2018/02/16

GEURE BIZITZAREN JABEAK


Identitatea nork bere burua sentitzeko duen modu pertsonala izanik, begi bistakoa da, urteetan zehar, gai honek gizarte patriarkalaren inposizio bat jasan duela. Identitatearen garapena haurtzaroan hasten da, baina ordutik, gizarteak oinarrian dituen bi arketipo zurrunen ideia helarazi zaizkigu. Zakila duten pertsonak mutilak eta alua dutenak neskak dira eta listo!

Genitalek agintzen al dute, ordea? Ez, horixe! Pertsona bakoitzak bere burua nola sentitzen duen kontutan hartzea da garrantzitsuena, horren atzean aurki daitezkeen sentimendu eta sentsazioak errespetatzea.



   
Gai honen inguruan aurreko edizioetako kideek idatzi dutena irakurtzen ari nintzela, Maiteren sarrera hau aipatzea gustatuko litzadake. Bertan atxiki dituen proposamena eta artikulua oso interesgarriak iruditzeaz gain, “Maskarak” izeneko dokumentala ere ikusteko modukoa dela iruditu zaidala ezin uka nezake.



Heziberri2020ri dagokionez, berau aztertzen jardun ostean, bertan ageri den esaldi hau azpimarratu nahiko nuke:

“Emakumeei eta gizonei esleitutako portaera-eredu soziokulturaletan oinarrituta eraiki diren sexuaren araberako aurreiritziak, estereotipoak eta rolak ezabatzea, sexu bateko zein besteko ikasleei beren buruak erabat garatzeko aukerak eskaintze aldera”

Honako atal hau txosten batean idatzita egotetik, modu praktiko batean aplikatzera iritsi ahal izateko, nire ustez ikasleak “pertsona” gisa tratatzea da garrantzitsuena. Neska edo mutila izateagatik aukera berdintasuna bermatzea beharrezkoa da, ikasleek eskubide berdinak dituztela argi izatea. Ikasle bakoitza dan bezalakoa onartzeak eta guztien arteko errespetua sustatzeak ere berebiziko garrantzia duela deritzot.

Amaitzeko, genero-identitateen inguruan nire inguru hurbilean emandako aurrerapenei buruz pentsatzen hastean, duela urte gutxi batzuk gertatu zen kasu bat etorri zait burura. Bizitza guztian neskatzat hartu genuen gazte bat (ile luzea zuenez, soinekoak jazten zituenez, “neska” izena zuenez… guztiok “neska” bat zela pentsatzen genuen), azken urteetan, bere itxura aldatzen hasi zela konturatu ginen. Ilea moztu zuen, “mutilen” arropak jazten hasi zen, kalera txapelekin irteten hasi zen…
Hasieran, harridurazko erreakzioa izan genuen guztiok, bat-bateko aldaketa hori ulertzen ez baikenuen. Batzuen ahotik entzun ahal izan nituen behin baino gehiagotan “mutila dela uste al du, ala?” eta antzerakoak. Mespretxuzko mezuak ziren horiek, atentzioa deitzen ari zela soilik  uste zutenenak.

Egun batean,  ordea, guztion ahoetara mezu harrigarri bat iritsi zen: “neska” horrek, bere ezagunei “mutil” izen batez dei ziezaioten eskatu zien. Hura zurrumurrua herrian zehar ibili zena! (herri txiki, infernu handi).

Esan nezake, genero-identitateen gaia lehen aldiz mahaigaineratu zela gure herrian eta mutiko horri esker, hainbat pertsonen aurre-ideiak guztiz ezabatuak izan zirela. Nire ustez, jendea orduan hasi zen genero- eta sexu-identitatea berdinak ez direla ulertzen eta egia esan, aurrerapen handia izan zela iruditzen zait.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat