2018/02/26

LESBIANISMOA AUKERA POLITIKO BEZALA


Jakin badakit jarraian eman behar dudan iritzia oso subjektiboa dela, norberaren ibilbide, ezagutza eta esperientzien araberakoa, baina, pertsonalki, HEH ikastaroko III. Blokeko 2. astean lantzen ari garen edukietan topatzen ari naiz orain arteko planteamendu berritzaile gehien, zein aberasgarria! Egun hauetan konturatu naiz, gutxi pentsatu izan dudala sexu- genero- identitate eta aniztasunen inguruan eta landutako euskarri anitzek, honetan apur bat sakontzeko parada eman didate.

Zabaldu zaizkidan perspektiba berrietatik bat aukeratu behar izango banu, sexuaren eraikuntza sozio-kulturalarena izango litzateke, zehatzago  esanda, sexualitatearen (norberaren desio eta fantasiekin lotura duena) eraikuntza sozio-kulturalarena: Argi daukat generoa gure gizartearen asmakizuna dela. Sexu-biologikoa ere, binarioa den momentutik, medikuntzak eta zientziak guztia sailkatzeko duen beharretik sortutako erantzuna dela ulertzen dut. Patriarkatuak bere biziraupenerako derrigorrezkoa duen heterosexualitatea inposaketa dela arazorik gabe onartzen dut, ia guztiok modu berdinean egiten ditugun gauzen atzean ageriko edo ezkutuko inposaketa bat dagoela pentsatzeko joera dudalako. Pixka bat gehiago barneratzea kosta zaidana da, sexu-orientazioa erabakia izan daitekeela dioen ideia:



Kattalin Miner Perezek eta Lore Etxeberria Lujanbiok “Bollera da bide bakarra” bideoan planteatutako ideia honek galdera piztu dit: Gure sexu-orientazioa norberaren desiren araberakoa da, baina, honek derrigorrez horrela izan behar du? Gerta liteke hautuari, erabaki politikoari kasu honetan, lehentasuna eman eta zabaldu den bide berri hori egitean desioak etortzea? Beti pentsatu dut homosexuala edo bisexuala zarela, zure sexu berdina duen norbaitek erakartzen zaituenean (jakinik gizarteak guztiz baldintzatzen dituela desio horiek), baina aipatutako egileen bideoak, lesbiana izatera egiten duten gonbidapenarekin batera ;) ibilbidea beste bat izan ote daitekeen galdetzera eraman nau.



Lesbianismoaren gaiarekin nagoenez, sentsibilizaziorako, aste honetako irakurgaian jasotzen den bideo hau proposatzen dut:



Uste dut (kasu honetan) bigarren hezkuntzako gazteekin, heteronormatibitatetik aldenduz dauden aukerak aztertzea beti dela interesgarria eta bideoaren protagonista nola sentitzen den eta lagunek ematen dioten babesaren garrantziaz hitz egitea aberasgarria izan daiteke oso.

Eremu hezitzaileetan hau guztia sakontzeko erronkei buruz, oraintxe aipatutako bideoarekin lotura eginez, hauek aipatutako nituzke:
  • Haur eta gazteei heteronormatik at dauden beste aukerak gerturatu. Eredu desberdinak eman.
  • Aniztasuna, aberastasuna eta dibertsioa dela sentitzera eta bizitzera eramango dituen esperientziak aurkeztu.
  • Sexu-genero sistema inposatutako estereotipoak eta rol banaketak elkarrekin aztertu.
  • Hau guztia lantzeko, formazioa, denbora eta aurrekontua izan.

Aurreko urteko edizioko posten artean, “identitateak eta aniztasun sexualak” izenburua duen hau aukeratuko nuke. Gaiaren primerako laburpena egiten duela iruditu zait eta hezkuntzan landu daitezkeen hamaika baliabide proposatzen ditu!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina