2015/10/25

Hezkidetzari buruz hausnartzen

Hezkidetza, irakurgaiko Maria Jose Urruzolaren definizioak dioen bezala, “neskak zein mutilak genero maskulino eta femeninotik aske heztean datza, bere indibidualtasunaren garapena sustatuz eta gizarte sexista batek eskatzen dizkien errolak kontuan hartu gabe”.

Hezkidetzaren egungo beharra justifikatzeko dauden arrazoietatik, eskola-sisteman sexismoa eta genero-estereotipoak gertatzen direla azpimarratuko nuke, hauek ikasleen aukera pertsonaletan, profesionaletan eta bizitzakoetan izaten dituzten ondorioak ahaztu gabe.

Beraz, hezkidetzan aurrera egiteko, hezkuntza komunitateak genero ikuspegia ikastetxeetako kultura eta praktiketan sartu eta ikasleen askatasuna eta aukera-aniztasuna errespetatu behar du; hezitzaileek aldiz, ikasleak nor diren eta nor izan nahi duten jakiten lagundu behar dute.

Horrez gain, hezkuntzan egiten diren plangintzetan, denboraren erabilpenean, lengoaian, harremanetan, antolakuntza egituretan, etab. adierazten diren balio, arau, jarrera,sentimendu, ohitura, etab. -ez jabetzea eta kontuan hartzea oso garrantzitsua da.

Berdintasunean oinarritutako ideiak, jarrerak, harremanak… eraiki behar ditugu, baina sinesmenak, jokaerak eta ohitura sexistak desegitea ere beharrezkoa da.

Hori lortzeko, hezkidetzaren filosofiarekin bat egiten duten bost estrategiak erabil daitezke: Aliatuak identifikatu eta Hezkidetza taldea osatzea, eskola ezberdinetako esperientziak partekatzea, informazio eta prestakuntza egokia izatea, orain arte egindakoa oinarri bezala edukitzea eta umorea izatea.

Irakurgaia ulerterraza iruditu zait, ondo egituratua, eta curriculum ezkutua bezalako kontzeptuak ezagutzeko aukera izan dut. Gainera, hezkidetzaren inguruan dauden eta ezagutzen ez nituen profesional, web orrialde, gida, bideo… pilo bat aurkitu ditut, irakurgaian, ikastarokideei esker eta nire kasa bilatuz.

Hezkidetza, parekidetasuna, aniztasuna, errespetua eta askatasuna oinarri hartuta eta genero estereotipoak eta sexismoa alde batera utzita heztea dela esango nuke.

Nire inguru hurbilean hezkidetza lantzeko moduko bost arrazoiak honako hauek lirateke:

1. Lengoaia sexistaren erabilpena: biraoak esaterakoan denok entzuten ditugula esango nuke.
2. Genero estereotipatuen indarra: etxean, kalean, lanean… erabiltzen dira. Adibide bezala, lehengo astean amona batek bere bilobari esan ziona: “Gaur soinekoa jantzi behar duzu maitia, ezin zara egunero txandalean joan, egun batean behintzat polita joan behar duzu”; biloba neska da noski.
3. Emakumeek hautatzen dituzten ikasketei ematen zaien garrantzia/balorazioa: Batzuek emakumeek burutu dituzten ikasketak gutxiesten dituztela iruditzet zait. Ingenieritza ikasketak egin dituen mutil batek lan asko egin behar izan du karrera ateratzeko eta Gizarte langintza ikasi duen neska batek aldiz…
4. Lan munduan egiten diren sexu-bereizketak: Soldadura ikasi eta enpresek neska izateagatik ez hartzea “hemen neskak ez ditugu hartzen” esanda, “zu mutila izanda eta esku horiekin ezin dituzu lan mota horiek egin”… bezalako kasuak izan ditut inguruan.
5. Parrandan neska edota emakumeek jasaten dituzten komentarioak: Atzo bertan, mutil batek neska bati behi baten antzera nola deitzen zion ikusi nuen; hau parekidetasun eta errespetuarekin lotuko nuke, oraindik askok neskak/emakumeak objektu bat bezala ikusten baitituzte.

Heziberri 2020 proiektutik hezkidetza islatzen duen esaldi hau aukeratu dut:

Berdinen arteko lankidetza lehen mailako estrategia didaktikoa da. Lankidetzaren
barruan sartzen da elkarrizketa, debatea eta desadostasuna, desberdintasunak
errespetatzea, entzuten jakitea, besteen ekarpenekin aberastea eta nork bere
baitan duen onena emateko bezain eskuzabal izatea”.

Honen garapena bermatzeko, talde lan bat egiterakoan, taldeak lana nola antolatzen eta egiten duen aztertuko nuke: liderra zein den, nola banatzen duten lana, jarrera baztertzailerik baden, etab.

Hezkuntza mailan, pixkanaka hezkidetzak duen garrantzia hartzen joatea pausu haundia iruditzen zait, oraindik gizarte mailan aldaketa nabarmenak ikustea kostako zaigun arren. Eskola mistoak sortzearekin batera berdintasunera iritsi ginela uste zutenen sinesmen faltsua desegitea lortuko du hezkidetzak.







iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina