2015/12/19

ERREPRESENTAZIOA eta DENBORAREN ERABILERAREN INGURUAN HAUSNARTZEN






Errepresentazioa eta denboraren erabilera ditugu hizpide. Oso eremu zabaleko kontzeptuak direnez, hezitzaileon egunerokotasunean erabat presente diren gaiak dira hain zuzen ere.










Urbanismoa historiaren materialtasuna da. Aipatzen ez dena ez da existitzen, ez da errekonozitzen. Leku bat izendatzea, monumentu bat diseinatzea edo oroitzapenezko plaka batekin seinaleztatzea oroimen sozialaren parte da, jendartean garrantzitsutzat jotzen duguna ahanzturatik berreskuratzea baita.








Hiri-, herri-, espazioen konfigurazioa, “oso gutxitan pentsatzen dugu pentsamolde baten ondorioa denik, baina hala da". "Hiria sexista da ekoizpen-ugalketa binomioaren arabera diseinatu den heinean. Ekoizpenak, alegia, ekonomiarekin zerikusia daukanak, etxetik kanpo egon behar du, eta ugalketak (hots, familia zaintzeak), berriz, etxe barruan baino ez. Hori gezurra da ordea". Gezur horren ondorioz, ugalketarekin zerikusia daukan oro ez dago hiriaren ariman txertatuta.





Jendarteratzeko prozesuan hezkuntzak duen erronkarik nagusietariko bat ikasle guztientzako berdintasunezko espazioak definitzea da, horrela bakoitza protagonista sentituz hazi eta hezteko aukerak sustatuko baitira. Ikusi dugu jada, itxuran soilik berdinkidea den hezkuntza-sisteman, hau ez dela berez suertatuko. Izan ere, esku hartze hezkidetzaile kontzienterik definitu ezean, sexismoaren zikloa etengabe erreproduzitzen baita. 




Ikastetxe gehienetako patioak mutilenak dira, baloia eta porteriak nagusitzen dira espazioaren kudeaketan eta neskak hitz egiten jarduten dira patioaren ingurumarietan. Gure ikastetxeko patioa ere horrela diseinatuta  zegoen; “mutilenak ziren kirolak” jokatzeko eta futbol eta saskibaloi zelaiak okupatzen zituztenak patioaren jabeak ziren, erdigunean baitzeuden, baina honetan ere adinak zerikusia zuen, mutil nagusienak izanik lekua hartzen zutenak. Hala eta guztiz ere, neskek ez zuten bereziki adierazten espazio gehiagoren beharra; izan ere ondo barneratuta zeukaten beraientzako esparruak beste batzuk zirela, aipatu bezala, hitz egiteko elkartu zitezkeenak hain zuzen.






Garbi dago espazio fisikoak harremanak baldintzatzen dituela eta sexuaren araberako botere harremanak zein pribilegioak finkatzen dituela, baita adin eta aniztasun funtzionalaren araberakoak ere. 







Hau guztia kontutan hartuta gure ikastetxean, Lehen Hezkuntzako jolastorduen antolaketa berri bat planteatu genuen iazko ikasturtean, 2014-15ean hain zuzen ere. Gure Ikastetxea lerro bakarrekoa da eta hauxe da sortu genuen jolastorduen plangintza hezkidetzaile berria:


AMAÑA HERRI IKASTETXEKO JOLASTORDUEN ANTOLAKETA HEZKIDETZAILEA

JOLAS-GUNEAK  LEHEN HEZKUNTZAN















ASTEARTE ETA OSTEGUNETAKO PATIOAREN ANTOLAKETA ETA ARAUAK:
-ASTEARTE eta OSTEGUNETAN EZIN DA PATIORA BALOIRIK JEITSI.
  MATERIALA IRAKASLEEK ATERAKO DUTE.

-EURIA EGITEN DUEN EGUNETAN EZ DA BALOIRIK ATERAKO.


ASTEARTE ETA OSTEGUNETAKO PATIOAREN ANTOLAKETA

    Aurreko taulan, adibide gisa, iraileko egunak bakarrik ageri dira, baina ikasturte osokoa dago antolatuta eta bai gela guztietan eta baita jolastokiko ateetan ere dagokion orritxoa jartzen da umeen zein irakasleen begi-bistan. 
         Esan beharra dago, hasiera batean, 1. taulanan agertzen den plangintza bakarrik sortu genuela. Ikus daitekeen bezala, zikloka banatzen dira jolas-guneak eta, hauek, errotatzen doaz hiru egunetan. Jolasak tutore bakoitzak bere ikasleekin adostutakoak dira eta hauek bakarrik buru ahal dira gune eta egun bakoitzean.
         Esan beharra dago, hasiera batean, batez ere 4. mailatik gorako ikasleek, neska zein mutilek, ez zutela bat ere ongi hartu antolaketa berri  hau eta protesta ugari egon zirela. Honela guraso batzuk ere zuzendaritzara hurbildu ziren umeen protestak helaraztera, mutilek ezin zutelako nahi beste futbolean ibili eta neskek ezin zirelako nahi beste hitz egiten egon. Ikasleei azaldutako arrazoiak eta azalpenak eman behar izan genizkien baina oso ongi jaso zituzten eta guztion artean martxa egoki bat sortzen hasi ginen;  hasiera batean egoera behartu bat bazen ere, ikasle zein guraso eta irakasleak ere geroz eta gusturago sentitzen hasi ginen. Ikasleen arteko haserreak ere dexente murriztu ziren.
    Denborarekin astearte eta ostegunen antolaketa bat sortzeko beharra izan genuen, bi egun horietan hasierako egoerara jotzen baitzuten ikasleek (patioaren erdigunean mutilak futbolean, bazterrean neskak eta haserreak erdigunearen jabe egin nahi zuten ikasleen artean, beti ere, liskarren atzetik nagusienak garaile ateratzen zirelarik).


 
















"Berdintasunaren aldeko jarrerak, lehenik eta behin, gure mundu hau antolatzeko bestelako era bat proposatzen du, banakoen garapen indibidualaren gainetik, gizarte guztiaren aurrerapenaren alde egiten duena. Berdintasunaren bidetik, emakumeek nahiz gizonek beren gaitasuna erabat garatzeko modua izango dute eta erabakiak genero-rolen eta estereotipoen inongo eraginik gabe hartzeko; berdintasunak aukera ematen digu den-denoi buruaski izateko bai gurekiko bai gizartearekiko, eta norbera eta albokoa zaintzeko lana denen artean banatzen laguntzen du, gutako bakoitzak erantzukizuna hartuz, jakina, baina baita erakunde eta enpresen inplikazioarekin ere.”



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina