Bestetik, emakume feminista bat aukeratzeko eskatu zait, eta aurrekoa astean, kasualitatez, frantsesa praktikatzeko ikusi nuen bideoa etorri zait gogora.
Nik ez nuen Camille Claudelen istorioa ezagutzen, eta nahiko harrigarria iruditu zait: Rodinekin zuen erlazioa, egoitzan pasatu zituen 30 urteak, beste batzuek (Mirabeauk, esate baterako) hari buruz esandakoa, inspektoreekin izandako guda…
Bideoaren hasieran esaten du emakume artisten inguruan galdetuta, beti jasotzen duela Claudelen izena Frida Kahlorekin batera. Eta ni pentsatzen hasi nintzen ea nor aipatu nezakeen. Orduan, gogora etorri zitzaidan IRALEn azaltzen genuen Ignacia Zabalo, Nornai.
Hona hemen Josune Muñozi egindako elkarrizketa eta Nornairi buruzko informazio gehiago.
IRALEren R600eko Euskalgintzaren ikastaro horretan, Nornaiz gain Elbira Zipitria ere azaltzen genuen. Eta horregatik, post hau gomendatuko dut. Irakurtzen hasi baino lehen ezagutu ditut haren marrazkiak.
Elbira Zipitriak lan handia egin zuen irakaskuntzaren alorrean: euskaraz eman zituen eskolak klandestinitatean bere etxean (euskaraz egitea debekatuta zegoen garaian), neskak eta mutilak batera izan zituen klaseetan, garai hartako pedagogiarik aurreratuenak erabili zituen ia baliabiderik gabe... Horretaz gain, Emakume Abertzale Batzakoa ere izan zen.
Baina horrekin batera, beste hau ere gomendatu nahiko nuke karteletan jarritako aipuekin bat egiten duelako. Gainera, feminismoari esker lortu diren hainbat kontu aipatzen dira. Eta garrantzitsua iruditzen zait horiek balioestea askotan feminismoak beste zentzu bat hartu duelako. Azkenik, Onintza Enbeitaren ekarpenak oso onak iruditu zaizkit.
Eta postarekin bukatzeko azpimarratuko dut nire inguruan galdetu dudala eta inork ez duela inoiz jaso feminismoa curriculumean eduki gisa sartzeko aipamenik. Espero dut nire alabek beste zerbait erantzutea urte batzuk barru.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina