Hizkuntza, errealitatea nola
ulertzen dugun adierazteko modua da, edota errealitatearen inguruan dugun
ikuspegia antolatzearekin batera, bakoitzaren interpretazioa gizarteratzeko
baliabidea da. Hizkuntzaren bidez pentsatu, informazioa zabaldu, ezagutza hedatu
eta gizartea sortu eta antolatzen dugu. Baina, nola erabiltzen dugu hizkuntza
hori? Zer helarazten eta ulertzen dugu gure hitzekin?
Egunerokotasunean erabiltzen
dugun hizkuntzan, estereotipo sexistak agerian gelditzen dira. Askotan ez gara
horretaz ohartzen, gure pentsamenduan ideiak barneratuta ditugulako. Alvaro
Garcia Meseguerren arabera, euskaren zama sexista %5 da, ingelesarena %15,
frantsesarena %40 eta gaztelaniarena %80. Ikus daitekeen bezala, euskararena
portzentajea txikiena da. Hala ere, horrek ez du esan nahi bere erabileran
sexismoak agerian gelditzen ez direnik. Begoña
Muruaga filologo eta Emakunde aldizkariko kazetariaren ustez, "euskara ez da sexista,
hitz egiteko modua da sexista". Hori honela izanik, ezinbestekoa
izango da, egunerokotasunean gure jardunean erabiltzen dugun hizkuntzari
erreparatzea eta hau hezkidetzaileagoa egitea, guztion aukera berdintasunera
heldu ahal izateko.
Ezin ahaztu hizkuntza ikonografikoa. Suposatzen da
irudiak testua era neutral batean ulertuak izateko eginda daudela, baina ez da
horrela izaten. Beraz, adi egon!
Beste hainbat alorren artean umorearekin egiten dugun arduragabeko
tratamendua ere aipagarria da. Horren harira, Kike Amonarrizek Uxue Alberdi
bertsolari eta idazleari Tribuaren berbak saioan
egindako elkarrizketa entzutea merezi du. Elkarrizketa horrek umoreak duen
garrantziaz jabetzea eta duen inzidentziaz ohartzea du helburu: 'Publikoki egiten den umorea ez da neutroa”.
“Ondorioz, publikoki emakumearen sexualitatearen inguruan
plazetan hitz egitean, jendeak ez daki nola erreakzionatu, ez dagoelako
eraikita”.
Gai honen inguruan sortutako gida ezberdinak aztertu eta gero, esan beharra daukat guztiak
interesgarriak iruditu zaizkidala. Bi aipatuko nituzke: Gipuzkoako Foru
Aldundiarena “Hizkuntzaren
erabilera ez sexistarako jarraibideak” eta Errenteria
Udalarena. Azken hau ez dago interneten eskura baina hau
nire driverekiko lotura da. Aproposak iruditzen zaizkit lankidekin lantzeko
orientabide erabilgarriak ematen direlako, modu laburrean azalduz.
Komunikazio eta hizkuntzaren erabilera ez sexista
ikastetxean naiz jendartean lantzeko ondorengo erronkak azpimarratzen ditut:
- Komunikazio eta hizkuntzaren erabileraren inguruan hausnarketa bultzatzea eta formazioa jasotzea.
- Hizkuntzaren erabilera ez sexistaren inguruan sortuta dauden gidak aztertzea eta ikastetxerako honelako gida bat proposatzea eskola komunitate guztiari zabaltzeko.
- Egunerokotasunean erabiltzen diren material eta baliabideetan helarazten diren mezuak aztertzea eta behar izanez gero horiek aldatzea, mezu hezkidetzaileagoen alde eginez.
- Hizkuntza hezkidetzailea erabiltzearen alde egitea, erabiltzen ditugun txiste, umore eta brometan arreta jarriz.
- Genero kutsadura saihestea, batez ere lanbideen inguruan barneratuta ditugun ideiak alde batera utziz.
Aipamen bat egin nahi dut EHUko Berdintasun Masterrak 2017 Berdintasunerako Emakunde Saria irabazi duelako. Sortzaile guztioi NIRE ZORIONAK!!!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina