2018/11/18

Jai parekideak edo ez da jairik


Argi dago jaiak eta ospakizunak bizitzaren erdigunean daudela, askotan emozio karga handiarekin eta normalean gogoz itxaroten ditugun egunak izaten dira, gaztaroan batez ere. Horregatik, funtsezkoa da jaiak ere, parekideak izatea eta emakumeen parte-hartzea ahalik eta handiena ahalbidetzea, beti ere rol eta estereotipoak gaindituz, segurtasuna bermatuz eta beharrezkoak diren aldaketak eginez. Tradizioa ezin du inoiz aitzakia izan, beharrezkoak diren aldaketak ez egiteko.


Iazko posten artean Artaldetik at-ek idatzitako  Dantzatzen ez badugu, hau ez da gure iraultza” izenburua duena aukeratu dut. Miren GUILLOren paragrafo batekin hasten da eta bertan “Subertsioz eta plazerez ehundutako harremanak eta gorputzak gara festetan. Afektuak, konplizitateak, barrea eta dantza. Aitzitik, jendarteko gatazkak eta desberdinkeriak ere islatzen dira haietan.” jasotzen du, ondorioz analisi eta gogoetarako pribilejiozko lekua dela dio. Azken finean jaietan egunerokotasunean gertatzen dena errepikatzen da eta kasu batzuetan biderkatzen da. Inhibizioak eta lotsak arintzen direlako eta modu zuzenak gainditzeko baimena dagoela dirudielako.
Herriko festetarako prestatutako bi bideo ere eransten ditu bere post-ean, Azpeitiko Txitximore taldeak egindakoa, originala eta ederra iruditu zait.

  “eraso sexistarik ez"

 
Jai eta ospakizunak parekideagoak izan daitezen, hainbat atal zaindu beharko lirateke:
Ø  Umorea ezinbestekoa ikusten dut baina argi, zertaz barre egiten dugun.
Ø  Musika, zaindu letrak eta mezuak, saiatu talde parekideak edo emakume hutsez osatutako taldeak ekartzen.
Ø  Kirola sartzen bada, ondo aukeratu zein kirol, trebetasuna indarraren gainetik jarriz, lehiakortasunaren ordez parte-hartzea bultzatuz, eta talde mistoak sustatuz.
Ø  Jaien diseinuan emakume eta talde feministen partaidetza sustatu.
Ø  Jai eremuetan, emakumeen segurtasuna bermatu beharko litzateke, beldurrak parte hartzea mugatzen duelako. Zoritxarrez oraindik brigada moreak behar ditugu, baina guztiz komenigarria talde hauek formazioa jasotzea eta protokoloen jakitun izatea.
Ø  Horretaz gain, emakumeen ahalduntzea ezinbestekoa da, sareak sortu eta sustatuz. Ikastetxeoi emakumeak ahalduntzen lan egitea dagokigu, azken finean pertsonak bizitzarako hezi behar ditugulako (beste eragile batzuekin batera).
Ø  Hezkidetza ezagutzera emateko tailer, antzerki, ipuin eta abar jaien egitarauan barruan kokatu, jendeari gaia hurbiltzeko, ahal dela umoretik, egun seinalatu horietan are eta presenteago edukitzeko. 


Post desberdinak irakurtzen ari nintzela “La algarabia”ren olerki euskaratua topatu dut eta interesgarria iruditu zait hona ekartzea. Olerki honekin adierazi nahi dudana da, batzuetan egiteko oso zaila ikusten den zerbait, aldamenekoari “itzartuz” hasten dela, eta konturatzerako olatu ikaragarria sortzen dela. 
“La algarabia” olerkia euskaraz
“Itzarrik dagoen andre batek
beste andre bat itzar dezake.
Bigarrenak ondokoa itzartzen du.
Eta hirugarrenak herri osoa itzar dezake.
Eta denen artean sortutako
astrapalak gizateria guztia itzar dezake.
Eta mundua goitik behera irauli.
Begietan egunsentia daroan Andrea
azkenik biderkatzen da.”
Ondo izan

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina