2015/10/28

GENERO IDENTITATEA, ZER SENTITZEN NAIZ?


     Heziketaren prozesuan zehar generoa lantzea ezinbestekoa da. Horregatik, genero-kontzientzia erraietaraino barneratu behar. Lehen urratsa, generoa eta sexuaren arteko bereizketa ongi ulertzea. Nahastu eta elkarrekin korapilatu diren kontzeptuak izan dira-eta. Sexua jaiotzetik datorkigun bereizgarria da, genetiko-biologikoa. Mutil zein nesken sexu organuen funtzioak eta ahalmenak desberdinak dira. Sexu ezaugarrien garapenaren prozesua ere desberdina. Hainbat autorek generoa hitza, ingeleseko  gender hitzatik datorrela adierazten dute, non sexua eta generoa esanahai bakarrean bateratzen dituen. Hortik bata eta bestea nahastu eta korapilatzearen arrazoietako bat. Hezitzaileok bata zein bestea argi ulertu eta bereizi behar. Generoak norberaren identitatearen eraikuntzan eragile ugari ditu; kulturala den bereizgarria denez, kulturaren araberako genero ezaugarriak aurkitzen ditugu.

     Bestalde, kultura guztietan generizazio-prozesua jaio aurretik gertatzen da. Eta batik bat haurtzaroan bereganatzen diren bereizgarriek osatzen dute. Jaio aurretik izena bera generoaren arabera aukeratzen da, sailkapen dikotomikoa era inkoszientean bultzatuz. Hautatzen diren arropak, estimulu motak, helduok haurrarekiko  dugun jarrera, eta aurreikuspenak desberdinak dira genero batekoak izan ala bestekoak. 2 urtetik aurrera, generoa era binarioan erakusten zaie, non beraien sexu ezaugarri-fisikoen araberako sailkapena egiten ikasiko duten, eta inplizitoki  bi gorputz posible daudela barneratuko duten. Haur bakoitzak bere burua multzo batean ala bestean kokatuko du eta dagokionaren ereduei erreparatuko. Bere sozializazio-prozesuaren unean, bi genero-identitate daudela ikasia izango du. Genero identitate horri dagozkion rolak, estereotipoak eta eskainiak zaizkion ereduak imitatuko ditu. Rol horietara egokitzen ez diren haurrak gutxietsiak ohi dira gure eskoletan. Baita haur transgeneroak ikusezinak izango diren errealitatea sortu, gorputz mota desberdinak arazo bihurtzen ditugu. Epaituak. Baztertuak. Haur bakoitzak eskolak, familiak eta jendarteak eskainitako eredu dikotomikoa erabat barneratua izanik, eraikiko ditu bere hartu-emanak. Genero jarrerak barneratuz, estereotipatuak diren begiradez epaituz, identitate faltsuak eraikiz, gorpuzkera eta jarrera imitatuak eta ez errotuak errepikatuz. Nerabezaroan, beraien sexualitatea eta generoaren eraikuntzan mugak sentituko dituzte. Harresiak. Jendartearen begietan epaituak. Askeak izateko zailtasunak. Norberak bere buruaren ezagutza askean, hain erroturik dituzten genero-ohiturak, genero-bereizketak, estereotipoak, rolak, hizkuntza eta joerak eta  inertziak identifikatzea zaila egingo zaie. Eta beraien nahiak, desirak, eta inposatuak izan zaizkienen artean desberdintzea arazo.
Maria Jesus Izquierda, soziologaren iritziz, genero eta sexuaren arteko bereizketa zaila suertatzen da, azken batean, gorputza ere kulturalki eraikitzen da; gorputza ezaugarri genetiko-biologikoen eta  bizitzen dugunaren batura baita. (zer jaten dugun, egiten ditugun jarduerak, jasotzen ditugun estimuluen sekuentziak, etab.). Eta hauek kulturaren arabera desberdinak direnez, gure gorputzaren eraikuntzan generoa ere badago.

     Ezaugarri genetiko berdinak izanda ere, gorputzen artean aniztasuna handia dagoela azpimarratu nahi dut. Genero identitatea; norbera zer sentitzen den. Barruak aitortzen diona. Oraindik ere lan handia dugu eskoletan. Hezkuntza sistema jendartearen zubia da, ispilua. Gure ezkutuko curriculumean, gure jarrerak, gure inertziak daude. Eta horiek inplizitoki eredugarriak gure ikasleentzat. Desikastearen kontzeptua ez dugu ahaztu behar. Hain zailak egiten zaizkigun erabat erroturik ditugun begirada dikotomikoak eraldatzen hasi behar gara. Haur hezkuntza, eskola-komunitatearen lehen sozializaziorako unea da. Gizarteratzeko eskaintzen zaizkien lehen ereduak eta baloreak erroturik geldituko dira umeen hartu-emanen baliabideetan. Horregatik, jendartea anitza eskaintzea gure lana. Familia mota desberdinak daudela ikustaraziz, gustuak, gogoak, indarrak, ahuleziak, … haur guztien ezaugarri bereizgarriak direla sentiaraziz. Kritikoak izaten erakustea oso garrantzitsua deritzot. Erabat dikotomizatua dagoen gizartean eta kulturan bizi behar badira, horren aurrean epaileak izaten, hausnarkorrak, kritikoak izaten erakustea gure ardura da. Jasoko dutenaren aurrean posizio bat, argumentuz jositako jarrera bat sentitu dezatela.

     Hauek gure erronkak;

·         Ezkutuko curriculumari barne behaketa egitea
·         Eskolako curriculuma berraztertzea
·         Prestatzen ditugun ESPAZIOAK aztertu eta berrantolatu behar ditugu.
·         Gure jarreren inguruan HAUSNARTU behar dugu. (ikasle, guraso eta irakasleen arteko harremanak behatu, aztertu, jarrera sexistak identifikatu, eta aldatzen saiatu)
o   Gure gorputz jarrera
o   Gure hizkuntza eta diskurtsu motak
o   Gure janzkera
·         Eskaintzen ditugun EREDUAK BERRANTOLATU behar ditugu
·         ANIZTASUNA ulertu behar dugu
·         Sexu identitate anitzak daudela ulertu behar dugu;
·         Familia eredu desberdinak eskaini behar ditugu;
·         Harremanak eta ERRESPETUA landu behar dira.
·         Diskriminazioak auzitan jarri, salatu
·         Jarrera baztertzaileak plazaratu, landu.


Hona hemen hainbat baliabide:

Lanbideak eta generoa, 

















Arrosa eta leuna, ipuina bideoan egokitua (Adela Turín-Nella Bosnia)



Haur hezkuntzan hain ohikoak ditugun ipuin klasikoek duten sexismoa nola landu erakusten digun gida baliabide oso aberatsa dugu, (Urtxintxa eskola)



Eskoletako liburutegietarako ezinbestekoak…

Inurri bitxia, Mariasun Landa (2004)                                  Printzesa puzkertia,  ArrateEgaña (1999)



                                                    Ezin dut, eta zer? Uxue Alberdi (2011)



Gaiaren inguruan beste proposamen interesgarriak:

Eta zu zer zara neska ala mutila dokumentala.


Etxeko apaletarako ezinbestekoa:

Genero-ariketak, Feminismoaren subjektuak 




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat