2018/02/18

Genero identitatearen aldakortasuna


Interesgarria eta zentzuzkoa iruditu zait oso genero identitatearen aldakortasunaren perspektiba. Azken finean erabat integratua daukagu gure bizitzan aldakortasunaren ideia. Urteak igaro ahala, pertsona hazten eta hezten doa, beraz, “normala” eta derrigorrezkoa da izaki hori egiten duten osagai desberdinak bidean eraldatzen joatea: Itxura fisikoa, bizitokia, zaletasunak, ezagutza eta jakintza maila, lagun taldea, desioak eta ametsak, familia, lanpostua… Nire buruari galdetu diot ea badagoen zerbait jaiotzen garenetik hiltzen garenera berdin mantentzen dena. Oso zerrenda laburra ateratzen zait, egia esan. Beraz, bizitzan zehar gure nortasuna aldatuz eta osatuz badoa, ez al da erabat koherentea honi hertsiki lotua dagoen genero identitatea ere eraldatzen joan daitekeela pentsatzea? Zergatik dago hain onartua bizitzan zehar bide-lagunak aldatuko ditugula eta hain “zigortua” genero identitatea eraikiz eta deseraikiz joango garela pentsatzea? Berriro ere heteropatriarkatuaren aginduei muzin egiten dien premisa delako eta jarrera hau orokortuko balitz, kotzepzioaren iraupena (heteropatriarkatuarena esan nahi dut) kolokan ipiniko zelako. Beraz, genero identitatearen aldaketaren ideia orokortua ez dagoenez, ez da behar bezala baloratzen-sozializatzen eta “arraro” bilakatzen da diskriminazio eta bazterketari ateak zabalduz. Begiratzea besterik ez dago aste honetan Hondarrun gertatutakoari: http://chrysalliseh.eus/2018/02/16/negar-malkotan/?lang=eu



Heziberri 2020-ri dagokionez, identitatearen garepenari lotua dagoen genero kontzeptuari buruzko esaldi honekin gelditzen naiz (45.orria):
“Genero aniztasuna: Gizarte-konstrukto bat da generoa, ikasle guztien oraina eta geroa baldintzatzen dituzten desberdintasun bidegabe askoren berri ematen diguna”.
Eskola inklusibo eta aniztasunaren atalean egiten da aipu hau, aurretik azpimarratuz “…baliotsua aniztasun positiboa da, gizaki izateko aukeren ispilu izateaz batera aberastu ere egiten gaituelako. Gizarte-talde guztiak izaten dira anitzak, eta horrek ikasteko eta hobetzeko aukera ematen digu” (45. orria).
Ezkutuko kurrikulumean ordea, badaude hamaika erronka egoera ideal honetara iristeko gainditu behar direnak. Nagusiki, esango nuke, bertan lan egiten duten profesionalen formazioarekin, borondate eta nahiarekin eta aurrekontu egoki batekin gainditu daitezkeenak; genero-identitate eta sexu-identitate eredu desberdinak aurkeztu eta landu, binarismoa saihesten ahalegindu, genero rol eta estereotipoak landu, espazioak, jarrerak, metodologiak, edukiak honen arabera aldatu etab.

Nire inguruko genero-identitateetan emandako aurrerapenei buruz pentsatzen jarrita, aurrerapenik ez dela egon idaztera tentatua egon naiz. Hausnarketa sakonago batean emakumea – trans – gizona muturreko erpinen artean mila kolore daudela ondorioztatu dut berehala eta guztiok gure inguruan hain femenino edo maskulinoak diren pertsona ereduak baditugula uste dut. Familian, lagun artean edo gure eredu horiek aurkitzen ditugunean, uste dut aurreiritzi guztiak gaindituz ikasten dugun lehenengo lezioa dela, guztiok PERTSONAK garela, horrek BERDINDU egiten gaituela eta zenbat eta pertsona eredu gehiago ezagutu aberasgarriagoa izango dela gure burua eraikitzeko aukera eta modu berriak ikusten ditugulako.

Lehengo urteko ikastaroan argitaratutako post-en artean, Alasneren “Identitateen garapena. Gakoak” sarrera aukeratuko nuke. Gaiaren laburpen bikaina egiten duela iruditu zait, berarekin erabat ados nago gizarte anitz eta justu batean identitatearen eraikuntzak askea izan beharko lukeela esaten duenean eta “Papa´s boy” animaziozko laburmetraia, gaia txikienei gerturatzeko primerakoa iruditu zaidalako.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina