Jendarteari identitateari buruz galdetzean, aukerak
binarismo batera mugatuko dizkigute askok, emakume edo gizon eta genero
femenino eta maskulinoekin uztartuko dute orokorrean. Biak modu kontrajarrian
eta ondorioz hierarkikotasun batean (gizonek makro-nortasuna, neurriz kanpoko
autoestimua eta autokontzeptu positiboa garatuz eta emakumeek aldiz, bere burua
gutxietsita, autoestimu txikiarekin eta autokontzeptu negatiboarekin).
Baina identitateen
inguruan irakurtzen eta sakontzen hasten garenean gaiaren konplexutasunaz
ohartzen gara. Sexu identitatea errazago ulertzen bada ere (emakume, gizon,
intersexuala), genero identitatea azaltzen hasten garenean gaia konplikatu
egiten da eta bien konbinazioak identitate desberdinak sentitzeko ia aukera amaigabea
ematen dute. Honi identitatea prozesu irekia dela eta bizitzan
zehar etengabeko eraikuntzan
dagoela gehitzen badiogu, pertsonak oso anitzak garela onartzea besterik ez
zaigu geratzen.
Zuriñe Baztanek genero identitatea irudikatzeko
erabiltzen duen adibidea oso ona iruditu zait. ”Soka baten mutur batean gizonak
daude eta bestean emakumeak. Ulertuko bagenu continuum bat dagoela eta ez
dugula zertan bazter bat edo bestea izan, izango bagina gai konplexuagoa dela
ikusteko… Batzuk erdian egongo ginateke, edo bazterrean, edo inguruan... eta
sigi-saga ere egin dezakegu gainera”. Sokaren irudiarekin denok femeninotik eta
maskulinotik dugula irudikatzea errazagoa egiten da eta gure ikasleei argitzeko
modu baliagarria iruditzen zait.
Ondorengo
bideo honek ere identitate desberdinak ulertzeko argibideak ematen dizkigu.
Ume
txikiei azaldu behar badiegu, gaztelerazko honek errazago azaltzen du:
Iazko sarreren artean, Iosune
de La Peñaren “Utzi nazazu nire identitatea garatzen” aukeratu dut. Gaiaren argibideak
azaldu eta filosofiak historian zehar subjektuaren eraikuntza askea burutzen ez
duela lagundu aipatzen digu.
Heziberri
2020-ri dagokionez, identitatearen garapenari
lotua dagoen genero kontzeptuari buruzko esaldi honekin gelditzen naiz, Balio
Etikoen atalean, helburuen artean ondorengoa dago (239 orrialdean):
“Aitortu
beharrekoak dira aniztasun afektibo-sexuala eta kulturala, bai eta, genero- eta
kultura-nortasun malguak eta askotarikoak ere, eta zalantzan jarri behar dira
kultura-, genero- eta sexu-nortasunagatik desberdintasuna sustatzen duten
ereduak".
Oso esaldi egokia iruditzen zait baina kontziente naiz ezkutuko kurrikulumean,
hamaika erronka dauzkagula egoera ideal honetara iristeko gainditu behar
direnak. Nagusiki, eskolan lan egiten dugun langileria osoaren sentsibilizazio
eta formazioa, borondatea eta nahia beharko genituzke eta aurrekontu egoki
batekin osatu; modu honetara genero-identitate eta sexu-identitate eredu
desberdinak aurkeztu eta lantzeko aukera izango genuke, espazioak, jarrerak,
metodologiak eta baliabideak aldatuz beharrezkoa izanez gero.
Genero-identitateen inguruan,
aurrerapen esanguratsuak ari dira ematen. Ezin ukatu gaur egun, identitate
desberdinak daudenaren kontzientzia errotzen ari dela jendartean, bereziki “alua
duten mutilak eta zakila duten neskak” leloa barneratzen hasi garela dirudi,
normaltasunez aitortzeko oraindik asko falta bada ere. Baina sexu-genero-espresio
identitateak lelo hortatik haratago doazen hamaika modu daudela ulertzea falta
zaigu. Gizonezko-emakumezko binarismoari, leloko bi aukerak gehitu dizkiogu,
baina hau lehenengo urratsa besterik ez da, askoz gauza malguago eta askeago
batean sinisten eta pentsatzen hasi behar dugu, gure ikasleei aurkezteko.
Amaitzeko, Gasteizen izan
zen “Diversidad
sexual e identidades de genero en las políticas de igualdad” mahai inguruaren bideoaren
lotura eransten dut. Miquel Misse
eta Gerard
Coll-Planas-ek identitate desberdinak azaltzeaz gain, jasaten dituzten
jazarpenak argitzen dituzte eta horiei aurre egiteko erabili beharreko
estrategian inguruan gogoeta egin arazten digute.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina