“Milennials” deitzen dioten generazio horren parte naiz, nerabezarora
arte Internet-aren handitasuna ezagutu ez banuen ere. Gogoan dut garai hartan
eskuragarri izan genuen lehen sare sozialak, “Messenger”-ak, lelotuta gintuela;
Ordenagailu bidezko txat bat, duela ordu laren egondako lagunekin hitz egiteko.
Eskolako lanak egin eta afaldu ostean, amari katutxo begiak jarriz eta “hamar
minutu mesedez” batekin konbentzituz, txatean murgiltzen ginen.
Hamarkada bat beranduago eta “Messenger” -aren desagerpenarekin
batera, sare sozial berriekin topo egiten dut, zapore gazi-gozoarekin. Alde
batetik, dagoeneko ez dago “hamar minutu mesedez” erregutu beharrik hauetan
pulunpatzeko, orain duten estaldura eta eskuragarritasuna dimentsio mugagabekoa
baita. Hots, momentu oro gaude konektatuak: goizean goiz iratzargailuaren
abisuarekin batera, begi batekin gure sareek diotenarekin esnatzen gara, eta
ohera sartu aurretik ere errutina berdina. Ni neu behintzat sare sozialen esklabu bilakatu naiz, oraindik
ezagutzeke gauden errealitate honetan.
Bestalde, erabilera baliagarri eta osasuntsuago bat
emango bagenizkie, eraldaketarako tresnak izan daitezkela esatea ez da gauza
berria, norbanakoa ahalguztiduna sentituko ez bazen: guk kontrolatzen ditugula
uste arren, ziur nago alderantziz dela. Hori dela eta saren erabilera egokia
zein den eta hauekin lor ditzakegun aukeretan lanketa egitea ezin besteko
ikusten dut.
Edozein modutara
ere eta tonu dramatiko hau alde batera utziz, sare sozialei esker Cabo Verden,
Filipinasen, Guatemalan, Jordanian edo munduko beste guneetan gertatzen denaren
berri izan dezakegu, horrek jendarte moduan batzen gaituelarik.
Ideiak zabaltzeko aukera ere eskaintzen dute biral
eginez, hondar ale batetik, itsasoa
sortu arte. Begirada honekin ikusten dut hezkidetzaren presentzia sareetan :
informazioa hedatzea jakitunago egiteko, errealitate berriak ezagutzeko,
betaurreko moreak janzteko eta aniztasunaren boterea zabaltzeko.
Laburbilduz, sare sozialak bai baina buruarekin erabiliz.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina