2016/01/17

PARTAIDETZA PAREKIDEAREN INGURUKO HAUSNARKETA


1. Laburpena eta balorazio pertsonala:

Parte Hartuz elkartearen partaidetzaren definizioarekin bat gatoz: etorkizunari begira pertsonen komunitate bat antolatzeko eta mobilizatzeko prozesua, eragile eta subjektu-funtzioa hartzen laguntzen duena.
Hala ere, guretzat partaidetza parekidea zuzenean dago lotuta botere harremanekin, norberaren garapenarekin, eta genero ikuspegiarekin.  Horregatik uste dugu patriarkatuarekin amaitzeko  ezinbestekoa dugula emakumeon partaidetza lortzea eta bultzatzea.

Aste honetako irakurgaian azpimarratzen den bezala, eraldatzailea delako, kontzientziak astinduz, bidegabekariazko egoerak aldatu nahi direlako; hezitzailea delako, pertsonen gaitasunak eta ahalmenak garatzen dituelako; eta berdintasuna sustatzen du, pertsonak parekatzen laguntzen duelako.

Beraz, tresna erabilgarria izan daiteke jendartea aldatzen joateko. Hala ere, badira zailtasunak gainditu behar direnak, momentu honetan parte hartze hori parekidea ez den kolektiboetan, eta lehenengo eta behin emakumeon borroketan. Haien artean, azpimarratuko genituzke emakumeen eredu falta esparru publikoan, boterea oraindik zerbait “maskulinotzat” hartzen jarraitzea eta kolektibo bateko partaidea izateagatik (emakumea izateagatik) kontuan hartua ez izatea.

Paradigma aldaketarako baldintza ugari daude, elkarbizitza ezaugarri positiboetan eraikitzetik, antolamendu horizontalera (sare-lana), beste lidergo mota bat sortuz (lehiakortasunetik ihesiz).

Ondorioz, jendartearen desorekak gainditzeko, eta guztion ahotsak entzuteko emakumeon partaidetza aktiboa bermatu behar da.


2. Gaiaren inguruko ikerketa edo proposamen baten aipamena:

Alde batetik, interesgarria iruditu zaigu hezkuntza hezitzaileak garen neurrian, "Partaidetza: gurekin bada, izango da" proiektua, hezkuntzaren ikuspegitik diseinatutako hainbat tresna eskaintzen dituelako.



Bestaldetik, Equipo Claves (1994)taldearen ekarpena parte hartzeko baldintzak zehazterakoan oso argia eta didaktikoa  deritzogu, azken finean, hiru jarduera horietan oinarrituta, partaidetza aktibatu egingo genukeelako: parte hartzen jakitea, parte hartu ahal izatea eta parte hartu nahi izatea.. 


3. Partaidetzaren inguruan jasotakoa:

Gure lan eremuan partaidetza nahiko parekidea dela baiezta dezakegun arren, agian irizpide kualitatiboetatik aztertuta, oraindik emakumeok hezkuntzan beldur gara, oraindik ziurtasun-gabezia eta presioa sentitzen ditugu, iritzia, kritika, hausnarketa eta erabakiak modu publiko batean egiterakoan.

Kuantitatiboki, berriz, gure partaidetza kasu gehienetan batez bestekoa baino handiagoa izaten da. Eta ordezkaritza guneetan (zuzendari karguetan ere bai) gero eta gehiago gara.
Aste honetan teorian irakurri dugunarekin lotuz, gure ikastetxean, eta ingurukoetan ere bai, emakumeok botere esparru horietan egonda, orain arte gutxienez, ez dugu emakumeon ikuspegitik diseinatutako lidergoa eta kudeaketa  berezkoa sortu. Aurretik gizonezkoek egindakoaren “jarraipen” bat izan da kasu gehienetan.


Arrazoiak, beste batzuen artean, kargu horien lan baldintza eskasak alde batetik (batez ere, denboraren kudeaketari dagokionean), eta bestalde, hezkuntza erakundeetatik hezkidetza-garapenerako  baliabide gutxi eskaini izana ere bai.

Ikasleekin badago parekidetasunerako joera orokor bat, hezkidetza-lanak lortutakoaren ondorioa. Baina, esplizitoki ez bada gogoratzen, edota hezkidetza taldekook ez badugu etengabe agertzen, partaidetza-parekidetasunaren irizpide hori batzuetan ahaztu egiten da. Eta horrek esan nahi du, ez dagoela guztiz barneratuta eskola komunitate osoaren aldetik.


 4. Hau guztia ikastetxean/jendartean lantzeko erronkak:

 Ikastetxeetan, partaidetza parekidea den kasuetan, kualitatiboki emakumezkoen ereduak sortzea iruditzen zaigu hurrengo erronka. Hau da, gure interesen eta gustuen araberako botere eremu bihurtu zuzendari, ikasketaburu, idazkari, mintegiburu ... karguak.
Ikasleen kasuan berdin, aukera eman behar zaie, lortuta duten ordezkaritza maila betaurreko moreekin janzteko, eta neskek proposamenak berezkoak egiteko, bai kolektibo baten izenean, bai era partikularrean.

Partaidetza kultura eskasagoa duten eskola partaideen artean, aukerak eta laguntza egoerak sortu beharko ditugu, orain arte bezala.

Geure ikastetxeko nortasuna jasoko duten dokumentuak parekidetasunaren irizpidearekin idatzi. Gure kasuan aurten hasi gara era formal batean “Hezkuntza Proiektua” idazten eta hortxe gure beste erronka bat: hezkidetza eta genero ikuspegia bertan txertatuta geratzea.


ETBko "Berandu baino lehen" saioan Fermin Etxegoien kazetariak sakoneko elkarrizketa pertsonala egin dio Onintza Enbeitari.




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina