2015/11/13

Busti gaitezen feminismoz!


            Ikastaroan, feminismoaz hitz egin dugu aste honetan. Zer den feminismoa, hezkidetza eta feminismoaren arteko lotura, feminismoaren nahiz hezkidetzaren bilakaera, lorpenak …
Baina zer da feminismoa? Niretzako feminismoa bizitzeko eta sentitzeko modu bat da, beste ikuspegi batetik gauzak aztertzeko, eraldatzeko eta aldarrikatzeko modu bat hain zuzen. Sexuen arteko parekidetasuna bermatzea oinarri duen korrontea.
            Zoritxarrez, oraindik ere feminismo kontzeptuak jendartean konnotazio negatiboa du. Politikoki zuzena izan daitekeen erantzuna barneratua daukagu, ia guztiok esan ohi dugu feministak garela baina oinarrian, sakontasunean eredu tradizional eta kontserbadoreak hezurretan eta burbuilan oso sartuak ditugu.

Nagore Irazustabarrenak Argian idatzitako artikulua “Zer da gaur egun feminista izatea?”

Borroka honetan, mugimendu feministak urteetan egindako lana ezinbestekoa izan da. Herriz herri, eremuz eremu gai ezberdinen inguruko hausnarketak, gogoetak bultzatu, mila ekimen, mila mespretxu, milaka aurpegiratzeren gainetik. Zailtasunak zailtasun egindako lanketa guzti horrek, arlo ezberdinetan bere emaitzak eman ditu, aldarrikapen asko lortu dira. Niretzako urteetan egindako lanaren ondorioz lortutako lorpen aipagarrienetako batzuk hauek dira:
-Emakumeen lan isila errekonozitu eta jendartean ikustaraztea.
-Emakumeen eskubideen aldarrikapenak kalean presente egotea.
-Emakumeon kontrako indarkeria arazo sozial eta politiko gisa ulertzea.
-Jendartean betetzen dugun funtzioaren gainean sinesmenak behera bota eta garai batean pentsaezinak ziren lanbideetan egotea.
-Sexualitatea eta ugalketa banatzea.
Aipatutako lorpenarekin lotuta, Euskal Herriko mugimendu feministaren kronika jasotzen duen lehen euskarazko liburua idatzi berri dute Bilgune Feministako eta Emagin Dokumentazio zentroko kideek: “Gure geneologia feministak”

Oraindik borrokak jarraitzen du eta mila aldarrikapen ditugu, besteak beste:
-Oraindik indarkeria sexista puri purian dugu, diskriminazio, zapalkuntza eta ikusezintasun egoera asko ditugu egunerokotasunean.
-Botere eta erabaki guneetan gutxiengoa izaten jarraitzen dugu: kristalezko sabaia delakoa.
-Prekarietateak oraindik emakume aurpegia izaten jarraitzen du (zaintza lanak)
-Sexualitatea: emakumeon sexualitatea ikustarazi. Sexu heziketa  heterosexualitatetik, koitotik edota nahi ez diren haurdunaldien prebentziotik haratago lantzea. Aborto eskubidea, lesbianen eskubideak.
- Emakumeen ahalduntzearekin jarraitzea. Maila pertsonaletik maila kolektibora.
Aldarrikapen hauek lorpen bilakatu ahal izateko hezkuntza arloan ditugun oztopoak gainditzen joan beharra daukagu:
-          Errealitatearen azterketa. Sistema patriarkalak  bizi dugun jendarte matxista iraunarazteko erabiltzen dituen tresnen identifikazioa egitea ikastetxeetan. Guk ikastetxe gisa behar hauek ikustaraztea, behar badira horretarako bitartekoak jarriz, formazioak esaterako.
-          Hezkuntza komunitate gisa, errealitatea identifikatzetik haratago, ikastetxe hezkidetzaileagoa, feministagoa eta harreman parekideagotan hezteko konpromisoa hartzea eta horretarako baldintzak ziurtatuz nahiz bitartekoak eskainiz.
-          Ditugun konplexuak, beldurrak, kezkak aztertu eta ikastetxean zehar aliatuak eta elkarlana bultzatu.
-          Curriculum ezkutuari bere balioa eta garrantzia eman.
-          Emakumeak ikustarazi. Emakumeak subjektu gisa kokatu, beren balioa aintzat hartu eta garrantzia emanez, ekintzaren parte egin, historiaren parte aktibo bilakatu. Gure gazteek emakume ereduak behar dituzte, emakume erreferenteak.

Azken aldian zentzazio bat daukat. Hezkidetzaz eta feminismoaz asko hitz egiten den garai hauetan, nolabait irakasleria, hezitzaileak edota gizarte gaietan interesa edo jakin mina dutenen artean gaia frustraziotik bizi dugula. Nolabait esateko, patriarkatuak sistema patriarkala iraunarazi dezan erabiltzen dituen tresnak identifikatzea asko kostatzen zaigunez, konplize garela eta hemen erantzukizun handia sentitzen dugula.
Egia da, esku artetik gai eta egoera asko ohar gabean pasatzen zaizkigula baina zorionez gero eta arreta gehiago eskaintzen hari gara ikasgeletan ere gai honi, nahiz eta jakitun izan, behar adinakoa ez dela, lehentasun gisa ez dela kokatzen oraindik alegia.
 Hala ere egiten duguna baloratzea, aliatuak lortzea eta honi indarra ematea ezinbestekoak iruditzen zaizkit, izan ere egunero egunero jendartean dugun bonbardeoari aurre egitea ez da erraza eta errealitateaz jabetu, gure zailtasunak identifikatu baina ahal dugun neurrian gure ekarpena egitea ere bada zerbait, beraz gaur, egiten dugun lanari ere bere balioa eman nahiko nioke. 
Hala ere agerikoa da, guzti honi amaiera eman ahal izateko, jendarte osoaren jarrera aldaketa  beharrezkoa dugula, baita gizonezkoena ere, gizon izateagatik bakarrik dituzten pribilegioei uko egiten ikasi beharko dutelarik.  Gizonak jaio egiten dira eskubidedun, guk borrokatu egin behar dugu, lortu nahi baditugu.
Ez al ditugu harreman askeagoak, justuagoak eta parekideagoak eraiki nahi? 
Horretarako aldarrikapen feministak presente izan behar ditugu ikastetxean.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina