SAREAN SARETZEN
Lanerako baliabide oso aberatsa sentitu dut betidanik mundu zibernetikoa. Internetek behar duzun instantean nahi duzun hori ematen dizulako. Ideia baten gainean euskarriak eta errekurtsoak bilatu eta hori bera hornitzeko bide azkar eta erraza delako. Maiz erabili izan dut, bere arrisku guztiekin. Nire sormen prozesuek ondorioz ere, aldaketa jasan dute. Ideia osoa eraiki aurretik ideia berriez jantzi ohi bainaiz Marian Morenok dion San Google-en.
Sare sozialekin nahiko hotza izan naiz beti. Hurbileko harremanetan sinisten dut, zibernetikoen aurretik. Begiradak, keinuak, hitz bakoitzaren hotsa, aurrez aurre duzunaren ahotsa, emozioa, gorputzaren hizkuntza… Horiek guztiak diskurtsu edo mezuari zentzua ematen diotenak direla sinisten dut. Sare sozialetan suertatzen diren mezuek, zintzoak izanda ere, fikzio tantak dituztela sentitu dut beti. Gure komunitatean irudi bat saldu ohi baitugu beti. Garenaren osotasuna ezkutatzen trebatuz. Afektu beharra birtualki asetzeko saiakeran, hutsunea handiagoa ez ote den hausnartu dut sarri. Jarritako itxarobideak betetzen ez direnean, edo nahi dugun erantzuna ematen ez zaigunean.
Haur Hezkuntzako hezitzailea naiz. Eta sozializatzeko dugun ezintasunetan trebatzen, hobetzen, barneak konpartitzen eta begiradak elkartrukatzen, barkamena eskatzeko harrokeriak saihesten eta elkarkidetzaren alde onei etekina ateratzen erakusten, ditugun doai eta erroreak ikusten eta onartzen erakusten oso saiatua izan naiz betidanik. Begirada hezkidetzailea jaso nuen amagandik, eta begirada hori mantentzen saiatzen naiz, gelako haurrekin.
Gazteek hain eskuragarriak eta tentagarriak egiten zaizkien sare sozialak, ostera, hezitzaile begiradatik ezagutu behar ditugula ulertu dut egunotan. Gure errealitate hurbila bihurtzen ari direlako. Horien erabilpen egokia norberak neurtzen ikasi beharko duen arren, irakasleok eredu garen unetik, badugu zer egina. Lanean trebatzeko eta gure jakinminak asetzeko zubi berriak irekitzen ari garelako pozik nago. Gure artean sortuko dugun sareari etekin handia aterako diogula sentitzen dudalako. Sareetan dauden ereduak irauli eta berriak sortzea ere, gure esku dagoelako. Badugu oraingoan sarean saretzeko aitzakia!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina