2021/01/30

CURRICULUM eta BALIABIDEEI buruz HAUSNARTZEN

Hona hemen nire leloa:




“Hezkidetza eskola mistoa gainditzen duen esku-hartze hezitzailea da.  Pertsona guztiak parekidetasunean eta diskriminazio ezan heztea du helburu, sexu/genero sistemaren araberako menperatze harremanik ez da eraikiko modu honetan eta diferentziatik berdintasunean heziko da. Hori lortzeko, ikasleen trebetasun guztiak garatu eta estereotipo eta aurreiritziak deuseztatuko dira bakoitzaren diferentziak eta ezaugarri pertsonalak baloratuz".


Historian zehar garatu diren hezkuntza-ereduak sistema patriarkalaren arabera finkatutako genero maskulino eta femeninoaren hierarkizazioan oinarritu izan dira, eta hierarkizazio horrek eragin handia izan du hezkuntzan.

 

Honela, mutikoek eta gizonek makronortasuna, neurriz kanpoko autoestimua eta autokontzeptu positiboa garatzen dituzte. Beren sexua onena dela eta gizartean baloratuta eta onartuta dagoela ikasten dute eta, gainera, ordena sinboliko unibertsala dela ere pentsatzen dute. Neskatoek eta emakumeek, ordea, genero-nortasuna garatzerakoan, "emakumezkoak" izateagatik beren buruak gutxietsi egiten dituzte, gizartean ere hala baitaude estigmatizatuta.

Historia gizonezkoek idatzi eta interpretatu baitute, gizonezkoa protagonistatzat hartuta idatzi eta interpretatu ere. Sistema patriarkalean inoiz ez dira emakumezkoen jakintzak onartu eta, gainera, legitimatutako "jakintza akademikotik" at utzi izan dira beti. Horrek guztiak, bada, ondorengo ondorioak eragin ditu:

 

● Gizonezkoen monopolioa definizioetan.

● Androzentrismoa zientzian, filosofian, historian, hizkuntzan…

 

Horrela, gizonezkoek beren buruak hartu dituzte ardatz gisa eta, horretaz gain, "kulturak" eraiki dituzte, gertakari historikoak beren kontzeptuen arabera interpretatu dituzte, emakumezkoen jakintza baztertu egin dute eta gizateriarengan eta gizartean ondorio larriak eragin dituzten kontzeptuzko hutsegiteak manipulatu eta sortu dituzte…

 

Aurreko guztia kontuan izanik, nondik hasi? Hauek izan daitezke curriculum hezkidetzailea eraikitzeko eman ahal ditugun pausoak: nolako jarduerak, edukiak, metodologia eta materialak sustatzen ditugu?

 

Marian Morenok hezkidetzaren ikuspegitik ikastetxearen diagnostikorako oinarrizko, ertain eta goi-mailako analisi maila ezberdinak proposatzen ditu:

 

● Oinarrizko mailan: idatzizko hizkuntza, ospakizunak.

● Ertainean: dokumentazio ofiziala, ekintza zehatzak, baliabideak eta testu-liburuak, tutoretza eta orientazio akademiko-profesionala, zuzendaritza-taldea.

● Goi-mailan: idatzizko zein ahozko hizkuntza eremu guztietan, liburutegia, elkarbizitza-plana, espazioak, heziketa afektibo-sexuala.

 

 

EDUKIAK, METODOLOGIA ETA MATERIALAK sexistak izan daitezke. Honen adibideak emateaz gain, galdera interesgarriak luzatzen ditu hausnarketa prozesua bideratzeko: Emakumeen ekarpenak agertzen dira? Ekarpen hauei buruzko balorazio positiboa egiten da? Etxeko esparruaren jakintza (zaintza-lanak, etxeko ardurak, teknologia eta jarduera zientifikoak …) erabiltzen da era esplizitu eta positiboan? Emakumeen interesak, beharrak, ikuspegiak islatzen dira? Neska eta mutilen arteko parte hartze orekatua bilatzen da? Parekidetasuna bultzatzen du? Nesken zein mutilen garapen osoa? Hizkuntzaren erabilera ez-sexista da? ...

 

 

Eta diagnostikoa egin ondoren zer? Hezkidetzailea denarekin zalantzarik ez, baina zer egin sarritan hezkidetzaile EZ direnekin?

 

 

 

-DAGOENA IKUSPEGI KRITIKOZ AURKEZTUZ MANTENDU

-DAGOENA MOLDATU //OSATU

-HEZKIDETZAILEA DEN BATEKIN ORDEZKATU

-FALTA DENA SORTU

 

Aurreko edizioetako sarreren artean, Olatzena aukeratu dut, irakasleon arteko auzi zahar bati  buruz hausnartzera ausartu delako: Curriculumaren aldatzeko beharra. Hona hemen, apunte azkar bat: “…curriculumak bi helburu argi izango balitu, pertsona integralak eta komunitate inklusibo bat lortzea, hezkuntza errotik aldatuko litzatekeela uste dut eta modu hontara, pertsona askeagoak, zoriontsuagoak, hobeak eta gizarte justuago bat lortuko genukeela iruditzen zait. Androzentrismoaren ordez, pertsona anitzen ikuspegitik mundua ulertuz.”.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat