2017/11/17

JAIETAN NIK ERE PROTAGONISTA IZAN NAHI DUT!

Egutegiari begiratzea besterik ez dago urtean zehar egon ohi diren festa guztien berri izateko, egun “gorri” horiek bistaratzeko. Honekin konturatu gaitezke gure gizartean ospatzen ditugun egunak hainbat eta hainbat direla. Ospatzeko moduak ere anitzak dira; Santu Guztien egunean kanposantura joateko ohitura, Errege eguneko desfilea, San Valentin eguneko opariak…


Hala ere, esan liteke ospatzen den horri askotan garrantzirik ez diogula ematen; “jai eguna = lanera joan beharrik ez” pentsamenduak itsutu egiten baikaitu. Gainera, jai hauetako asko parrandara irteteko aitzakia gisa erabiltzen ditugu eta nahiz eta berez, jaiak guztion gozamenerako izan beharko lirateken, askotan eraso sexisten kabi bihurtzen dira. Azken urteetan, eraso sexista hauek gora egin dute bortizki festa testuinguruan.


         Honi aurre egiteko asmoz, hainbat herritan talde feminista ezberdinak sortu dira, gure ingurunean dagoen matxismo hori salatzea eta gizon eta emakumeen aukera berdintasuna bermatzea delarik beren helburua. Azpeitian, adibidez, Txitximore izeneko pertsonaia bat sortu dute, berari esker bizitza betaurreko moreekin ikusi behar dugunaren ideia sustatzea lortu nahi dutelarik, batez ere, festetan.


        Gai honen inguruko aurreko edizioetako sarrerak miatzen ibili ostean, honako hau gomendatuko nizueke. Hezkidetzaren ikuspuntutik jaiak eta ospakizunak lantzeko eskaintzen dituen baliabideak oso aberasgarriak izateaz gain, gainerako kanpo-estekak ere egokiak direla baiteritzot. Eta, zertarako ukatu... argazki hau pila bat gustatu zait:


      Hariari jarraituz, jaiak eta ospakizunak hezkidetzaren ikuspuntutik lantzeko baliabide gisa, Azkoitiko Sostenipe talde feministak eginiko protokoloa uzten dizuet, begiradatxo bat bota diezaiozuen. Baita, Altsasu eta Iurretako protokoloak ere. Hauek eraso sexisten aurrean zer egitea komeni den jakitea ahalbidetuko digute.




















          





       Amaitzeko, hau guztia txikitatik landu beharko genukeen zerbait dela esango nuke. Irakasle naizen aldetik, hezkuntza testuinguruan honako gai hau lantzea ezinbestekoa dela uste dut, oraindik ere hainbat erronka baitaude gainditzeko. Aurreko asteetan aipatu ditugun erronka guztiez gain:

- Festa ezberdinetan gizonezkoek eta emakumezkoek izan ohi duten presentzia aztertu eta honi buruzko hausnarketa egin (danborradan, alardean… partaide gehienak mutilak izatea, Olentzeroren nagusitasuna Mari Domingiren alboan eta abar)
- Eskolan ospatzen diren jaiak ikuspuntu hezkidetzaileaz antolatu.
- Tradizioak eta ohiturak aldatzea posible dela adieraztea.
- Egun moreak ezartzea, emakumeon presentzia zapaldua berpiztearren.
- Orokorrean, hezkuntza eremu bera hezkidetzailea izatea. Baita, irakasleon jokaera ere.

(Hobeto ikusteko, klik egin gainean)

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina