Hezkidetza, zer da?
Aniztasunaren
trataera dela esango nuke, edo txanpon bereko beste aurpegia.
Hezkidetza hezkuntza da,
eta ikaskuntza, eta eredua, eta bizitzeko modu bat. Muinean, azaleko ezaugarriei begiratu gabe garatzen
den mundua ulertzeko modua sustatzen duena. Ez bakarrik sexua edo generoa
baizik eta itxurarekin zer ikusia duen edozein alderdi baztertuz edo gaindituz
aritzen dena.
Ulertzen dut
berdintasunean heztea harremanetan aritzeko forma bat dela, desberdintasunetik
abiatuz edo diferentzia baloratuz bakoitzari behar duen espazioa eta aukerak
eskaintzea, menpekotasun arrastorik gabeko harremanak garatuz.
Hezkidetza hezitzeko modua
den heinean, parekidetasuna edo partekatutako espazioa baino haratago doan
pentsaera dela uste dut, kontzeptu bera interpretatzeko modua barne. Horregatik
gure ikastetxeetan helduok gure hausnarketa propioa, indibiduala, bakarkakoa
egiten dugun bitartean, gogoeta
kolektiboa ere bultzatu beharreko ideia aldarrikatzen dut, ez bagara ikasle,
beste langile edo senideen eredu bilakatzen, ez garelako urrutira joango, oso
gutxi aurreratuko dugulako metodologia “ez sexista” edo “hezkidetzarako
curriculuma” abian jartze arren.
Hezkidetza
nola planteatu baino heziketa bera nola pentsatu argitu beharko genuela uste
dut, eskola errealitatera nola batzen diren testuinguruko heterogeneotasunak
aztertu beharrekoan gaudela, eskola praktikak berak (eskolatze kontzeptutik
hasita) ze ohituretan murgiltzea dakarren ikertuz. Ahaztu gabe, noski,
hezkuntza ez dela ikastetxeetan bakarrik garatzen alde batetik, eta “kultura
pedagogikoak” indar handia hartzen ari dela gizarte mailan bestetik.
Ez
da “lekua” egitea ikastetxean hezkidetzari, ez denez bezala txokoa eskaintzea
kultur-arteko harremanari edo hesi arkitektonikoak suntsitzen hastea gurpildun
aulkia behar duen ikaslea gelara sar dadin. Hauek ezinbesteko baldintzak izango
lirateke, baina eraikina gauzatzeko lehen harria besterik ez direla uste dut,
luma bat airean ez badu konpromisu zehatz bat atzetik, nolabait ikastetxe
eskema zurruna desegin eta denon, inongo
adjektiborik gabe, guztion etxea
izan daitekeen kabia sortzeko konpromisoarekin.
Gizartean
konpondu beharreko “arazo” edo “erronka” nagusien aurre egiteko beharra
eskoletara esleitzen da oso erraz, ikastetxeetan estu eta larri ibiltzen
garelarik baliabide gisa erronkarekin batera esleitzen diguten oihal zati apur
horiekin trajea nola josi ez dakigula. Eta agian ez dugula traje bat josi behar
planteatu gabe, zergatik ez mantala edo turbantea?. Ez al da dena, azken finean,
pentsamendu kritikoa garatzeko beharra, gure bizitzaz eta inguratzen gaituen naturaz
zein gizartez kontziente izaten ikasteko beharra?
Iruditzen
zait sakonago begiratzen ez dugun bitartean, hau da, HEZIKETA zer den eta
HEZIKETAZ zer ulertzen dugun aztertu arte, han eta hemen petatxuak jartzea
besterik ez dugula egiten gure ikastetxeetan.
Eta, bukatzeko,
formazioari leku garrantzitsua eskaini beharko geniokeela ere uste dut. Irakurri
honetaz aspalditik ikertzen ari direnak argitaratutako dokumentuak, historia berrikusiz,
errealitateaz jabetzeko antenak erne izanez. Ikasi, formatu, “betaurreko moreak”
egoki erabiltzen trebatu ahalik eta etekin handiena ateratzeko inguruak eskaintzen
digun edozein baliabideri.
Gure artean informazioa
jaso, aztertu, eredu egokiak bilatu, martxan jarri, proposamen berritzaileak
idatzi hezkuntza proiektuan, … dena dagoela ondo eta dena dela baliagarria defendatzen
dut, baina oso pobre gelditzen dela guztia ez badugu ekintzetarako pausuak
ematen ere garbi dut. Hitzak, gogoetak, plangintzak, ebaluazio irizpideak,
denak egon daitezke ondo eta denak baliagarriak izan, baina benetan lagunduko duena hezkidetzan ere, aniztasunaren
barruan sartzen den beste edozein arlotan bezala, ekintzetarako prest egotea
eta gure bizitzako alderdi guztietan nolabaiteko “militanteak” izatea dela
iruditzen zait.
Ahal den guztietan,
gainera, umorez, gure buruaz farre sanoa eginez, bizitza gozatuz, alaitasunean
murgilduz. Ironia ere altxor baliotsua bilaka daitekeela ikusi dut behin baino
gehiagotan…
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina