2020/10/17

MUNDUAK EZIN DU GALDU DAUKAN TALENTUAREN ERDIA!




Ingurune digitala, bere abantaila eta desabantailekin, gure egunerokoan sartu da, interakzio sozialeko, ikaskuntzako eta informazioa eta ezagutza eskuratzeko modu berri bat eskainiz.

Ianire Estébanezen ustez, “online bizitzan gertatzen denak = offlinearekin du zerikusia”. Ikerketa ugarik frogatzen dute sareetan elkarreraginean desberdintasunak, alborapenak, estereotipoak eta indarrean dauden gizarte- eta botere-ereduak errepikatzen direla. Era berean, Internet, sare sozialak eta aplikazio mugikorrak indarkeria mota ugari agertzen diren espazioak dira.

Hala ere, mundu digitalak informazio-, ezagutza-, ikaste-, komunikazio- eta dibertsio-aukera ugari eskaintzen dizkigu.


Gaur egun, sare sozialek eta eskolak duten erronkarik garrantzitsuena da errealitatearen ispilu huts izatetik eragile aktibo izatera pasatzea gizarte-ordena aldatzeko eta aurreiritziak, estereotipoak eta desberdintasunak gainditzeko. Ziberfeminismoa eta hezkidetza bezalako mugimenduak helburu horiek lortzeko asmoz sortu dira.



Remedios Zafrak dioenez, Interneteko egitura horizontalak eta hierarkiarik gabeak eredu patriarkaletatik kanpo espazio bat sortzen du, eta lehengo botere-moduak ez errepikatzeko aukera ematen du. Era berean, EAEko hezkidetza-planean islatzen den bezala, hezkidetza elementu nagusia da, genero-aurreiritziak eta -estereotipoak gainditzeko. Eskola funtsezko eragile sozializatzailea da, eta, testuinguru horretan, ikastetxeak ezinbestekoak dira ikasleen artean botere-harremanak eraldatzen laguntzeko; horretarako, aldaketa batzuk egin behar dira, berdintasunean oinarritutako eta indarkeriarik gabeko hezkuntza bermatzeko. Ikastetxean eta Interneten tratu onen kultura sartu behar da.






Gazteek gero eta gehiago erabiltzen dituzte Internet, sare sozialak eta aplikazio mugikorrak; eta tresna horiek aukera asko eskaintzen dituzte, baina baita arrisku asko ere. Irakasleei, tresna digitalen eta sare sozialen erabilera mugatu beharrean, jarrera proaktiboa izatea tokatzen zaie beren erabilera arduratsu eta kritikoan hezteko. Gaur egungo eskola ezin da bizi ikasleen testuingurutik kanpo, eta gaitasun digitala curriculumean zeharka sartu behar du.



Amaitzeko, gizarte-sareen gaian interesgarriena iruditu zaidana zera izan da: eragiten dituzten abantailetan eta eragozpenetan sakontzea, zenbait autoreren iritziak eta hainbat ikerketaren emaitzak ezagutzea, ideiak antolatzen eta diskurtso propioa egiten lagundu baitidate. Eta bide horretan, autoreak, filosofiak, gizarte-mugimenduak, planteamendu pedagogikoak, hiztegia eta niretzat berriak ziren kontzeptuak sartu ditut.😃!!



Irudien iturriak:

















 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat