2021/03/04

BELDURRIK EZ

 


Aste honetan aurreko edizioetako post bati erreferentzia eginez hasiko naiz. HEZIKETA AFEKTIBO-SEXUALA OROKORTZEA ERRONKA aukeratu dut. Hausnarketarako "Arrakala.Zirrikitu bat haitzetan"  bideoa ikustea gomendatzen dizuet.

 


Azken urteotan gizartea biziki aldatu da. Eta aldaketa honek isla zuzena izan du eskoletan. Aniztasunaren jabe gara eguneroko jardunean, eta aniztasuna mota askotakoa izan daitekeela begi-bistakoa da. Aniztasun kognitibo eta intelektual hartzen zen kontuan pasa den mendean, baina bestelako aniztasunak ailegatu ziren gure eskoletara: jatorri ezberdineko ikasleak etortzearekin batera arraza, erlijio, janari, ohitura... berriak gure eskoletan sartu dira.Aitzitik, betidanik gure artean izan den aniztasun afektibo sexuala eta genero aniztasuna ezkutaturik izan da gizartean eta eskoletan. Azken urteotan protagonismoa hartu du aniztasun mota honek, baina gehienetan pertsona hauekiko gorrotoak sortu dituen ondorio lazgarrien ondorioz.Ezagutza-ezak, aurreiritziek, beldurrek, fobiek, gorrotoak 

Aniztasuna aberastasuna da, eta eskoletan zein gizartean dagoen aniztasuna arazoa baino, aukera pedagogikoa dela sinetsi eta erakutsi behar dugu. 

Sexu eta genero askapenean sinetsita, urtearen egun guztietan gure eguneroko jardunean kontuan hartu behar ditugu aniztasun afektibo-sexuala eta sexu zein genero aniztasuna: hizkeran, jarreran, erantzunetan... Xede honek irakaskuntzan ere bestelako hausnarketak eta erronkak dakartza: ezkutuko curriculuma, norberaren genero ereduaren azterketa, hizkeraren erabilera...Anitzak gara pertsonak, eta anitzak ere koloreak. 

Euskal Herrian sexu hezkuntzaren inguruko lehehengo proiektuak frankismoa bukatu zenean hasi ziren. Ez ziren ikastetxearen plangintzaren barruan, irakasle aurrerakoiren baten ekimena izaten zen eta oso gutxitan jorratzen zen ugalketatik urruntzen zen eredurik. Hala ere, garbi zegoen bizitutako eredu errepresiboetatik atera behar zela eta informazio sexuala helarazi behar zela ugalketaren eskematik atera. Ideia horiekin zenbait programaketa kurrikular burutzen hasi ziren osasunaren lanketaren barruan. Pixkanaka-pixkanaka sexu hez-kuntzarako monitoreak ugaltzen hasi ziren, eta eskola, irakasle eta guraso ausartenek ikasleei zenbait ikastaro emateko deitzen zieten. 

Gaur egun lanketa zabalgoa da baina afektibitate eta sexuhezkuntza egokiaren informazioari bizipenaren eta komunikazioaren ereduarena erantsi behar zaio. Alegia, informazio zehatz orok zer-nolako bizipena eragiten duen ikasle bakoitzarengan. Hain zuzen ere, bizipen horretatik abiatuta aritu beharko genuke lanean gela barruan. Aipatutako eredu horretan jardutea da egungo erronka, eta lan hori egin ahal izateko laguntza behar dugu. 

Lan honek egunerokotasuna eskatzen du, portaera eta jarrera sexualak ez dira hemendik sei egunetara aldatzen, etengabeko lana da. Gaur egun, gainera, baditugu material lagungarriak. Irakasleok geure burua landu behar dugu sexualitateari diogun beldurra kentzeko. Horrek izan behar du aurreneko urratsa gero ikasleen aurrean jarri ahal izateko. Guk desioari beldurra badiogu, nekez helaraziko diegu askatasun mezurik ikasleei.Alternatiba, nire ustetan, ikastetxe bakoitzak proiektu kurrikularraren barruan sexualitatea txertatzea da.

Amaitzeko Edurne Koch-en bideoa ikustea gomendatzen dizuet. Adin txikiko transexualen familiak biltzen dituen Naizen elkarteko kidea da Edurne Koch. Bera eta bera bezalako umeak gizartean onartuak izan daitezen eta eskubide guztiak bermatuak eduki ditzaten lanean buru-belarri dabil.

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina