. Hipnotizatuta daudela esango nuke. Haserretu egin naiz. Hau al da gure etorkizuna?   

Hamar minutuko tarte txiki horretan, hamaika ideia kontrajarri datozkit burura: Interneten bidez, informazioa jaso dezakete, aitzitik, informazio hau aberasgarria zein kaltegarria izan daiteke. Inguruko gertakarien berri izan dezakete, ostera, kontakizunak manipulaturik egon daitezke. Sare Sozialei esker, munduko edozein txokotako biztanleekin hitz egin dezakete, hizkuntzak ikasiz eta kultura berriak ezagutuz. Aldiz, alboan dituzten pertsonekin hizketaldia egitea ahazten dute. Aurrez aurre adierazteko gai ez diren sentimendu edo pentsamenduak azalera ditzakete, haatik, dena kontatu eta intimitatea gal dezakete. Ezagutzen ez duten pertsonekin zaletasunak parteka ditzakete, ordea, tresna horien mende erori eta bizitzako une bereziez gozatzeari uko egin diezaiokete. Haien nortasuna eraikitzeko bidean daudelarik, galdera askoren erantzuna aurki dezakete, berriz, ez dira gai izango erreala eta birtuala dena ezberdintzen eta espero ez dituzten iruzkinek frustrazioa zein desilusioa sor dezakete haiengan.
 
Bat-batean, estutasuna sentitu dut barrenean. Zenbat aukera, hainbat arrisku. Nola kudeatu hau? Eta orduantxe erabaki dut irakasle naizen heinean, Internet eta Sare Sozialak hezkuntzako egunerokotasunean murgiltzea ezinbestekoa dela. Eskolak sistema irekiak izan behar direla uste dut, ingurunearen aldaketetara egokitu behar direlarik. Kanpotik datozkigun aukerez baliatu behar dugu, hauek dakartzaten okerbideak gestionatuz. Horretarako, ikasgaietan txertatu behar ditugun tresnak dira, haien baliagarritasuna agertuz eta erabilera egokira bideratuz.   

Bestalde, Sare Sozialetan oraindik ere generoari lotutako arrakala digitala dago. Gure lana hortaz, hezkidetza tresna berri hauetan barneratzea da.


Goazen elkarrekin ziberaktibista hezkidetzaile bihurtzera eta berdintasuna sarean zabaltzera!  

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina