2017/02/02

Nork bere iparra aurkituz

Aste honetan, orientazioa eta aukera akademikoak izan ditugu eztabaidagai. Dudarik gabe, gai mamitsua, gazteen etorkizunari begira zeresan handia duena. Izan ere, tutoretza eta orientazioen bitartez, proiektu pertsonal eta profesionala eraikitzen goaz.

Aitortu beharra daukat, hasieran, gaian sakon murgildu aurretik, orientazioa eta aukera akademikoen inguruko hausnarketa gutxi eginak nituela hezkidetza gaia hizpide izanik. Gizarteko presio kulturaletatik zein sozio ekonomikoetatik urruti zegoen hautua zelakoa nengoen; hautu pertsonala zela alegia. Eta neurri handi batean hala da. Zergatik? Oharkabean eragiten digulako gizarte patriarkalak, sinestaraziz berak inposaturiko nahi eta helmugak gureak direla. Orain konturatu naiz bai, hautu guztiz manipulatuak. Kulturalki ikasitako estereotipoek baldintzatu dituzte guzti guztion bizitza-itxaropenak, erabakiak eta ametsei jarritako mugak.

Beraz egia da bai, tutoretza eta orientazio arloa oso garrantzitsuak direla, dituzten funtzio eta baliabideengatik, baina kontuan izan behar dugu alorrak ez  direla isolatuak. Hau da, gainontzeko arloen eta orokorrean eskola komunitate osoaren partaidetza eta inplikazioa funtsezkoa da. Aspektu asko daude aldatzeko (identitate eta bizitza eredu anitzak eskaintzea, parte hartze parekidea bultzatzea, errepresentazioa orekatuak etab) eta horretarako eragileen arteko harremana, batasuna funtsezkoa da.



Iazko urteko ikastaro kideen ekarpenei erreferentzia eginez, ondorengoa hautatu dut: http://hezkeh0506.blogspot.com.es/2016/01/orientazioa-eta-aukera-akademikoak_31.html .  Bertan, material eta web orri didaktiko ezberdinak proposatzen dituelako,  oso interesgarriak eta gomendagarriak.  


Astean zehar landutako baliabideen artean ondorengo artikulua aipatuko nuke: “bizitzaren aurrean, betaurreko moreak. Nerabeak eta hezkidetza: nola jarri zaintza erdigunean”.  http://www.hikhasi.eus/artikulua/2244

 Bertako bi ekarpen hauek partekatu nahiko nituzke niretzat esanguratsuak direnak: 

“Pertsona erdigunean jartzen badugu, berarengan konfiantza baldin badugu eta ikasten laguntzen badiogu, pertsona hori bere bidea egiteko gai izango da. Kasu horretan emaitzak ere hobeak izango dira, hobeto sentitzen delako, konfiantza daukagulako bere gaitasunetan, eta ikas-prozesuaren ardura ere berea izango delako. Egungo exijentziak eta kontrolak zenbaitetan pertsonaren dimentsio osoa galtzea dakar, eta egoera horretan pertsona ondo sentitzen ez bada, emaitzak ere okerragoak izango dira”.

“Askotan entzun izan dugu ‘nik denak berdin tratatzen ditut’ edo ‘nire ahalegina da ikasle guztiekin modu bertsuan jokatzea’ etab. Baina, begira diezaiegun benetan ditugun aurreiritziei, nola tratatzen ditugun mutilak  eta nola neskak, zein estereotipo ditugun guk geuk gizon edo emakume garen heinean, bertako edo kanpoko, heldu edo gazte … Horretaz jabetzeak aukera ematen digu gure harremanetan eragiten duten aurreiritzi horiei guztiei aurre egiteko eta tratu onak bideratzeko. Azken batean, bizitzaren aurrean betaurreko moreak eta betaurreko gozagarriak janzteko urratsak egitea da gakoa”.



Azkenik, orientazio akademiko hezkidetzailea lantzeko erronkak, nagusia ikasleen banakotasunaren aitortza da. Hau da, ikasleen banakako desberdintasunetatik abiaturik eta genero ezarpenak izan duen eragina kontuan izanik, ikasle bakoitzari bere hezkuntza prozesuaren protagonista izateko eta bizitza esparru guztietan bere burua orientatzeko gaitasunak garatzeko laguntzea.  Horretarako ondorengoak ezinbestekoak dira:

  •  Hezkuntza komunitate osoaren eragina aitortzea eta guztien inplikazioa sustatzea.
  •  Elkar – ardura eta etxeko lana berdintasunean partekatzea gizon eta emakumeen artean
  •   Lana ( enplegua) izatearen beharra sustatzea emakume eta gizonentzat.
  •  Estereotipoen kritika, bazterkeriak aldentzera eramango dituztenak.
  •   Errepresentazio eta eredu orekatuak eta anitzak eskaintzea.
  •    Parte hartze parekidea, hizkuntza hezkidetzailea aintzat izanik.


Hitz gutxitan genero bazterketa elikatzen ez jarraitzea;beraz, arreta jartzea curriculum esplizitu androzentrikoari eta ezkutuko curriculum sexistari. Arreta jarri, hausnartu eta esku hartze posibleak aurrera eraman.







iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina