2018/02/27

IKASIA DESIKASTEN: NORMALITATEAREN MUGAK ZABALTZEN

Aniztasunak, horrek behar luke gakoa. Aniztasunaz hitz egitea irakasleon artean ongi ikusia dago, baina zer sartzen dugu aniztasunean? eta zer normalitatearen zakuan? Nire iritziz bi aste hauetako egin beharren ostean, normalitatearen kontzeptu hori zabaldu eraldatu edo deseraiki eta berreraiki behar dugula ohartu naiz. Femenino maskulino sistema bitarra baina, gehiago dela continium batean ulertu beharreko zerbait. Ideia sinple baina era berean konplexu honek, sistema patriarkala hankaz gora jartzen du, jada, ezin baita jaiotzetik zaku batean edo bestean sartu norbait. Norbera da, soka luze horretan bere lekua hautatzen duena eta kanpotik ematen edo jartzen dizkiguten etiketak apurtu eta geure burua modu askean definitzeko aukera sortzen zaigu. Horrelaxe dio Aingeru Mayor sexologoak ere, “Kontzeptu horren arabera, dikotomia gisa ikusi beharrean sexua, continuum gisa hartzen da. Horrela, sexuan dagoen aniztasuna esplikatzen da”. Bere ustez, beste diziplinek ere kontzeptu horrekin egingo balute lana, askoz ere hobeto ulertuko lituzkete nahastetzat jotzen dituzten kasuak, eta ez litzateke arazorik egongo aniztasuna onartzeko eta esplikatzeko.

Bide horretan lehen harriak jartzen hasi gara eta guk ikasitakoa desikasi eta gizarte patriarkalak inposatutako heteronormatibaren mugak gainditzeko gai garela sentitu dut bi aste hauetako jardueretan. Baina era berean, ohartu naiz nire inguruan, aniztasun hori askotan ez dela onartua, aipatu ditudan bi mutur horietatik kanpo sortzen diren identitateak ikusezin bihurtzen ditugula edo estereotipoz josita agertzen dizkigute, sistema patriarkalaren nagusitasuna beste behin azalean utziz. Hedabideetan, edota hezkuntzan zabaltzen diren mezuek garrantzia handia dute deseraikitze prozesu honetan aniztasuna eta normalitatea kontzeptuak bateratzeko bidean

Bide honetarako, baliabideak geroz eta gehiago sortzen ari dira, ipuin edo album ilustratuak oso baliabide interesgarriak iruditzen zaizkit bereziki, Lehen Hezkuntzako lehenengo mailetako ikasleekin lan egiteko. Amelia Barquinek bere blogean gomendatzen dituen liburu hauek esaterako gomendagarriak iruditzen zaizkit: 

-Nerea García; ilustratzailea: Ángel Mª Remirez de Ganuza (2016). Ni Nerea naiz. Bartzelona: Bellaterra.

-Jessica Herthel eta Jazz Jennings; ilustratzailea: Shelagh McNicholas (2016). Jazz naiz. Bartzelona: Bellaterra.

-Alba Barbé i Serra eta Sara Carro Ibarra; Ilustratzailea: Joan Turu da (2016): Cola de Sirena. Bartzelona: Bellaterrra.

-Pello Añorga; ilustratzailea: Jokin Mitxelena (2016). Ispilutxo. Donostia: Elkar.

-Ana Jaka; ilustratzailea: Patxi Gallego (2016). Marimutila naiz, eta zer?, Donostia: Elkar.



Aingeru Mayorren “neskak eta mutilak” izeneko, albumak ere begiak zabaltzen laguntzen die ikasleei eta laster ulertzen dute eta desikaste prozesua laster jartzen da martxan. Hona hemen liburuaren bideo laburpena: https://vimeo.com/190868280



Gida liburuei dagokienez, Steeilas sindikatuak proposatutakoak modu sinple eta azkar batean gauza ugari azaltzen dituela esango nuke. Genero eta aniztasun sexualerako gida. Ikus-entzunezko baliabideak erabili izan ditudanean, Rainbow elkartearen proposamenek oso ondo funtzionatzen dute. Filmak eta hauekin lan egiteko zenbait fitxa proposatzen baitituzte. http://www.rainbowproject.eu/material/eu/bob.html

Aurreko urteko ikastaroko kideen posten artean, Amaia Chuecaren Sexualitate Anitzei arreta jarriz posta hautatu dut. Gustatu zait astean egindako lanari buruz egindako gogoeta eta baita aurkezten dituen baliabideak ere, irudi zein laburmetraia interesgarriak direla iruditzen zait. 

Amaitzeko, esan bezala aniztasuneranzko bide honetan hezkuntzaren eta gizartearen erronkak nire ustez honako hauek dira:
  • Eredu ezberdinak erakustea, ezagutzea eta bistaratzea, normalitatearen mugak zabalduz. 
  • Gure gorputzak ezagutzea eta aniztasunaren kontzeptua zabaltzea eta sexu, zein identitate aniztasunak ezagutu eta errespetatzea.
  • Pertsonen arteko harremanak hobetzea.
  • Ikastetxea gune seguru eta askea bihurtzen hastea, heteronormatibak markatzen dituen mugen barnean sartzen ez diren ikasleei laguntza eta babesa eskaintzea. Errespetuazko elkarbizitza sustatzea. 
  • Sexualitatearen gaiari txiki txikitatik ikasgelan leku egitea, gai atsegin eta interesgarri gisa aurkeztuaz.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina