2016/10/31

Generoen Sozializazioa



Gaurko aste honetan, sexu genero sistema izan dugu aztergai; sexua, generoa, estereotipoak eta sexismoaren baitan murgilean ibili gara. Eta esan beharra daukat oso lagungarria izan zaidala, kontzeptuak argitzeko, hausnartzeko.
Hausnartzeko bai; izan ere, gaur egun gizonezko eta emakumeen sozializazioa ez da bera, ez da askea. Rolak jarraitu behar dira; zeregin, funtzio eta portaera jakin batzuk izan. Noski ez edozein rol, zure generoari egokitzen zaionak soilik. Genero estereotipo bi daude beraz; femeninoa eta maskulinoa. Hitz, gutxitan, desberdintasun biologikoak arau sozial bilakatzen ditugu, oharkabean inposatu.
Errealitate horretan oinarrituz, eta hezitzaile izango naizen heinean, gai hau lantzeko ipuinak zein jolasak baliabide paregabeak direla deritzot. Izan ere, heziketarako baliabide ezin hobea eskaintzen dute. Ipuinen bidez, haurren mundu sinbolikoa osatzen joaten dira, irudimena eta errealitatearen hurbilpen bat egiten dute. Nik esaterako,  Adela Turinen, “Arturo y Clementina” ipuina hautatuko nuke. Bertan, identitatea, norberaren ezagupena, onarpena eta errespetua  lantzen ditu Clementinaren bitartez. Bakoitza den bezalakoa izatera bultzatuz, bestek esan edo pentsatuko duten beldurrak uxatuz.
Nik aipaturikoa baliabide txiki bat da, hau guztia eremu hezitzaileetan,           zein ikas – irakas prozesuetan lantzeko; izan ere, oraindik ere badira erronka ugari. Lehena kontzientziazioa dela deritzot, ohartzea gizarteak bidaltzen digun mezuez eta itsu itsuan ez erreproduzitzea horiek. Horrekin batera, gure jardunaz hausnartzea, kritikotasuna gure buruarekin; sarri guk ere inkontzienteki “normaltzat” saldu diguten jarrerak izaten baititugu. Eta nola ez ekintza planak aurrera eramatea, esku hartzeak egitea hezkidetzaren alde, identitate askatasunaren alde. Eta azkenik garrantzitsuena, koherentzia, esaten eta egiten dugunaren arteko lotura funtsezkoa dela deritzot.
Amaitzeko, aurreko urteko ikaskideen ekarpenei erreparatuz, Itsasorena gomendatzen dizuet, diskurtso oso jantzia egiten duelako. Interesgarria da eta oso argi zehazten ditu hezkuntza hezkidetzailea bermatzeko landu beharreko proposamenak.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina