2015/10/22

HEZKIDETZA: ZER DA? ZERTARAKO? ZERGATIK? NOLA?

Hezkidetza gakoak: konpetentzia eta balioak gaian, hezkidetza zer den ikusi dugu. Bai apunteen bidez, bai ikaslekideek egindako ekarpenen ondorioz, hezkidetzaren hainbat eta hainbat definizio ezagutzeko aukera izan dugu. Gainera, hezkidetza lantzeko arrazoiak aztertu dira, eta Hezkidetza lantzeko planak dituen zenbait erronka azaldu dira. Beste alde batetik, hezkidetzaren gakoak eta horren inguruko zenbait argibide eta estrategia ere planteatu dira.

Nire hitzetan hezkidetza da neskak eta mutilak, denak, sexua alde batera utzita, beraien indibidualtasunean hezitzea,  euren garapenean gizarteak ezartzen dituen rol eta estereotipo sexistak erreproduzitu gabe, pertsona askeak eta independienteak izan daitezen, eta besteekiko berdintasunezko harremanak izan ditzaten.

Hezkidetza lantzeko bost arrazoi  (gehiago ere badaude) hauek dira:
  • -          Indarkeria sexista dagoela gure gizartean. Hori genero-desberdintasunen eta -diskriminazioen adierazpen larrienetako bat da. Gainera, indarkeria sexista jasaten duten andreen gaztetasunak kezka eragiten dabil azkenaldian.
  • -          Gaur egun, oraindik, ikasleek ez dutelako modu libre batean aukeratzen euren ikasketa eta lana: generoaren araberako segregazioa nabarmena da, bai aukeratzen dituzten irakaskuntza-motei dagokienez eta baita jakintza-adarrei dagokienez ere, eta gero horrek baldintzatzen ditu laneko munduan sartzeko eta parte hartzeko bidea eta baldintzak.
  • -          Eskola sozializaziorako eremu oso garrantzitsua delako, beraz, ezinbestekoa da eskola komunitatea osatzen duten eremu eta pertsona guztiek genero ikuspegia txertatzea eta berdintasunaren alde lan egitea eta prestakuntza izatea.
  • -          Ikasleek ez dituztelako emakumezkoen erreferenterik eta ez dituztelako ezagutzen emakumeek historian zehar egin dituzten ekarpenak.
  • -          Harreman afektibo-sexualak izateko libreki hautatutako pertsonak garatzeko, izan ere, gaur egun, garrantzi handia dute benetako gizon eta emakume ona izateari buruzko ideiek: heteronormatibitatearekin apurtzeko beharra.
  •  

Nire jarduera hezitzailean erabiltzen dudan marko legalari dagokionez, lehenik eta behin adierazi behar dut nik ez dudala jarduera hezitzailerik egiten. Ni Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura saileko berdintasun teknikaria naiz, eta hizkuntza politika eta kultura arloetaz arduratzen naiz gehien bat. Nire jarduna Emakumeen eta gizonen berdintasunerako 4/2005 Legean oinarritzen da gehien bat. Horrek bere 29 artikuluan  hezkidetza helburu ezberdinak ezartzen ditu, horien artean honako ha: “Emakumeei eta gizonei esleitzen zaizkien portaera-eredu soziokulturaletan oinarrituta eraiki diren sexuaren araberako aurreiritzi, estereotipo eta rolak ezabatzea, sexu bateko zein besteko ikasleei beren buruak erabat garatzeko aukerak eskaintze aldera”. Irakasleen paperak garrantzi ikaragarria du neskek eta mutilek genero-rolak nola ulertuko dituzten erabakitzeko. Eguneroko lanean, irakaslea oso ondo kokatuta dago, egoera ezin hobean, pentsamendu kritikoa sustatzeko eta genero-estereotipoak kuestionatzen erakusteko. Irakasleetan, nahiz eta konturatu ez, esberdintasun batzuk sumatzen dira neskei eta mutilei buruz duten jokabidean: mutilak gehiago zigortzeko eta mutilei arreta gehiago emateko joera izaten dute, eta neskengan, berriz, mendekotasun handiagoa sortzekoa; pasibotasuna eta konformismoa sustatu ohi dituzte neskengan, eta independentzia eta indibidualtasuna mutilengan; errazago barkatzen dute mutilen portaera txarra, naturaltzat jotzen dutelako; neskak kooperatzaileago eta moldagarriago ikusten dituzte, eta mutilak beren buruarekin seguruago eta konpetenteago. Beraz, beharrezkoa da kontzientzia hartzea egoeraz, deseraikitzea eta berreraikitzea hezkidetzaren paradigma berritik.


Hezkidetzan aurrerapaso nabarmena da Eusko Jaurlaritzak Hezkidetza plana onartzea eta, ondorioz, 30 iraskasle inguru hezkidetzako ikastaroa egiten egotea. Horretarako, beharrezkoa izan besteak-beste, berdintasun formalaren ideaia desegitea, eta bereziki, eskola mistoa ez dela hezkidetzaren pareko ideiarekin amaitzea. Hala ere, lan asko dago egiteko eta denok dugu ardura. 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina