Aste honetako irakurgaian ikusi
dugun gisan, emakumeon aurkako indarkeriari dagozkion datuak alarma pizteko
modukoak dira. Zer pentsatua ematen du jendartean indarkeriaz aho handiz hitz
egiten dugun honetan, oraindik gazteen artean estereotipo sexistak nola
garatzen diren ikusteak.
Indarkeriaz dugun imaginario
soziala oso murritza eta estereotipatua dugu. Kosta egiten zaigu gure gazteen
harremanetan indarkeria ematen dela irudikatzea eta onartzea. Gazteei eskatuz
gero indarkeria nork jasaten duen eta nork eragiten duen marrazteko, pertsona
adinekoak, pobreak, baliabide gutxikoak eta oso estereotipatuak irudikatzen
dituzte.
“Indarkeria gertatzen da, baina
urruti, ez hemen bertan” pertzepzioa nagusitzen da jendarte guztietan. Gertu
pasatzen denean harridura handia eragiten du. Kosta egiten zaigu onartzea hau
guztia hemen bertan gertatzen dela, errealitatea ezikusi besterik ez dugu
egiten, baina ondorioz ez ditugu behar diren neurriak hartzen.
Niretzako genero indarkeria,
sistema patriarkala sostengatzeko tresna bat da. Horregatik, indarkeria
sexistaz hitz egiten dugunean, iruditzen zait ezinbestean kokatu behar dugula
sistema oso baten baitan, patriarkatuaren barnean, hain zuzen ere.
Euskal feminismoak gaiaren
inguruan egiten duen interpretazioaren arabera, egungo sistema kapitalistan
botere harremanak, klase, genero eta nazio-kultura terminoetan ezartzen direla
ulertzen du. Patriarkatua, sexuen arteko botere harreman sozialen sistema gisa
ulertuta, ezin da aztertu gainerako botere harremanetatik bereizita.
Patriarkatua esplotazio ekonomiko, zapalkuntza politiko eta menperatze
ideologikoa eragiteko modu bat dela ulertzen da.
Emakumeak gara indarkeriaren jo
puntu nagusia eta emakumeen erailketak nahiz bortxaketak jendartean hedaturik
daudela esan daiteke. Hala ere, adibide hauek izebergaren punta besterik ez
dira, alegia, ikusgarrien diren eta indarkeria sexista bezala onartzen diren
eraso motak, indarkeria zuzena. Indarkeri fisikoa edo sexuala eman dadin
ezinbestekoak dira aurretik eta estrukturalki ematen diren izaera eta maila
bateko erasoak. Erasook oso sotilak izan arren, gure osotasunaren aurka doaz,
eta horregatik, eguneroko eraso hauetan erreparatzea da gure buruak
errespetatuak izateko bidean lehenengo pausua.
Indarkeria zuzena izebergaren
punta direla ulertzeko “hiruki zoroa” deritzona erabiltzen da askotan,
indarkeria bere osotasunean ulertzeko aukera ematen digu. Triangelu honen
tontorrean, indarkeria zuzena egongo litzateke, baina oinarrietan indarkeria estrukturala
eta sinbolikoa dago, egoera hau ahalbidetzen dutenak.
Indarkeria sinbolikoa beste
indarkeria guztiak ahalbidetzen dituen indarkeria da, dominazio eta botere
harremanak naturalizatzen baititu. Indarkeria ikusezina ere deitzen zaio,
boteredun subjektuek dominatuei mundua ikusteko era, gizarte rolak, kategoria
kognitiboak eta estruktura mentalak inposatzen dizkiete. Beraz, indarkeria
zuzena eman ahal izateko estruktura oso bat dagoela ikustarazten da “hiruki
zoro” honen bitartez, bi indarkeria mota hauen gurutzaketak ahalbidetzen du
gure sistemaren estruktura horrelako izatea eta horrela mantentzea, eta, era
berean, hau onartzea. Indarkeria zuzena, indarkeria sexistaren azaleratzea da.
Zentzu honetan, indarkeriaren
adierazpen mota ezberdinak bereiz ditzakegu, hala nola, fisikoa, psikologikoa,
sexuala, ekonomikoa, soziala, afektiboa, etab. Tratu txarrak,
eremu eta intentsitate desberdinetan ematen dira. Denok jasaten ditugu erasoak
gure egunerokotasunean, matxismoaren azaleratze txikien artean bizi gara,
“mikromatxismoak”. Ikusi dugu indarkeria mila eratara eman daitekeela eta
edozein eremutan bikotean, familian, lagun harremanetan, eskolan, e.a.
Hau guztia nola landu ikastetxean?
Indarkeria sexistaren prebentzioa
eginez.Genero estereotipoetatik haratago, pertsona batzuk bortizkeria eragitera
bultzatzen, eta besteak bortizkeria jasateko prestatzen dituzten mekanismoak aztertuz.
Alegia, egiturazko bortizkeria ez
da amaituko, pertsona eta harreman askeak oinarri dituen jendartea osatu arte.
Jendarte eraldaketa hau emateko parekidetasuna eta heziketa afektibo sexualari
eutsi behar zaiola iruditzen zait. Honekin lotuta, tratu onak indarkeriaren
prebentzio gisa kokatuz.
Lan tresna asko ditugu: Euskal
Herriko mugimendu feministaren lanketa autodefentsa feministaz, Beldur Barik,
ikastetxeetako hezkidetza egitasmoak…
Eraso
sexistei aurre egitearen zilegitasunaz Hamaika Telebistako Ertzak saioan:
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina