2020/11/07

ERASOTZAILEAREKIN KONFINATUAK


Nerearen ekarpena gomendatu nahi dut, egindako genero-indarkeriari buruzko laburpena oso ona iruditu zaidalako eta, batez ere, genero-indarkeria izurrite gisa aurkezten duelako.



Astean zehar konfinamenduaren gaia eta horren eragina genero-indarkerian buruan izan dut. "Izurrite" hitzak konfinamenduak genero-indarkerian duen eraginari buruz gehiago jakiteko gogoa piztu dit..

Bestalde, genero-indarkeria, COVID-19 pandemia bezala, muga geografikoak, kulturalak, sozialak, ekonomikoak, etnikoak edo bestelakoak gainditzen dituen mundu mailako fenomenoa da. Nazio Batuen Erakundearen arabera (NBE), “giza eskubideen urraketa suntsitzaileenetako bat da”.

Horregatik, interesgarria iruditzen zaidan beste kontu bat da genero-indarkeriak nazioartean izan duen eragina ezagutzea.


KONFINAMENDUA ETA GENERO-INDARKERIA

Munduan bizi izan den konfinamenduan, genero-indarkeria jasaten duten emakumeak, sexu-salerosketaren eta -esplotazioaren biktima diren emakumeak eta prostituzioan aritzen diren emakumeak talde bereziki ahulak izan dira.

Dubravka Simonovicek, Nazio Batuen emakumeen aurkako indarkeriari buruzko errelatore bereziak, adierazi duenez, “emakume eta haur askorentzat etxea beldur eta abusu leku bat izan daiteke”.

Konfinamendu-egoerak, era berean, areagotu egin du indarkeriaren biktima ziren emakumeen eta adingabeen arriskua, ez bakarrik erasotzailearekin bizitzera behartuta egoteagatik, baizik eta egoeraren berezitasunak biktimaren eta erasotzailearen arteko tentsioa eta agresibitatea areagotu duelako.

Euronewseko artikuluak deskribatzen duenez: “Kanpoan, kaleak bakartiak eta oso lasaiak daude, baina gure hirietako leiho askoren atzean, konfinamenduak presio-eltze arriskutsu bihurtu ditu etxeak, eta, han, emakumeak beren tratu txarrak ematen dituztenen ondoan geratu dira.”

Erasotzailearekin etxe berean bizitzera KONDENATUAK!!!




ZENBAIT DATU

Konfinamendu egoeran % 50 baino gehiago handitu zen 016 telefonoaren erabilera, %100 baino gehiago on line erabilera, eta 4.000 atxiloketa baino gehiago izan ziren indarkeria matxistagatik konfinamenduko lehen sei asteetan.

Frantzian, martxoaren amaieran, genero-indarkeriak % 30 egin zuen gora herrialdeko konfinamendua hasi zenetik.

Argentinan, apirilaren erdialdean, genero-indarkeriagatiko kontsultak % 39 igo ziren.


Singapurren, 2020ko martxoan, 619 dei jaso zituen AWARE elkarteak, erakundearen historiako 29 urteetan hilabetean erregistratutako kopururik handiena.

Erresuma Batuan, etxeko abusuaren aurkako telefono-linea nazionalerako deiak % 25 igo ziren martxoaren amaieran.

Somalian, konfinamendu-neurriek emakumeen mutilazio genitalak (MGF) handitzea eragin dute.


KONFINAMENDU EGOERAN GENERO-INDARKERIA ERAGITEN DUTEN FAKTOREAK



  • Erasotzailearen eta biktimaren arteko bizikidetza denbora luzatzea.
  • Familia eta etxeko arazoengatik eguneroko gatazkak areagotzea.
  • Indarkeria luzea, eguneroko errutinek (erosketak, eskola, bisita familiarra, lana, etab.) eteten ez dutena.
  • Erasotzailearen segurtasuna eta zigorgabetasuna hautematea.
  • Biktima gehiago kontrolatzea.
  • Kanpoko laguntza jasotzeko zailtasun handiagoa.
  • Eraso ikusezinagoak.
  • Laguntza-zentroetara joateko zailtasun handiagoa.


ERRONKA: GENERO-INDARKERIA DESAGERRARAZTEA!!!



Genero-indarkeria desagertaraztea guztion lana da, baita hezkuntza-sistemena ere.

Incheongo akordioaren bidez, Estatu Kideek eta hezkuntza-komunitate osoak konpromisoa hartu zuten “genero-gaiak kontuan hartuko dituzten politikak, planak eta ikaskuntza-testuinguruak babesteko, bai eta gai horiek irakasleen prestakuntzan, ikasketa-planetan eta -programetan sartzeko, eta eskoletan genero-arrazoiengatiko bereizkeria eta indarkeria ezabatzeko ere”.

Hezkidetzak emakumeen aurkako indarkeriaren eliminazioaren alde lan egiten du. Dikotomia hierarkizatuak gaindituz, estereotipo sexistetatik at, neskek zein mutilek bere indibidualitatea eta ahalmen guztiak garatu ditzaten nahi du. Elkarrekiko errespetuan oinarrituriko berdintasunezko harremanak, zaintza eta boterearen erabilera parekidea sustatzen duen jendartea eraikitzea du helburu.

Nagorek oso ondo laburbildu ditu hezkidetzak dauzkan erronkak genero-indarkeria desagertarazten  laguntzeko:

  1. Aniztasuna aldarrikatu eta onartu: maskulinitate berriak landu; gizon izateko, emakume izateko, pertsona izateko moduak eta ereduak ireki.
  2. Tratu txarrak identifikatu eta tratu onak landu.
  3. Ikasleen artean berdintasunezko harremanak sustatu: botere desorekarik gabeak. 
  4. Heziketa afektibo-sexuala landu ikasleekin eta familiekin, haien artean maitasun eta harreman osasuntsuak izan ditzaten.
  5. Ikastetxe seguruak egin: gatazkak modu baketsuan ebazten diren tokia.

Irudien eta bideoen iturriak










  










iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina