2019/02/18

Egoteko modu bat gara


Sozializazioa oinarri bezala hartuta, identitatearen garapena azaltzeko teorietan kontuan hartu beharreko faktore ezberdinak azpimarratu izan dira. Hala nola:

Psikodinamismoa (gurasoen ereduaren eragina, umeak ama edo aitarekin identifikatu eta imitatzen duelako), gizarte ikaskuntza (komunikazioaren eta behaketaren bidez ikasten dugu maskulinoak edo femeninoak izaten; adibidez, gurasoek seme-alabekiko duten portaera berezituta izatea), kognitibotasun aktiboa (nola osatzen dute haurrek bere buruaren eta harremanen genero-irudia? egokitu zaion generoa identifikatzen du, transmititzen zaizkion familia- eta kultura-portaerak lotzen ditu eta genero horren arabera jokatzen du! Haurrek ikasten dute generoarekiko zer den eta zer ez den egokia), norbere buruari, kultura baten barruan, zentzua ematen dioten faktore anitzak eta konplexutasuna.

Genero-identitatearen garapenean faktore asko daude, etengabeko prozesu dinamikoa eta konplexua baita! Prozesu sortzailea da, eta sortzailea den aldetik zalantzan jartzen ditu kultura-modu batzuk, tartean eskolarenak. Identitateen garapenean askatasunaren alde apustu egitea ez da soilik tolerantzia eta identitate anitzen inguruan dauden sinesmen faltsuak desegitea eta zapalkuntza-jarreren kontra jotzea, horren instituzionalizazioa haustea ere bada. Apustu politikoa da.

Gaur egun, adibidez, teoria Queerrek genero-identitatea kolokan jartzen duenean, sistema bitarra gainditzeko asmotan, “emakume” eta “gizon” subjektu-kategoriak ere kolokan jartzen ditu. “Emakumea edo gizona ez dira jaiotzen, egiten baizik” lelo ospetsu horretatik abiatuta, zer da emakume izatea? Zer da, orduan, gizon izatea? Honi buruz pentsatzen hasten naizen bakoitzean… buf! ezin erantzun…

Hona hemen, transexualitatea bizi izan duten pertsonen hitzak entzuteko aukera ematen duen METAMORPHOSIS dokumentala. Hiru pertsona nagusi dira dokumentalean partaide; Izaro Antxia eta Ares Piñeiro, transexualitate prozesua jasan duten pertsonak, eta Josebe Iturrioz, gaian aditua.



Genero identitatea norbera gizon, emakume edo bestelakorik izatearen pertzepzio subjektiboari dagokio. Indarrean dauden maskulinitate- eta feminitate-kodeak zein arauak dira pertzepzio hori bideratzen dutenak. Baina, zergatik jarraitzen dugu norbera definitzen arauen arabera? Zergatik dugu pertsona guztiak sailkatzeko beharra? Norbait “berria” ezagutzen dugunean, ttak! Kaxa batean sartzeko beharra sentitzen dugu (kontziente edo inkontzienteki). Zein kaxatan sartuko ote dut? Zergatik?





Iazko ikastarokideek egindako post bat aukeratzekotan, Irati Mendiguren Cosgayarena hautatuko nuke. Ematen dituen genero- eta sexu-identitateen inguruko azalpenak aberatsak iruditu zaizkit, baina bereziki, azken paragrafoetan etiketen inguruan aipatzen duenarekin oso identifikatuta sentitu naiz: “sistema honek zuzen zuzenean garamatzalako etiketak ezarri eta alde bateko edo besteko jende multzotan kokatzera. Emakumea zara ala gizona zara, garaitua ala garailea, zakila edo alua izan...eta horren arabera sortuko zaizkizu espektatiba batzuk ala beste batzuk, eta eraikiko duzu/dute zure nortasuna zein identitatea”.


Heziberri 2020ren arabera, identitatearen garapena zeharkakoa da eta kokatzeko, ikaste-irakaste prozesuan oinarrizko konpetentzia hauez baliatu behar gara:
  • ·   Hitzez, hitzik gabe eta modu digitalean komunikatzeko konpetentzia
  • ·   Ikasten eta pentsatzen ikasteko konpetentzia
  • ·   Elkarbizitzarako konpetentzia
  • ·   Ekimenerako eta ekiteko espiriturako konpetentzia (ideiak ekintza bihurtu)
  • ·   Izaten ikasteko konpetentzia

Txostenaren 2. eta 3. orrien artean, paragrafo hau topa dezakegu:

“Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren ikasleek beren burua prestatu eta oinarrizko konpeten­tziez jabetu behar dute, gero eta globalizatuagoa eta interdependenteagoa den mundu honetan bizitzeko. Bistakoa da oinarrizko premia komun horiei emandako erantzun kulturalak askota­rikoak izan direla eta oraindik ere hala direla. Gizakien premiak antzekoak direla jabetu behar dugu, denok parekoak garela ohartzeko. Kultura bakoitzak premia horiei emandako erantzunak ere ezagutu behar dira, etnozentrismoa saihestu eta bestelako kulturen ekarpenak balioetsi edo onetsi, kultura-artekotasunaren eta kultura-inklusioaren bidez errespetua eta elkarrizketa sustatu asmoz kulturen artean. Aitortu beharrekoak dira aniztasun afektibo-sexuala eta kulturala, bai eta genero- eta kultura-nortasun malguak eta askotarikoak ere, eta zalantzan jarri behar dira kultura-, genero- eta sexu-nortasunagatik desberdintasuna sustatzen duten ereduak.” (II. kapituluan, ikasleek Oinarrizko Hezkuntza amaitzean lortu behar dituzten oinarrizko konpetentziei buruzko hainbat proposamen daude).

Bertan, genero-nortasuna malgua izan daitekeela aipatzen eta aitortzen da. Genero-identitate anitzak daudela onartzeaz gain, genero edota sexu nortasunagatik desberdintasuna sustatzen duten ereduak zalantzan jarri behar direla ere esaten da. Nik, zerbait gehiago gehituko nion, zalantzan jartzeaz gain, 2. blokeko 5. astean baliabideekin landu genuena oinarri gisa hartuz, eredu horiek “moldatu/osatu”, “ordezkatu” eta “sortu” behar ditugu.

Hori betetzeko, curriculum ezkutuan ikastetxeko ikasmaterialez gain (hauetan ere), beste esparruetan identitate-, harreman-, eta familia-eredu anitzak ikusarazi behar ditugula kontuan hartu behar da.

Nire inguru hurbilean genero-identitateen inguruan emandako aurrerapenak soilik espazio feministetan izan dira. Familia eredu ezberdinak ikusi ahal izan ditut, baina ez asko, ikaragarri gutxi izan ere. Gai honi lotuta, artikulu hau datorkit burura… Orokorrean, nire inguruko guztiek bat datoz jaiotzetik ezarri zaien (zaigun) genero eta sexuarekin. Gehienek, genero arauek ezartzen dituzten ezaugarriekin identifikatzen dira (gara), hori ikasi eta ikusi dugulako.
Aipatu nahiko nuke errugbian bizi izan duguna. Izan ere, errugbia oso kirol maskulinoa izan da beti (horri lotutako hainbat ezaugarriekin batera) eta apurka-apurka emakumeek ere kontaktuzko kiroletan ausartak eta trebeak garela demostratu eta sinetsi dugu, biba gu!
Hala ere, genero arauari dagokionez, zoritxarrez nire inguruan asko dago oraindik aldatzeko…

Zoritxarrez oraindik desikasi behar (izan) diren sinesmen faltsuen artean…
  • Generoa sexu biologikoarekin batera doala
  • Generoa, sexua eta orientazio sexuala gauza berdinak direla
  • Bi genero "bakarrik" daudela
  • E.a., e.a., e.a.......

Bukatzeko, Euskal Herriko Bilgune Feministak eta Emaginek egin duten ekarpena zuekin konpartitzea gustatuko litzaidake; TRANS sexualitateak liburuxka. Proiektuaren koordinazioa eta testua Mireia Delgado Expositok egin du. Aupa Mireia!! Beti bezain bikain!

Hezkuntza-praktika feminista baterako koaderno hau, helduentzako bideratua dagoen liburuxka bat da, abiapuntu bat. Eztabaidatzeko, gogoeta egiteko eta gure hezkuntza-praktika eraldatzeko tresna bat izan nahi du.

Lehenengo atalak, Gaiaren kokapena deritzonak, Euskal Herriko Bilgune Feministaren baitan kokatzen du trans+sexualitateen gaia; atzera begiratu eta non gauden azaltzen du. Bigarren atalak, Galderak, kezkak eta probokazioak, galdera gisa planteatzen ditu matazaren hariak; batzuetan korapiloak desegiten ditu eta beste batzuetan, hariak korapilatzen. Hirugarren atalak, genero-araua betetzen ez duen (eta duten) haur eta gazteen bide-laguntzarako pilulak, proposamenak, hausnarketak eta interpelazioak biltzen ditu, haur eta gazteengandik gertu gauden eta zaudetenei begira. Azkenik, Gehiago jakiteko atala, amaitu gabeko materialen zerrenda bat, denon artean osatzeko!

Hemen, bertan irakur dezakezuenaren eskematxo zehatzagoa uzten dizuet:


Raewyn Connellek eta Mari Luz Estebanek dioten eta liburuxkan aipatzen den bezala, egoteko modu bat gara!



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina