Egun, haurren zaintza betetzeko lan
utzialdien %92koa emakumeek eskatzen dituzte. Senitartekoen eta adinduen zaintzaren lan
utzialdien %79 emakumeena da.
Emakumeen batez besteko errenta, gizonezkoen %60,33koa da (Batera 2030).
Zenbait estimazioen arabera, Europako Batasuneko BPGren %36,8 ez-ordaindutako
zaintza lana da. Ekonomia
feministak hauxe bera salatzen du, pertsonen ongizatea jarri nahi baita
gizartearen erdigunean, kapitala alde batera utzita.
Zifra horien
atzean bi gatazka eremu daude. Alde batetik, “herrialde garatuetako” emakumeek
80ko hamarkadatik aurrera bizitako enplegu bikoitz fenomenoa (etxeko ordaindu
gabeko zaintza lana eta maila produktibokoa den eta etxetik kanpo egiten den
soldatapeko lana); eta, bestetik, aurretik aipatutako emakumeek enplegu
bikoitzaz nazkatu eta munduko zaurtutako beste herrialde batzuetako emakumeek
zaintzaile rola betetzea. Azken hau Amaia Perez de Orozco ekonomialari
feministak zaintza kate
globalen fenomenoaz bataiatu zuen (cadenas globales de cuidados gazteleraz).
Cuidar, migrar, cuidar. Cadenas globales de
cuidados y extractivismo hitzaldian sakon aritzen dira horretaz.
Iturria: Pinterest
Soldatapeko zaintza lanen
barnean ere, bi fenomeno garbi banatzen dira. Alde batetik, kontratupeko eta
antolatutako zaintza langileak (egoitzetako langileak, kasu). Hauek lan
baldintza txarrak izan arren, sindikatzeko eskubidea, lan kontratua eta gizarte
segurantzako babes minimoa izan ohi dute. Bestetik, batez ere Latinoamerikatik
etorritako emakumeek orduka edota interna moduan egiten duten erdi-esklabutzako
zaintza lana. Azken hauek dira guztietan zaurgarrienak. Bidez Bide GKE hamaika
bider salatu du, amaigabeko zaintza lan horien barnean, askotan, sexualki
esplotatuak ere izaten direla emakume hauek, migrazio prozesuetako trabak
direla media duten egoeraz aprobetxatuta.
Feminismo txuri
hegemonikoaren hanka sartze handienarekin egiten dugu hemen topo. Zaintza lanek
beraiei suposatutako esklabotasunetik alde eginez, lan hauek generoen artean
banatu eta baliotu beharrean, muzin egin eta beraiek baino egoera
zaurgarriagoan zeuden emakumeez baliatzea. Pisuzko arrazoia zuten feminista
beltzak intersekzionalitatea kontzeptua sortzeko, dudarik gabe.
Borroka feministaren epika emakume internazionalistaz betetzeko hastapenak egiten gabiltza, hala ezpada, ez du zentzurik izango. Hori hala izan dadin, gizon zaintzaileak agertu beharko dira, zaintza lanak demokratizatu ezean herrialdeen arteko ahizpatasun-lankidetza gero eta urrutiago egongo delakoan bainago. Horren harira, hauxek dira, nire ustez, erronka nabarienak:
- Orientaziotik eta eskoletatik badugu zer landu zaintzaren etika eta garrantziaren inguruan eta azpimarratu liburuetan dauden ezagutza ororen atzean zaintza lana dagoela, besterik ez litzatekeela, ez zientzia, ez matematika, ez arterik izango.
- Bestetik, jakintzaren sorrerak eta transmisioak duen arrazionaltasun indibidualistari mozorroa kentzen hasteko garaia da.
- Azkenik, lan munduaren irakurketa estereotipatua alde batera utzi eta aukeraketak egiterako garaian hausnarketa kritikoa bultzatu beharko litzateke. Hausnarketa honetan hezkuntza komunitatea osoak hartu beharko lukete parte, unibertsitateak barne.
Hau ez da egun batetik
bestera gertatuko, sistema kapitalistaren lanaldiak eta metatze primitiboaren
itsutasuna ere jarri beharko baitugu jomugan. Silvia Federicik (2018) Mundua berriz liluratuz. Feminismoa
eta komunen politika
Katakrak argitaletxeak euskaratutako liburu apartean, aipatutako ideiak aurrera
eramateko estrategiak eta zergatiak proposatzen ditu. Genero estereotipoez
askatu eta bizitza ona erdigunean izango duen bizimodua eraikitzeko, hankaz
gora jarri behar dugu dagoena. Ez etsi, Federicik maistraki azaltzen ditu
dagoeneko egindako lorpenak, berriz liluratu gaitezen.
Amaiatzeko, duela urte batzuetako Amaia Chuecaren Non gogoa, han zangoa post-a gomendatzen dut. Bertan, hausnarketa aberatsa garatzeaz gain (batez ere unibertsitate aukeraketen nguruan), hezkidetza lantzeko baliabideak ere plazaratzen ditu.
Zaintza da bide bakarra!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina