2019/03/13

Ezaba dezagun indarkeria matxista

Aste honetan zehar irakurri, behatu, ikertu… dudan guztiak zenbait konturekin ohartzeko bidea eman dit.
Dudarik ez dago, indarkeria matxista egungo jendartean dugun arazorik larrienetakoa dela. Gizonezkoa naizen aldetik, askotan sentitu dut lotsa heldu zaizkit berriak zirela medio. Lan erraldoia dugu aurretik egoera iraultzeko, abina lan hori egin beharrekoa da, zeren eta egin ezean ondorengoei utziko diegun jenadartea ez baita sanoa izango. Ez dut ulertzen zelan zalantzan jarri daitekeen berdintasuna beharrezkoa dela bezalako ideia bat. Azken batean, feminismoak horixe aldarrikatzen du, ez besterik. Zoritxarrez, ezin da berdintasuna egin jendartearen zati handi batek beldurra sentitzen duen bitartean.
Egin beharreko lana, nire ustetan, sotila behar du izan, gutxika egingo dena, baina aldaketa sakonak eragiten dituena. Maskulinitate berriak ikastetxeetan lantzea ezinbestekoa da, beste eredu batzuk posible eta justuagoak direla bistaratu behar da, emakumeak eta baztertuta dauden pertsona guztiak ahaldundu behar ditugu. Ikasleei tresnak eman behar dizkiegu berdintasuna berma dezagun.



Neska-mutilekin emozioen lanketa oinarrizkoa da. Kontu handiz ibili behar dugu igortzen ditugun mezuekin, ez ditzagun indartu egoera honen errudunak diren estereotipoak: neskak ahulak dira, mutilek ezin dutela negar egin… Lanaren helburua ez da zertan izan behar arriskuan dagoenaren babesa, arriskua sor dezakeenaren kontzientziazioa baizik. Izan ere, arriskurik ez badago. ez da inor ezertaz babestu behar.
Iazko post-en artean nik “Indarkeria matxistak gainditzenJanire Itsaso Bilbao Timiraos-ek idatzitakoa aukeratu egin dut. Erabat ados nago egiten duen hausnarketarekin. Nire ustetan ere, bada garaia ikuspegia aldatzeko arazoari heltzeko orduan eta fokua gizonezkoengan jartzeko.
Argi dagoena zera da, inork ez duela zertan inongo egoeraren aurrean beldurra izan behar. Lana egoera hori eragiten dutenekin egin behar da, ez jasaten dutenekin.
Hona hemen ikasleekin lantzeko indarkeria matxistaren aurkako leloa:



Ideia 3. zikloan lantzea da, leloan erabiltzen ditugun kontzeptuak nahiko sakonak direlako. Gainean Aste Santuko oporrak ditugunez gero, planteamendua 3. hiruhilabeteko lehengo astean lantzea da. Ikasleei leloaren esanahia azaldutakoan, lau taldetan kokatuta zera eskatuko zaie: kontzeptua haien hitzekin azaltzeko aurkezpen bat presta dezaten. Honetarako, haiek sortutako testuak, irudiak edota bideoak erabiliko dituzte.
Honen guztiaren gaineko lanketa justifikatzeko ez da, nire aburuz, azalpen gehiegi eman behar. Batere justua ez den egoera bat ari da bizitzen jendartearen zati handi bat eta hori onartezina da. Ez hori bakarrik, ez ginateke jendarte duin bat izango, egoerari buelta emateko gure esku dagoen guztia egingo ez bagenu. Hasierako urratsak ahalik eta azkarren ematen hasi behar da eta horretan hezkuntzak zeresan handia du.
Landu beharrekoak argi baino argiago daude: gizonezkoen inplikazioa lortu egin behar da, maskulinitate berrien aldeko lanketa ezinbestekoa da, emakume zein zapalduta dauden bestelako kolektioben ahalduntzea gakoa da. Asko dugu egiteko eta, gainera, epe luzeko lana da, hortaz, has gaitezen lanean lehenbailehen.
Amaitzeko, bi ekarpentxo hemen uztea gustatuko litzaidake:
Alde batetik, lehendik ezagutzen nuen, baina ez era sakonean, artista baten kantu eder bat nahi dizuet oparitu: Artista Zahara da eta hona hemen aste honetan jorratu dugun gaia jorratzen duen kantu borobil hau.


Beste alde batetik, martxoaren 8a dela eta Bilboko metroan erabili duten kartela nahi dizuet hona ekarri, oso egokia iruditu zaidalako.



Kartelean irakur daitekeen bezala: “Berdintasuna da aurrera egiteko BIDEA”.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina