2016/11/14

Feminismoei buruz hausnartzen

Feminismoaz irakurtzen, oso gutsoko dudan definizio bat aurkitu dut Gazteraiki orrialdean:

Feminismoa, edozein iraultzaren lurzoru komuna, birika kolektiboak aire fresko eta errebeldez betetzen dituen begirada, pentsamendu, norabide eta praktika multzoa da.

Borroka feministari esker, maila ekonomiko, politiko zein juridikoan emakumeok subjektu autonomo gisa aitortuak izatea lortu dugu azken hamarkadetan. Hala ere, parekidetasun "formal" horren ostean generoaren araberako egitura sozial hierarkikoa mantentzen da. Esparru publiko zein pribatuan eskubide eta beharren arteko amildegia itzela da. Nahiz eta emakumeok lan merkatuan parte hartzen dugun, ez da ekonomia antolatzeko eredu berririk eraiki eta zaintza lanek emakumeen ardura izaten jarraitzen dute, besteak beste. Ondorioz, emakumeok gure denboraren jabe izatetik urruti gaude oraindik, eta hortaz, eremu politikoan aritzeko (adibidez) trabak areagotu egiten dira. Gainera, botere espazioetan desoreka mantentzen da; emakumeen prestakuntza maila ez dator bat lan merkatu eta eremu politikoetan duen presentziarekin.

Eskapan (Mari Luz Esteban, Amaren heriotzak libreago egin ninduen, 2013) olerkiaren gainean egindako bideo lana da. 


Hala ere, feminismoak emakume zein gizon guztion bizitzak hainbat esparrutan hobetu dituela aitortu beharra dugu. Nire bizitzan feminismoak egindako ekarpenetako batzuk honako hauek izan dira:

  1. Hezkuntza-eskubidea dut. Are gehiago, garai batean gizonezkoi soilik zegozkien esparruetan aritu ahal izan naiz ikertzen.
  2. Sexualitate askeago bat garatzeko aukera izan dut; ugalketatik bereizitako sexualitatea besteak beste.
  3. Bizitza norekin elkarbanatu nahi dudan erabakitzeko eskubidea.

Horiez gain, modu orokorragoan, feminismoak kritikotsuna lantzeko balio izan nau. Eguneroko bizitzako portaera eta jarrera ezberdinak aztertu, eta gutxika gutxika aldaketa kualitatiboak egiten ikasteko. Errealitate ezberdinak ezagutu eta elkarbanatu; sororidadea landu. Hitz gutxitan; emakume eta pertsona gisa hazteko tresna ezinhobea da niretzat feminismoa.


Iazko ikaskideek ere Feminismoaren inguruko hausnarketa oso txukunak egin zituzten. Horietatik bat aipatzearren, Aida eta Itsasok idatzitako Feminismoak erakusten digu jendarte hobea lortzeko bidea
partekatzen dut oraingoan zuekin. Ideiak argi eta modu eskematikoan adierazita agertzen dira, irakurterraza da eta bisualki nahikoa erakargarria.

Ikastarokideek aipatu duten moduan, eremu hezitzailean feminismoaren inguruko gai ugari lantzeke daude oraindik. 


Bukatzeko, niretzat esaguratsua izan den emakume feminista bat utzi nahi dizuet sarrera honetan. 



Amaia Pérez Orozco, beste hainbaten artean, Subversión feminista de la economía liburuaren idazlea da. Ekonomia kritikoa landu du ikuspuntu feminismotik abiatuta. Zaintzak berrantolatzeko proposamenen UN-INSTRAW ikerketa arduraduna izan da. 


Interesgarria iruditzen zaionari hementxe uzten dizkiot bai liburua, eta baita ekonomia birpentsatzearen inguruko ikastaro baten bideoa ere.


 





iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina