2019/02/18

Gen-ero identitateak

Identitatearen gaiak asko erakartzen nau, izan ere, "nor naiz?" Galderari erantzuten jartzen gaitu nahigabean. Nor naiz, bada? Emakume, gizon, transexual eta sexualitateari dagozkion atzeko kontzeptu/sentimenduez gain, hainbat gauza gara. Gure identitatea erlijio edo erlijio ezak, gure maila ekonomikoak, hitz egiten dugun hizkuntzak, bizi garen tokiak, jaio garen tokiak, lan egiten dugunak, ditugun harremanek/harreman ezak eta beste dozenaka gauzak definitzen dute. Jakin badakigu, identitatea aldakorra dela, gure bizitzan mugimendu asko jasaten dituen zerbait dela. Gauza guzti hauek garrantzia dute, baina, zergatik orduan horrenbesteko alergia sexuari dagokion identitateak? Zergatik hartzen du zama gehiago gai honek?

Beldurra da agian arrazoi nagusia, ezezagunari beldurra. Gizakiok oso moldagarriak garen arren, ditugun beldurrez gidatzen gara askotan eta deseroso sentiarazten gaituen zerbait aurrean dugunean, kuriostate sanoari kasu egin beharrean, ezpata eta armadura ateratzen ditugu, gerrari ekiteko prest. Agian hori izango da aurreko urteko ikastarokide Janire Itsasok post honetan dioenaren arrazoia, hala "Psikologiako karreran, gaixotasun mentalak katalogatzen eta diagnostikatzen zituen  manual bat erabiltzen ikasi genuen, DSM IV a. Psikologia eta psikiatria munduan oso baloratua.  Manual horretan, duela oso gutxira arte, transexualidadea gaixotasun mental moduan sailkatzen zen."

Azken aldian atentzioa gehien eman didaten elkarrizketetatik, Berria egunkariak German Urteaga eta  Ibane Imazi egindakoa aukeratuko nuke. Eskerrak emateko tokian aurkitzen naizela sentitzen dut, izan ere, identitate anitzen inguruan pertsonen buru eta bihotzak elkar topatzeko, elkarren esperientziak elkarbanatzea nahita ezkoa ikusten dut.

Bestalde, aurreko astean Josebe Iturriozi egindako elkarrizketa ere asko gustatu zait. Irakasle izan nuen Mari Luz Estebanen modura, berak ere genero eta sexua continum gisa irakurtzen ditu eta niri pertsonalki ideia honek barruan hazi bat erein arazi zidala sentitzen dut. Bestalde, Josebek dio ez duela bere burua gizonezko edo emakumezko gisa definitu nahi, ez duela ideia hortara itxita egon. Bejondeizula ba, geure buruetan ere galdera bera sortzeagatik!

Haziberri 2020 barruan 177.orrialdean arte bidezko expresioari egiten dio erreferentzia. Askotan hitzetan geratzen garenaren sentsazioa dut, gorputzetik pasa gabe sentitzen dugun hori benetan hargizko egin gabe, alegia, burutik sentitzen eta ez bihotzetik. Ildo honetan, identitatea lantzeko, dokumentu honetan dioena oso erabilgarria da, hala nola: "Lehen Hezkuntzan, haurrekin batera egin beharreko lanek helburu garbia dute, oso: batetik, ikasleek beren arte-adierazpenak, musika-lanak, irudi eta marrazkiak sortzea; eta, bestetik, beren bizitza erabat blaitzen duten arte-adierazpenekiko eta ekoizpen bisualekiko espiritu kritikoa izatea, horiek guztiek beren emozioetan, identitatean eta sozializazio-prozesuan berebiziko eragina dutenez gero".
Txikitik hasi nahi badugu, agian geure haurrei euren burua eta familia marrazteko eska diezaiekegu, agian sorpresa politenbat eramango dugu eta! 


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina