Iazko sarreren artean, Iosune de la Peñaren "Hitz gutxiago eta ekintza gehiago" posta
hautatu dut. Diskurtso ofiziala eta errealitatearen artean dauden
kontraesanak azaltzen ditu: curriculum androzentrista, hizkuntza
sexista, espazioetan mutilen nagusitasuna, emakumeen hitzen balio
txikiagoa, ….Ikastaroa egiten ari garenenontzat ez dira gauza berriak
baina hau dena horrela den bitartean, gure eguneroko jardunean hau dena
iraultzen ez bagara hasten, oso zaila izango da ikasleei behar duten
orientazioa eskaintzea. Honez gain, Marian Morenok “Queremos coeducar” liburuan orientazio eta tutoretza hezkidetzailerako proposaturiko gako garrantzitsuenak jasotzen ditu bere sarreran.
Gizarte matxista batean bizi gara eta patriarkatuak bere baliabide
guztiak erabiltzen ditu sistemak dagoen bezala jarrai dezan. Gizonezkooi
pribilegio eta erosotasun asko eskaintzen dizkigu, espazio publikoan,
laboralean, entzuna izatean, nahiz eta ordainetan intimitatea,
sentimenduekiko konexioa edo alderdi emozionala baztertu behar izan
dugun. Emakumeen kasuan aldiz, menpekotasuna, konfiantza falta, eremu
pribatua eta erreproduktiboa gainjarri zaizkio eta onurarik ez du
ateratzen sexu-genero sistema honetatik.
Kontua da, sistema
hori pertsona gehienentzat kaltegarria eta diskriminatzailea dela, gure
benetako izateaz aldentzen gaituela eta ez diola ongizateari batere onik
egiten. Hau guztiaz jabetuta, estrategiak bilatu behar ditugu mandatu
matxistei, genero estereotipoei, eta rolei muzin egin eta pertsona
askeagoak eta zoriontsuagoak izateko. Orientazioak hor bere biziko lana
du.
Astean zehar agertu eta nire ustez esanguratsuak diren datuak.
2015ean argitaratutako PISA
txostenak, genero estereotipoek ikasketetan nola eragiten duten eta
zentzu honetan dagoen genero-arrailaren nondik norako nagusien berri
ematen du: neskek autokonfiantza baxuagoa dutela, irakasleen eta
familien aurreiritzi eta espektatibek haur eta gazteengan duten eragin
handia, mutilek neskek baino 4 aldiz gehiago hautatzen dituztela
ingeniaritza edo informatika ikasketak eta neskek proportzio berdinetan
osasun zientziekin lotura dutenak erakusten digu ikerketak. Lanbide heziketan ere antzeko zerbait gertatzen da EAEn: 10 edo 20 aldiz gizon gehiago daude Elektrizitate eta Elektronika,Fabrikazio mekaniko, Informatika edo Garraio eta ibilgailuen mantentzean eta alderantziz gertatzen da Irudi pertsonala, Ehungintza eta Jantzigintzan emakumeekin edo Zerbitzu soziokulturalak eta komunitarioetan eta Osasun sailan kasuan lau emakume daude gizon bakoitzeko.
PISAren ikerketek argi uzten dute, genero-arrailak ez duela zerikusirik
jaiotzez emakume eta gizonek ahalmen desberdinak izatearekin edota
halako baldintzapenekin, beraz eskoletan tutoretzan, orientazioan eta
orokorrean une oro, lan egin beharko dugu estereotipoak gainditzen
joateko lanbideak aukeratzerakoan.
Zein dira nire ustez orientazio akademiko hezkidetzailea lantzeko erronkarik nagusienak?
- Emakume izan eta egoteko erak baloratzea. Neskek identifikatzeko historian zehar emakume erreferenteak edukitzea garrantzitsua da eta bestetik, emakumeek bizitza mantentzeko garatu dituzten gaitasunak baloratzea ezinbestekoa da; historia androzentrista albo batera utziaz eta dena gizonen neurrira neurtu beharrean.
- Elkar ardura eta zaintza tutoretzan sartzea. Ideia berritzailea iruditu zait hau eta Finlandiako kasuak atentzioa deitu dit, astean hiru orduz etxeko lanetan aritzen dira. Gure kurrikulunean ez dut horrelakorik ikusi eta aurreiritziak gainditu eta ohitura onak hartzeko garrantzizkoa ikusten dut. Bestetik zaintzaren ideia barneratu eta “merezi duen bizitzagatik borrokatzea” funtsezkoa iruditzen zait.
- Berdintasunezko hezkuntza afektiboa garatzea. Bizitzarako afektibitatea funtsezkoa da. Emozioen kudeaketa eta adierazpenean dauden zailtasunak ikusirik, hau lantzea tresna interesgarria izango litzake, batez ere gizonok ditugun gabeziak hobetzeko.
Luis Boninok gizonezkoen inguruko hainbat gogoeta egiten dizkigu aurreko bideo honetan.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina