Sexu-genero sistema binario bortitz honi buruz
hausnarketa-jarduera egiteko, genero-identitatea hartu dut ardatz. Zehazki,
TRANSEXUALITATE kategoriapean ezagutzen denari buruz bi berba, bi hitz.
Duela zortzi bat urte, berak 18 urte
zituela, izan nuen, Zuzenbide Graduko lehenengo mailako euskal adarreko
klasean, ERLANTZ LEGINA ikaslea. Handik urte batzuetara, nire bulegoan agertu
zen eta emakumea sentitzen zela esan zidan. Hortik aurrera, elkarrekin
partekatu dugun ibilbidea hasi zuen, sexu aldaketa osoa burutu duen arte.
Ebakuntzak egin ditu, psikiatrekin elkarrizketak, endokrinoak, psikologoak,
Erregistro zibila, Osakidetza. Orain IRAIDE LEGINA du izena. Beti izan da
Iraide Legina. Oso pozik dago. Eta neskak gustuko ditu, medikuen
zoramenerako (je, je).
Hitzaldi batzuk eman ditugu elkarrekin, ikasleei
izugarri gustatzen zaie bera entzutea. Gure esperientzia oso ona izan da.
Ikasleek eskertu dute, Zuzenbide zibilean generoa eta transexualitatea esparru
teorikoan eman eta gero, Iraideri entzutea! Plazerra da, hainbeste detailerekin
halako esperientzia bat gertutik bizitzea. Berak niri aukera eman dit eta oso
eskertua nago, dudarik gabe. Orain, Gradu Bukaerako Lana egingo dugu, den-dena
kontatzen, dimentsio juridikotik ikusita.
Hala ere, bidetik zenbait
esperientzia metatu ditut, honatx laburpentxo bat:
1) Emakume edo gizon sentitzea ez doa beti alua edo zakila izatearekin bat.
Eta disonantzia hori sufrimendua da, askotan, daramatenentzat. Sexu-genero
sistema binarioan ez dira sartzen eta, beraz, normaltasunetik at daude. Prozesu
latza eta luzea da sexu aldaketarena. Oraindik ere GAIXOTASUN bat balitz bezala
hartzen dute mediku askok. Genero identitatea askatasunez eta une oro norberak
erabakitzeko eredutik urrun gaude, oraindik. Andaluziak eman du pausurik
sakonena ildo horretatik, hala ere gizartean badu aurrerapausoen beharra
inkontziente kolektiboari dagokionez.
2) Emakumearen itxura lortu duenean, emakumearen
estereotipoak bete ditu, ehuneko ehun. Itxura, makillajea, ilea, jarrera, hitz
egiteko era, gaiak....futbolean aritzen da, hori bai, eta autoak maite ditu.
Baina emakumearen rol kulturala, soziala, erabat bereganatu du.
3) Eta hona hemen (Raquel) LUCAS PLATEROren
INTERSEKZIONALITATEen adibide argia. Bilbon iaz entzuteko aukera izan nuen,
zuzenean. Izugarri interesgarria. Diskriminazio kausak pertsona batzuengan
pilatzen direnean ematen den egoera intersekzionala, transbertsala, gurutzatua:
EMAKUMEA IZATEA, TRANSEXUALA IZATEA. LESBIANA IZATEA. Hiru
diskriminazio kausa. Askotan, arrazak eta minusbaliotasunak gehituta, koadro
gogorra erakusten dutenak. Bulnerabilitate egoera ezberdinak pertsona
berdinengan metatzen direnean bizi diren errealitateak. Egoera honen aurrean,
ordea, zer diote politika publikoek? Legeek? Kategoriaka legeztatzen da, baina
ez dago TRANSBERTSALTASUN horri era globalean begiratzen dion politika edo
araurik. Ezta begirik ere!!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina