Hausnarketa:
Aste hasieran uste nuen
orientazioa eta aukera akademikoak gaia jorratzerakoan, erabat kontzientziatua
nengoela eta genero ikuspegitik begiratzen nituela gai honen inguruko aspektu
guztiak.
Orain konturatu naiz, gai honetan ez nuela
benetan erreparatu. Desberdintasunak ikusten banituen ere, ez nintzen konturatu
hainbestekoak zirenik ez eta hain txikitatik zetozenik ere. Desberdintasunak,
ikasle eta hezitzaile bezala ikusi nituen, eta kontziente nintzen, baina ez
nuen uste irakasleen aurreiritziek kalifikazioetan eragina izango zutenik,
besteak beste.
Gai honen garrantzia zehaztu
beharko banu, esango nuke hezkuntza eragileok genero- ikuspegiaren betaurrekoak
kendu gabe aztertu behar dugula zer gertatzen den, zergatik, zer egin behar den
eta nola. Begirada hori orientazio eta tutoretza arloetan uneoro mantentzea oso
garrantzitsua da, zeregin hauetan sexismoaren eragina aspektu desberdin
guztietan kontuan hartu behar baita eta horrek dakarren bazterkeriaren
desagerpena sustatu.
Iazko ikastarokideek egindako post bat:
Aukeratu dudan post-a,
Maitane Ortiz de Martioda-rena da: Orientazioa
Esanguratsuak diren datuak edo baliabide
interesgarriak aipatu:
Orientazioan genero ikuspegitik ikertu, pentsatu eta planifikatzea
funtsezkoa da. Jendarte bakoitzak neska izatea eta mutil izatea zer den modu
ezberdinean interpretatzen du, baina, aldi berean, kultura ezberdinetan ezaugarri
asko errepikatzen dira eta horiek eragin handia dute pertsonak duen auto- ezagutzan,
aukeretan eta auto- balorazioan. Gehienetan maskulinoa denaren eta femeninoa
denaren interpretazioek sexu bakoitzaren bizipenak murriztutako gune eta
roletara mugatzen dituzte. Horregatik, emakume zein gizon izateari esanahi
librea eman ahal izateko, batzuen eta besteen ekarpenak, sentimenduak eta
interpretazioak onartzea beharrezkoa da eta, hortik abiatuta, bizitzarako,
ikasketetarako eta lanerako orientabideak ematea ere.
Orientazioak esku hartze kontzientea eta etengabeko prozesua izan behar du,
hezkuntzaren esparru eta maila guztietan gertatzen dena, curriculumean
integraturik egon eta hezkuntza- komunitate osoaren inplikazioa duena.
Hala ere, curriculum esplizituak androzentrikoa izaten jarraitzen du:
emakumeek garaturiko konpetentziak (autozaintza eta pertsonen zaintza, elkar
ardura, emozio eta sentimenduen mundua...) kanpo geratzen dira eta egindako
ekarpenak ezagutza- eremu guztietan isilarazita daude; ezkutuko curriculum
sexista (harreman formal eta ez- formaletan) era inkontzientean transmititzen
da: komunikaziorako hizkera sexista, neska eta mutilekiko itxaropen bereiziak, neska eta mutilen jarrera eta ekintzen balorazio desberdinak, lana eta arduren banaketa
ez parekidea, espazio eta denboraren erabilera, jokoak, jaien antolaketa,
antolakuntza, partaidetza eta botere espazioak, hezitzaileok modelatze lanean
eskaintzen ditugun eredu baldintzatuak…
Guzti honi lotuta, neska edo mutilengan jartzen diren itxaropen bereziei edo espektatibei dagokienez, neska batek senti ditzakeen mugen inguruko bideotxo bat:
Orientazio akademiko hezkidetzailea
lantzeko erronkak, besteak beste:
-Emakumeek historian zehar egindako lanak eta ekarpenak
curriculum esplizituaren ardatza izatea lortzea.
-Generoarekin erlazionaturiko aurreiritzien
kritika tutoretza eta orientazio jarduera zein
espazioetan txertatzea.
-Parte hartze parekidea
sustatzea.
-Bizitza mota eta lanbide
anitzen eredu ez-estereotipatuak aurkeztea.
-Elkarrekiko
ardura eta zaintza tutoretzetan sartzea.
-Hezkuntza komunitate osoaren inplikazioa lortzea, hartzen
diren erabakiak aztertzerako bidean.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina