2016/01/14

PARTAIDETZAZ HAUSNARTZEN



Aste honetan ikusi dugun gisan, partaidetza tresna boteretsua da. Gaitasun berriak garatzeko, zein marko teorikoak (pentsatzen duguna) praktikoarekin (egiten duguna) bat egin dezan. Parte-hartzeari lotutako balioak ia erabat positiboak direnez, inplikatzeko arrazoiak ere garrantzitsuak dira. Parte hartzea konpromiso era bat da, pertsonala zein kolektiboa (hurbileko taldearekiko eta gizartearekiko bere osotasunean). Erantzukizunak eta eskubideak dakartza.

Dimentsio pertsonalak garrantzi nabarmena du parte-hartzean, beronen eragin positiboa arlo pertsonalean parte hartzeko pizgarri bat delarik. Irakurgaian egindako parte hartze sozialaren aipamena asko gustatu zait, lan kolektiboaren pisua eta indarra.

Halere, parte hartzeko modu guztiak ez dira baliagarriak. Eremu honetan ere betaurreko moreak jantzi eta genero ikuspegia txertatzea ezinbestekoa dugu.Ikusi dugun gisan, parte hartzeak eraldatzailea, hezitzailea, berdintasuna sustatuko duena, sortzailea… izan behar du.

Aste honetako gertaera datorkit burura, kongresuan inoiz baino emakume gehiagok parte hartuko dutela entzun dugu komunikabide ezberdinetan. Zoriontzekoa beraz egoera, badirudi emakumeen presentzia eremu ezberdinetan handitzen doala. Baina ezin ditugu ahaztu irakurgaian ikusitako hiru dimentsioak. NOLA parte hartu? Oraindik oztopo asko ditugu. Askotan neskek izan ditzaketen komunikazio erak ez dira baloratzen edota erabiltzen, nesken interesekoa izan daitezkeen gaiak edo ikuspegiak ez dira kontuan hartzen edo bigarren mailakoak izaten dira, askotan erabakiak hartzen dira neskak ez dauden bestelako foroetan. 

 

Emakumeen partaidetza sozio politikoaz bideotxoa




Oztopo guzti hauetaz jabetzea garrantzitsua iruditzen zait. Zeren oztopo guzti hauek emakumeoi esfortzu bikoitza suposatzen digu eremu ezberdinetan parte hartzerakoan. Beraz bideak erraztu behar ditugu eta zentzu horretan, lagungarri da jabetzea, emakume izate hutsarekin pairatzen ditugula hainbat egoera. Horrela, maila pertsonalean kokatu beharrean, maila kolektiboan kokatuz. Adibidez: batzar batean bagaude, emakumeak bere hitza eta tokia izan dezan bere parte hartzea ziurtatzeko beste emakume baten parte hartzeak ere erraztu dezake partaidetza.

Parte hartzeko moduak, formak aldatu behar ditugu. Emakumeok ere hitza eta erabakia izan dezagun, modu horretan harreman justu eta parekideagoak eraikitze bidean.


 
 

Ikasturte honetako anekdota bat kontatuko dizuet. Ohartuta nengoen, DBH3ko neska talde bat jolas garaian beti komunetan bilduta egoten zirela. Beraiengana hurbildu eta komunetan zergatik egoten ziren hitz egiten hasi ginen. Neskek zioten, gune intimoa zela beraientzat, goxo eta beraiek bakarrik egoteko espazioa. Ondorioz ezberdinak ateratzeko lagungarri izan zitzaidan beraiekin izandako elkarrizketa. Jolastokia horren handia izanda, neskek jolastokian beren parte hartzeko aukera izatea bultzatzen da? Beraien beharra elkarrekin berriketan goxo egotea izanik, espaziorik badago ikastetxe guztian? Beste behin futbolari, eta oro har kirolari ematen zaio espazio handiena, periferiaren erdian kokatuz eta neskak beren beharrak asetzeko txoko batean edo komunetan daude bilduta. Jolastokian ze parte hartze hari gara sustatzen? Espazioaren antolaketak asko baldintzatzen dituelakoan nago gure gazteak.

Orokorrean iruditzen zait, gure ikastetxeetan gaztetxoei eremu ezberdinetan parte hartzen utzi beharko geniekeela, erabakiak hartzen, erantzukizuna izaten. Izateak egiten gaitu bisible, erreferenteak sortuz.
Hezkuntza komunitatea trinkotzeko, proiektu ezberdinetan partaidetza eta parte hartzea sustatzea ezinbestekoa da.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina