2015/12/13

Hizkuntzaren erabilera ez sexistaren inguruan hausnartzen





Hizkuntza, giza talde batek elkarrekin komunikatzeko duen hitzezko adierazpidea da hiztegiaren arabera. Komunikazio horren bitartez, balioak transmititzen ditugu eta errealitatea izendatzen eta interpretatzen ikasten dugu.

Hizkuntza sexistaz hitz egiten dugunean, genero estereotipoak eta misoginia transmititzen dituen hizkuntza batetaz ari gara. Baina gaur egun zabalduen dagoen iritziaren arabera, hizkuntza ez da sexista dena, erabilera baizik.

Euskararen kasuan, genero gramatikalik ez duela eta, askok sexista ez den hizkuntza bat dela diote, baina beste modu batzuetan agertzen da genero bereizketa, (giza-, anai-, ema-, -gizon, -eme, -andre).

Hitzei ematen zaien esanahian ere nabari da sexismoa. Hemen adibide batzuk:

  • maistra: iz. Lehen irakaskuntzako irakasle emakumezkoa. ik. errientsa, andereño.
  • maisu: iz. Zenbait egitekotan, gidari edo arduradun gisa ageri den pertsona. Itsasontziko maisu gaztea. || Lehen irakaskuntzako irakasle gizonezkoa. ik. irakasle, errient. Irakaslea: gidaria. Ikaslea ez da maisua baino gehiago. || Eskuzko lanbideetan, buruzagi gisa aritu eta ikasleei irakasten diena. Langile maisua. (Idazleei eta artistei buruz). Guk Orixe izan genuen prosa maisua.

Teorian bi hitzek definizio bera izango lukete, pertsona bakoitzaren sexuaren arabera hitza aldatuz; baina horretaz aparte, maistra irakasle edo andereño moduan ikusten den bitartean, maisua arduradun gisa ere agertzen da, buruzagi bat bezala, emakumea eta gizona maila desberdinean kokatuz.

Euskararen zama sexista %5 da, ingelesarena %15, frantsesarena %40 eta gaztelaniarena %80, Álvaro García Meseguerren arabera. Meseguerrek sexu-zama kuantifikatzeko kontuan hartzen dituen faktoreak hurrengo hauek dira: genero gramatikalaren eta sexuen arteko erlazioa (el chico/la chica); maskulinoaren erabilpena genero komunaren balioaz (droits de l´homme, postman); aditzaren eta izenordeen sexualizazioa (míralo, escúchala; he/she) eta erro maskulinotik hitz komunak (humanidad, mankind).


Hau guztia ikastetxean/jendartean lantzeko erronka nagusiak hauek lirateke:

  1. Hizkuntza sexistaren erabilera ekidin, irakasleek azterketa sakon bat eginez (beraien buruekiko eta ikasleekiko).
  2. Hizkuntza hezkidetzailea, ez sexista eta inklusiboa sustatu eta erabili bai ikastetxean, baita egunerokotasunean ere: etxean, kalean…
  3. Ikasleei helarazten zaizkien materialak berrikusi eta berriak egiterakoan arreta jarri, hizkuntza sexista ez erabiltzeko.

Egin dezakegun gauzarik hoberena, ikasleentzako eredu on bat izatea da, guk beraiei eskatzen diegun konpromiso eta aldaketa hori guk ere betetzea, alegia. Ibon Sarasolak honako bideo honetan dioen bezala, “Gizartea aldatzen den neurrian, hizkuntza aldatzen da”.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina