2016/11/14

Genero-indarkeriari STOP!

Hausnarketa:

Astero bezala,.oso gustura irakurri dut irakurgaia. Datuak ikustea besterik ez dago indarkeria estruktural baten aurrean gaudela baieztatzeko. Eraso matxisten kontrako diskurtsoa, bestalde, ari da pixkanaka gizartean indarra hartzen, baina askotan diskurtso mailan bakarrik gelditzen da. Jendea erasoen kontra agertzen da, baina betiere emakumeak biktima bezala agertu, eta dauden tokian gelditzen badira. Horregatik autodefentsa gaia oso garrantzitsua dela iruditzen zait, eta hori ez dago hain ondo onartua. Gizarteak ez du irentsi oraindik emakumeok nahi dugun bezala erantzuteko zilegitasuna dugula, eta hor lan handia dago egiteko. Erasoak gero eta ikusgarriagoak dira, baina, nire iritziz, prentsan honakoak ere esan beharko lirateke: “Autodefentsa feministan ikasitakoak aplikatuz, emakume batek erasotzaileari aurre egitea lortu du”. Ikusarazi behar dugu badaudela estrategiak eta aukerak beldurrari aurre egiteko. Beldurra emakumeen kontrako beste indarkeria mota bat da.

Iazko ikastarokide baten ekarpena:

Agurtzane Goitia Lópezek egindako ikusentzunezko ekarpenak gustatu zaizkit: “Sexismoa iragarkietan”, iragarkiez gain datu esanguratsuak ematen dituelako, “Simplemente no te quiere”, argi eta egoki agertzen baitu erromantizismoaren iruzurra, eta sare sozialen arriskuen ingurukoa, non emakumeenganako kontrola oso garbi agertzen den.

Indarkeria eguneroko bizitzan:

Genero indarkeriaren adibideak ikusgai eta entzungai ditugu eguneroko bizitzan. Bi aipatuko ditut: lehengo astean, bizilaguna den alabetako baten mutilaguna etorri, eta etxeko atea bota beharrean garraxika hasi zen. Nire etxeko atea ireki, eta zer gertatzen zen galdetu nionean erantzun zidan mutil gehigorekin ibiltzen zela eta “puta” bat zela. Hori guztia garraxika. Erantzuten hasi nintzaionean, ospa egin zuen.
Indarkeria sinbolikoaren inguruan, emakumeen gorputzen gaineko indarkeria aipatuko nuke.
Zergatik eguraldia ematen duten emakume guztiak irteeten dira beti-beti takoi altuekin eta oso argalak dira? Gelako neska guztiek argalak nahi dute izan, eta gizenkorrak direnak asko eta asko erregimenean daude. Joseba Iturriozek dioen moduan, hipokrisia handia dago, gizarteak berak ekoizten du gizonezkoen eta emakumezkoen arteko banaketa, eta gero gizarteak berak salatzen du.

Eremu hezitzailean lantzeko erronkak:

1.-Genero indarkeria identifikatzeko gaitasuna sustatu:
2.-Genero-indarkeriaren edozein manifestazioaren aurrean, lasaitasunez eta era eraginkor batean esku-hartzeko proposamenak egin.
3.-Hizkuntza hezkidetzailea erabili ikastolako esparru guztietan.
4.-Eskola konfiantzazko eta segurtasun handiko espazioa bihurtu.


Azaroaren 25ean "Emakumeen indarkeriaren kontrako eguna" dela eta, Berritzegunetik bidali dute ikastolara proposamen bat "Ez ikusiarena ez egin” gaia lantzeko. Ikastolan erabiliko dugu.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina