2016/11/03

Sexu-generoa aztergai

Simone de Beauvoir handiaren hitzek, “Ez dira emakume jaiotzen, emakume izatera iristen baizik”, “Dena hezkuntza eta ohitura kontua da”, sexu eta genero kontzeptuak bereizteko bideak garatu zituen. Hain zuzen ere, aste honetan landutakoa oso baliagarria izan da niretzat: batetik, sexu-genero sistema dela-eta, inguruan entzun, ikusi eta gertatzen denaz kontzientzia hartzen lagundu didalako; eta, bestetik, hezkidetza-eskola baten premia agerian geratu zaidalako, beste behin.

Gizon-emakumeem arteko harremanak behatuz gero, bat konturatzen da sexu-genero sistema sakonki txertatua dagoela gure bizitzetan; alegia, botere harremanetan egituratutako egitura sozialak daudela. Nola iritsi gara horraino? Hainbat balio eta portaeren barneratze-prozesu baten bidez, berezkoak eta naturalak balira bezala geureganatu ditugu agerian dauden estereotipo, rol eta arau. Ideia horiek irakurtzerakoan, kolonizazio kontzeptua datorkit burura, hots, besteen lurraldeak mendean hartzea indarkeria erabiliz. Simone de Beauvoirek esaldi ospetsuen artean dago bat hau dioena: “Gizakia izatez gaiztoa da, bere ontasuna eskuratutako kultura da”.

Halere, azpimarratuko nahiko nuke zenbait aurrerapauso ematen ari direla. Gizonezkoen autoritatea egun ez da hain sakratua, eta hainbat etxetan negoziatzeko kultura zabaltzen ari da: asko hitz egiten da, etxeko lanak banatu egiten dira, elkar laguntzen dira... Halaber, gero eta emakume gehiago moldatzen dira gizonezkorik gabe. Eta gizonezko asko boterea galtzen ari dira ez daudelako, ez direlako, edota seme-alabekin komunikatzeko gai ez direlako, ezta eurekin emozionalki uztartzeko ere. Egun, errespetua eta maitasuna irabazi egin behar dira; eta askok ez dakite nondik hasi.

Iazko ekarpenei begiratuta, Anduren hitzek zer pentsarazi eman didate; berak dio ez dagoela ados sexua eraikuntza denaren baieztapenarekin:
Sexua zerbait biologikoa da. Bizidun guztiek espeziea iraunarazteko bideak harrigarriki anitzak ditugu. Gizakion kasuan umetokian garatuko den obulu eta espermatozoide baten elkarketa behar da, eta horretarako eme baten umetokia eta obulua behar dira eta ar baten espermatozidea. Hori biologia hutsa da. Arrak edo emeak gara eta kasu gutxi batzuetan sexualizatze prozesu horrek beste bideren bat hartzen du, eta ez da posible izaten sexua kanpokaldeko organo sexualei erreparatuta zehaztea. Interesexualidadeaz ariko ginateke orduan. Hau aintzat hartuta ezin dut ulertu sexua erainkuntza kultural bat dela baieztatzea”.

6. mailako ikasleekin hezkidetza inguruan honako erronkak landuko nituzke orain arte egindakoa oinarri hartuta:

1.-Estereotipo femeninoak zein maskulinoak sakonki aztertu, irakurketa kritikoak eginez. Horretarako filmak, bideojokuak, publizitatea, komunikabideak, testu liburuak, ingurua... aztertu.

2.-Ikastolako kanpo eremuko banaketa dela-eta hausnarketa egin, eta berdintasunean nahiz aniztasunean oinarritutako proposamenak landu.

3.-Azaroaren 25 eta martxoaren 8a data esanguratsuen inguruan, genero indarkeria eta gizon eta emakumeen arteko berdintasuna landu, sexu-genero sistema abiapuntutzat hartuta.

4.-Edozein pertsonarentzako positiboak diren balioak eta gaitasunak nesken zein mutilen eskura jarri.


5.-Hainbat familia ereduren berri eman, aniztasun sexuala oinarri hartuta.


Usoa S.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat