2015/12/19

ERREPRESENTAZIOA ETA DENBORAREN INGURUAN HAUSNARTZEN

Errepresentazioari buruz hitz egiten dugunean emakumearen presentzia eta protagonista izateko ze aukerak dituen esan nahi dugu .

Argi dago gaur egungo gizartean espazio fisikoaz aparte hainbat eremu desberdin ere baditugula emakumearen presentzia eta protagonismoa bermatzeko. Hala ere nahiz eta espazioak anitzak izan, oraindik mugak aurkitzen ditugu guztientzako berdintasunezko eremuak definitzeko.

Espazio fisikoetan, esate baterako, kale, monumentu edo bestelako eraikuntzetan oraindik gizonekin erlazionatuta dauden errepresentazio sinboliko gehiago daude. Egoera horrek, nahiz eta tontakeri bat dirudi, sekulako eragina izaten du gure identitatearen garapenean. Izan ere, emakume arrunten edo nabarmendu direnen erreferenterik ez izateak eremu publikoa eta pribatuaren arteko banaketa sexuduna ekartzen du.

Zaida Fernández dioen bezala: "Urbanismoa historiaren materialtasuna da. Aipatzen ez dena ez da existitzen, ez da errekonozitzen. Leku bat izendatzea, monumentu bat diseinatzea edo oroitzapenezko plaka batekin seinaleztatzea oroimen sozialaren parte da, jendartean garrantzitsutzat jotzen duguna ahanzturatik berreskuratzea baita.”

Enfokea eskolan jartzen badugu konturatuko gara oraindik ere berdintasunezko espazioak diseinatzeko hainbat pausu eman behar ditugula.

Adibide argi bat, gaurko patioaren diseinua da. Mutilak (eta nagusiak direnak batez ere) patioko espazio gehiena okupatzen dutenak dira, baita hobeto kokatuta dagoen espazioa aukeratzen dutenak ere, erdialdea hain justu. Izan ere, futbola izaten da eskolako patio guztien ekintza garrantzitsuena eta hobeto baloratuena. Hori dela eta ikasle gehienek normaltzat hartzen dute neskak eta futbolzaleak ez diren bestelako mutilak bazterretan egotea.

Honek arazo larria ekartzen du, espazioa berdintasunean diseinatuta ez egoteaz gain ikasleak naturaltasunez bizi izaten dutelako haien egoera. Arazoa larriagoa bihurtzen da naturaltasun hori irakasleen iritzietatik etortzen denean.

Beraz, eskolako erronka handienetariko bat hauxe izan beharko luke: sentsibilizazioa lantzea, bai ikasleekin bai irakasleekin, baita eredu berriak ere eskaini.





Komunen erabileraren inguruan Amelia Barquinek egindako hausnarketa oso interesgarria ikusten dut. Nire ustez eskolak ez ezik familiak ere honen inguruko hausnarketan sakontzen hasi beharko lirateke. Agian aldaketak oraindik ikustea zaila izango da, baina eztabaida sortzea behintzat aurrera pausu handi bat izan daiteke. 

Espazio birtualak dira azken urteotan hazi egin den eremu garrantzitsuena. Izan ere, gaur egun espazio fisikoarekin konparatuz gure harreman sozialen ehuneko gehienak birtual moduan egiten ditugu. Erabilera oso hedaturik dago baita gazteen artean ere. Hori dela eta ikastetxeek arreta berezia jarri beharko lukete esango nuke.

Kasu honetan, patioan azaldu dugun bezala sentsibilizazio prozesu bat ezinbestekoa da. Nola erabiltzen ditugun sare-sozialak? Ze ondorioak dituzte erabilera horiek? Horretarako Ianire Estébanezen hitzalditik ateratako ideiak kontuan hartuko nituzke.


Beste aldetik sare-sozialen posibilitateak ere aurkeztuko nituzke, eredu berriak ikustaraziz (eskerrik asko egin duzuen biltegiagatik) eta horietan partaidetza aktiboa bultzatuz eredu eta mezu berriak sortzeko-zabaltzeko.



Bestelako eremuak, komunikabideena eta literaturarenak dira. Argi dago gure ikasleek ikusten dituzten filmak, telesailak,... edo irakurtzen dituzten liburuak sekulako eragina izaten dutela  haien identitatea garatzeko, baita haien harremanak aukeratzeko ere . Eskolak duen papera ezinbestekoa da, gizarteak ez baititu honetarako tresnak eskaintzen.

Ikasleak kritikoak bihurtzea ezinbestekoa da eta horretarako tresnak eskaini behar dizkiegu. Alde batetik kontsumitzen dituztena zalantzetan jartzeko, mezuak deseraikitzeko eta beste aldetik eredu berdinkideagoak eta anitzagoak identifikatzeko, horien alde eginez.

Denbora beste atal batean garatuko dugu. Hala ere horren alde lan egiteko hemen uzten dizkizuet hurrengo errekurtsoak.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina