2017/11/12

Askatasuna eta duintasunaren konkistan



Feminismoari
Esker irauliko dugun
Mundua da honakoa.
Iraultza, behetik eta ezkerretik egiteko
Norabide posible bakarra.

Istoriak bere ertzik
Sotilenak suntsitu eta
Morez tintatuko dizkigula badakit... eta,
Oldarraldi horren protagonista geldiezinak gara gu, lagunok.

Askatasunez eta duintasunez bizitzeko
Konkistan arituko garen inurri, lehoi eta marrazoak!




Wikipediaren aburuz, feminismoa definizioz, emakumeen esperientzian oinarritutako eta iraganeko zein gar egungo erlazio sozialak kritikatzen dituen teoria sozial eta praktika politikoen multzo bat da. Gizonen eta emakumeen arteko eskubideen ezberdintasuna kritikaztzen du eta emakumeen sustapena aldarrikatzen du. Esaten denez, mugimendu hau XX.mendean agerikoa izaten hasi zen , baina historian zehar hainbat emakume izan dira feminismoa defendatu dutenak: Frida Kalho, Clara Ztkin, Indira Gandhi...

Feminista izateak ez du esan nahi emakume guztiak honen alde egotea, askok jendarteak jarritako rola onartzen dute eta errealitate kulturala bailitzan ikusten dute. Horrez gain, mugimendu honen barnean ikusmolde anitzak nabarmendu daitezke: feminismo kulturala, erradikala, ekofeminismoa, liberala, marxista, filosofikoa, kristaua... ertz ugari dituen mugimendu zabala dugu, beraz.

Feminismo teoria eta lan egiteko modu anitzak egon arren, ikuspegi ezberdinok sistemaren eraso berberak pairatzen dituzte oinarrian. Jarraian dago Feminismoarne Historia laburbildu nahi duen bideo labur bat:

 

Nire bizitzan zehar, FEMINISMOAK presentzia nabaria izan du praktikan, baina ez modu kontzientean. Nire militantziari esker jakin izan dut (beste kide batzuk aipatu bezala) feminista izan, banaizela, pentsamenduz... baina praktikan? Teoriatik harago? Eta zein izan da jaso izan dugun formakuntza gaiaren inguruan? Zenbat emakume erreferenteren historiak eta jakintzak ikasi ditugu? Zenbatekin konpartitu ahal izan ditugu esperientzia hurbil eta esanguratsuak? Nortzuk ikusi ditugu goi kargu garrantzitsuetan? Zeintzuk izan dira eta zen balore edo reolen azpian aurkeztu zaizkigu?

Nire ustez lehentasunez aurre egin beharreko erronka garrantzitsu bi daude hezitzaile gisa:

  • FEMINISMOA ETA ERREFERENTE FEMINISTAK TXIKITATIK EZAGUTARAZI 
Feminismoa bizitzeko eta mundua ikusi eta eraikitzeko bestelako modu bat izanik, egunerokoan jaiotzen garen unetik izaki ahalik eta askeetan hazteko eta hezteko zeregina izan behar dugu. Horregatik, ezinbestekoa da adin bakoitzean pairatzen diren eraso heteropatriarkalak ekidin eta aurre egiten erakusteko estrategiak bilatu eta aplikatzea. Alegia, pertsonen ahalduntzea eta botere harremanik gabeko bizimodua, egunerokoan egiten den hori da, eta horretarako, ezinbestekoa dugu erreferente feministak ezagutarazi eta geure bizitzen lehen lerroan kokatzea.

  • FEMINISMOAREN INTOXIKAZIO MEDIATIKO ETA ESTRUKTURALAZ JABETUARAZI, KONTZIENTZIAK ASTINDU, BETAURREKO MOREAK BANATU
Haurrekin eta belaunaldi gazteekin eskuhartu behar dugun bezalaxe, nire ustez hezkidetzaren esparru ahantzietako bat ere ekarri behar dugu eguneroko agendara: helduon mundua, hain zuzen ere. Honetan esku hartu ezean, alferrikakoa izango baita eskoletan edo hezitzaile gisa dihardugun eremuetan eragiten saiatzea. Egunaren ehuneko zatirik handiena, sistema kapitalista patriarkalaren jendartean murgilduta pasako dute gure txikienek, eta hots, ezinbestekoa dugu kontzientzia feministak astintzea, intoxikazio mediatikoak salatzea, eta diskurtso erasokorrak salatu eta gelditzea. Hau da, ahalik eta betaurreko more gehienak zabaldu behar ditugu jendartean (familian, auzokideen artean, eskolaz kanpoko ekintzetan, merkatalguneetan...)



Joan den urteko postak begiratzeko hartu dudan tartean, Maitek idatzitako “Feminismora bidean norbere buruarekin borrokan” artikulua aurkitu dut, eta gogoeta arina eta ederra iruditzeaz gain, material eta bideo batzuk aurkitu ditut, nire buruan bazeundenak, hor nonbait, kaxoiren baten gordeta. Gustu handiz berreskuratu dut “Arrakalak” dokumentalaren hausnarketatxoa, edota Miren Amuriza Plaza feminista aktiboaren inguruko biografia azkarra. Bere ekarpenak ikaragarri onak iruditu zaizkit beti. Hasi plazako emakume izatetik, jarraitu unibertsitateko irakasle gisa, eta nola ez, egunerokoan Berria egunkarian uzten ditun ale politen irakurle fidela naiz ni. Bere hausnarketa feministak aktualitatearen puntan dauden honetan, ezin ahaztu emakume gazte honen potentzialtasuna eta erreferentzia ukaezina. Orain gutxi berreskuratu nuen bere proposamenetako bat, gabon kantei ere buelta emanez...
Emakume erreferentzialak topatzeko GABILTZA - Euskal Herriko Emakume Aritu eta Adituen Datubasea sortu zuten orain gutxi. Han aurki ditzakegu, urrutirago joan barik, emakume feminista andana. Eider Olazar Elduaien eta Oihana Etxebarrieta Legrand kazetarien ekimenez abiatu zen eta emakumeok hitza hartu eta lau haizetara zabaltzeko giltza izan zen proiektutxo hau. Subjektu pasibo izatetik subjektu aktibo izatera pasa nahi dituzte horrela bertako erreferente asko, eta are gehiago, unibertsitate eta titulu ofizialdun horietatik harago joan dira ekimen honetan, aritua izateak, sarritan, aditu bilakatzen baitu norbera zeregin edo eremu konkretu batean.





Emakume feministen zerrendan euskaldun bat hautatzeko gogoa izan dut posta idazten hasi naizenetik, eta asko datozkit burura. Hala ere, Estitxu Eizagirre Kerejeta (Hernani, 1979) Argiako Zuzendaria aipatzea gustatuko litzaidake.

Niretzako egun erreferente handia den pertsona da bera, horizontala, umoretsua, azkarra, talde lanekoa, kolektiboa ikuspegi emozionaletik zein profesionaletik zaintzekoa, arlo pertsonala eta soziala orekatzekoa... eta batez ere, feminista. Bere egunerokoa feminismotik eraikitzen duen aktibista transgresorea.

2013tik Argiako zuzendaritzan dihardu buru belarri, eta kazetaritza ezkerretik, behetik eta euskaraz egiteko gaitasuna eta profesionaltasun ikaragarria erakutsi du geroztik. Taldea zuzentzeko modu arduratsua erakutsi du beti, botere harremanak ahalik eta gehien indargabetu eta lan egiteko beste modurik badela demostratu du orduz geroztik. 20 urterekin lotu zitzaion hedabide honi, eta bertan hezi izan da kazetari gisa. Hekimen eta bestelako hedabide euskaldunen topagune zein proiektuetan ere murgildu izan da eta agerkariaren diskurtsoa zein ikuspegi orokorraren gidari izan dugu. “Asmatu denok asmatzen dugu, eta hanka sartu denok sartzen dugu, gero niri aurpegia ematea tokatzen zait, baina horretarako prest nago” zioen kargua hartu baino lehenagoko hilabeteetan.

Geroztik feminismoak ere leku zabala du Argiaren baitan. Baina batez ere, barne funtzionamenduan eta langileon ikuspegi profesionalean txertatzeko apustuak egiten du handi eta iraultzaile kazeta txiki-handi hau.

Ez nuke posta bukatutzat eman nahi, hedabide txikinek ere egiten duten lan handia goraipatu gabe. Esaterako HamaikaTBren eskutik IDEMtitateak: dokumental saio interesgarriak ekoitzi ziren orain gutxi, eta Argian ere, besteak beste, leku nabarmena izan dute azkeneko urteetan. Zeozer aldatzen ari garenaren seinale!







iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina