2015/12/19


ERREPRESENTAZIOA ETA DENBORAREN ERABILERAREN INGURUAN HAUSNARTZEN

Gure herri eta hirietan emakume-izena duten kaleak %10 baino gutxiago dira, eta horietatik gehienek santa edo ama birjina baten izena hartzen dute. Emakumeek hirian duten presentzia sinbolikoa areagotu egin behar da. Horretarako, kaleen izenak, plazenak, parkeenak eta eraikin esanguratsuenak erabiltzeaz gain,  espazio publikoan ageri diren ikonoetan emakumeen presentzia areagotu behar da. Hiriko Kolektiboaren ustez, emakumeek espazio publikoan dagokien tokia sortzen eta euren buruak aintzat hartzeko erreferentziak topatzen lagunduko du horrek.

Zaida Fernándezek esaten duen bezala, aipatzen ez dena ez da existitzen, ez da errekonozitzen. Leku bat izendatzea, monumentu bat diseinatzea edo oroitzapeneko plaka batekin seinaleztatzea oroimen sozialaren parte da, jendartean garrantzitsutzat jotzen duguna ahanzturatik berreskuratzea baita.


Hezkuntza-eremuan 2014.urtean Hezkuntza sailak Hezkidetza planaren barneko ekimenen artean patioak berrantolatzea proposatu zuen. Izan ere, espazio fisikoak harremanak baldintzatzen ditu eta sexuaren araberako botere harremanak zein pribilegioak finkatzen ditu, baita adin eta aniztasun funtzionalaren araberakoak ere.

Patioa berrantolatzeko proposamenak hauexek dira: baloiari eta pilotei erdiguneko erabilera kendu, egunak eta jarduerak finkatu, bestelako jolasak sustatu, patioak birdiseinatu…

Nire ustez, patioen erabilera birplanteatu behar da. Aldatu behar da, hobeto esanda. Ikastetxe guztietan dagoen arazo bat da. Baina, kontua da irakasle guztiek ez dutela inongo arazorik atzematen dagoen moduan jarraitzeko. Baloiak erdigunetik kentzeko patioa beste era batean pintatzearekin nahiko izango litzateke. Baina, ez da egiten eta, are okerrago, ikastetxeak berritzen direnean (Usandizaga-Peñaflorida, adibidez) betiko diseinuarekin jarraitzen da.




Uste dut aldaketak egiteko arazoak sortzen direla irakasleen eta gurasoen partetik. Horregatik, oso egokia iruditzen zait Mari Jose Urruzola Hezkidetza Aholkulariak eta Bizkaiko Hezkidetza Mintegiek argituriko “Eskola hezkidetzailearen azterketa eta ebaluaziorako jarraibideak” liburuan proposatzen dituzten 2 galdetegiak (lekuaren erabilera eta denboraren erabilera) betearaztea irakasle guztioi eta ikasleei guztioi (etxean egitekoa, gurasoekin batera). Eskolako lekuaren eta denboraren erabileraz hausnartu behar da eta abiapuntu bikaina izan daitezke galdetegi horiek: desberdinkeriak detektatzeko, kontziente egiteko eta aldaketarako bideak irekitzeko.

 



Teknologia berriei esker sistema patriarkala zalantzan jartzen duten ahots anitzera iristeko eta norberarena hedatzeko aukerak zabaldu dira. Baina, bestaldetik, genero kontuetan gauzak berdin errepikatzeko arriskua dago.





Hau guztia ikastetxean lantzeko erronkak:
-          Kontziente izatea irakasle/ikasle/guraso guztiok lekuaren eta denboraren erabilera ez dela neutro.
-          Ulertzea aldaketak egitea onuragarria dela guztiontzat.
-          Irakasleok ikus-entzunezko ekoizpenak eta literarioak aukeratzean kontuan izatea eredu berdinkideagoak, anitzagoak erakusten dituztela.
-          Gurasoei eta ikasleei formazioa eskaini kontsumitzen dituzten entretenimendu bisual desberdinetan sexu-genero estereotipoak ikusaraztea.

     






iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina