2015/11/08

GENERO-INDARKERIA GAINDITZEKO BIDE BAKARRA HEZKIDETZA DA

1. Laburpena eta balorazio pertsonala:

Datuak gogorrak dira, erabat. Baina gogorrak izan arren, nahiko urrun daude oraindik errealitatearen erradiografiatik: salatzen ez diren erasoak, barneratuta eta anestesiatuta gaituzten mikroindarkeriak, maitasunarekin nahasten ditugun eraso emozionalak, ekonomia-sistemak tratatzen gaituen ezberdintasun ezbidezkoa…
 
Gainera, guztiok ikusten ari gara erasotzaileak eta erasotutako emakumeak gero eta gazteagoak direla. Eta horretan hipokresia maila altua adierazten ari dira erakundeetatik, zeren sexu-genero sistemaren estereotipoei eusten dieten bitartean (komunikabideak aztertzea besterik ez da), harritu egiten dira estatistiken datuak ikusterakoan.
 
Gazteak errepikatzen ari dira beraiek baino nagusiagoek pairatu eta birsortu egiten dituzten rolak. Mutilaren ezaugarriak eta neskarenak guztiz markatuta daude oraindik. Bakoitzaren irudia estigmatizatuta egongo da positiboki (zelako mutil arrakastatsua!), edo negatiboki (zelako golfa!) mutila edo neska bada.
 
Beraz, genero indarkeria heteropatriarkatuaren ondorioa bada, ikasi egiten da, transmititu egiten da, eta hortxe gure erronka eta gure itxaropena: DESIKASI AHAL DA!






2. “Genero-indarkeria” eta “indarkeria sinbolikoa” kontzeptuen definizioa.
 

Guretzat genero-indarkeria emakumea izateagatik pairatzen dugun indarkeria oro da. Baina oso borobilduta iruditzen zaigu ezagutzen ez genuen NBEren definizioa: “Emakumeen indarkeria sexista den  edozein indarkeria-ekintza da, kalte fisiko, sexual, edo psikikoak eragiteko aukera posible edo erreala duena, eta bizitza pribatuan nahiz publikoan gertatzen dena, mehatxuak, inhibizioa eta askatasunaz arbitrarioki ahaleginak barne”
“Aukera posible edo erreala” eta “Inhibizioaz” jokatzearen kontzeptuak oso beharrezkotzat jotzen ditugu, genero-indarkeriaren dimentsio osoa hartzeko.



3. Jardueren inguruko datuak eta ondorioak.
 

Zenbat lan gelditzen zaigun ikastetxeetan, ikasleak eta ikasleak ez diren beste guztiak konbentzitzeko genero-indarkeria ez dela soilik fisikoa! 

Gure ikasle neskak ari dira jasotzen oraindik oso mezu estereotipatua, eta zorte apur batez, hezkidetza lanari esker, laguntza izango dute. Espazio banaketarekin hasita, sexu-afektibotasun harremanetaraino oraindik asko dago egiteko. Eta aliatuak behar ditugu, guk geuk bakarrik ezin dugulako.

 4. Ikastetxean lantzeko erronkak.

Lan egiten ari gara guztiok indarkeria sinbolikoa ikustarazteko. Lan geldoa da, baina ezinbestekoa. Geuk ikastetxean erronka gutxi batzuk planteatzeko asmoa daukagu, ikasturte bakoitzean fokoa lauzpabost helburutan jartzeko, eta klaustroa eta elkarbizitza-behatokiaren inplikazioarekin aurrera ateratzeko.

Beldur Barik proiektu pilotoaren laguntzaz, hamabost irakaslek dagoeneko zortzi orduko formakuntza jaso dugu. Datorren hiruhilabetean beste bost bat orduko saioak izango ditugu unitate didaktikoak aztertzeko, azken hiruhilabetean, tutoretza gidatuetan txertatzeko.

Oraindik ez dugu zehaztu zer atal landuko dugun, ezta zer mailatan ere, baina helburu nagusia izango da “Beldur Barik” jarrera zabaltzea ikasle eta irakasleen artean, aktiboki esku hartzeko ikastetxean ematen diren genero bidegabekeria guztietan.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina